astekaria 2016/10/21
arrowItzuli

gizartea

Aurrerapena eta erronka berriak

Garikoitz Goikoetxea

Aurrerapena eta erronka berriak

Aurrerapausoa, eta euskaldunen tipologia berriak hartzen ari diren pisua. Argazki hori utzi du inkesta soziolinguistikoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Euskararen ezagutza aurrera doa etenik gabe, eta gazteen kasuan gehiengo zabala da bere burua euskalduntzat jotzen duena. Aurrerabidea gazteen eskutik dator. Kontua da zer baldintzatan ikasi duten euskara: gehienek ez dute etxean jaso, baizik eta eskolan. Hiru herrialdeak hartuta, 16-24 urteko gazte euskaldunen %54k ez dute euskara etxean jaso umetan, baizik gero, bigarren hizkuntza gisa, eskolan. Hortaz, erraztasun handiagoa dute gaztelaniaz. Beste panorama bat zabaltzen du horrek. Erabilera helmuga delarik, etxeko datuetan aurrerapena agertu da, aurreko urteetan ez atzera ez aurrera egon ostean. Joera horri eustea da hurrengo urteetarako erronka.

Bost urtean behin egiten dute inkesta soziolinguistikoa Euskal Herri osoan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak jakinarazi zituzten atzo. Siadeco etxeak egin du azterketa aurten ere. Nafarroako zenbakiak aurki ematekoak dituzte, ia amaitua baitute datuen ustiatze lana. Atzeratuago ari dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan; urtarrilean dituzte datuak ematekoak. Horiekin, Euskal Herri osokoa egina egongo da.

Osotasun handiagoa izango du aurtengo inkestak, gainera. 25 urtean lehen aldiz, elkarrekin egin dute inkesta soziolinguistikoaren prozesu osoa Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak. Hain justu ere, atzo, nahiz eta soilik hiru herrialdeetako datuak eman zituzten, hiru erakundeetako hizkuntza politikaren arduradunek elkarrekin egin zuten agerraldia: Patxi Baztarrikak, Mikel Arregik eta Mathieu Bergek.

Ikerketa mardula da inkesta soziolinguistikoa, datu eta aldagai asko jasotzen dituena. Hona zenbaki horien azterketa laburtu bat.

EZAGUTZA

Gazteen ekarpena

Aurrerapausorik handiena ezagutzan egin du euskarak azken hamarkadetan: inoiz baino herritar gehiagok dakite euskaraz. Datua: hiru herrialdeak zenbatuta, 1991n baino 212.000 euskaldun gehiago daude. Komeni da, hala ere, herrialderik herrialde aztertzea egoera, oso desberdina baita. Gipuzkoan, langa gainditu dute euskaldunek: herritarren erdiak baino gehixeago dira. Bizkaian laurden bat pasatxo dira, eta Araban, ia bostetik bat. Herrialde horretako igoera da handiena: bikoiztu baino gehiago egin da euskaldunen portzentajea. Euskara hitz egin ez baina ulertzen dutenen kopurua ere nabarmen handitu da; euskaldun pasiboak dira.

Horrek esan nahi du gutxitzen ari dela erdaldun elebakarren zakua. Gipuzkoan hirutik bat dira euskara ulertu ere egiten ez dutenak; Bizkaian, erdiak pasa. Araban, gehiago: hiru herritarretik bi.

Euskaldunen kopuruaren hazkundea biziagotzen ari dela erakutsi du inkestak, gainera. Hiru herrialdeetako datuak uztartuta, 1,9 puntu handitu da euskaldunen portzentajea 2011tik. Atzeragoko datu bilketei begiratuz gero, ikusten da euskaldunen portzentajea gehiago igo dela 2006-2016 epean, 1996-2006 tartean baino.

Aldaketa hori nondik gertatu den aztertzeko, interesgarria da ezagutza datuak adin taldeka begiratzea. Hor dago benetako diferentzia: ia hirukoiztu egin da euskaraz dakiten gazteen portzentajea 25 urtean. Gipuzkoan kopuru handietara iristen ari da ezagutza: %83 baino gehiago dira euskaldunak 16-24 urterekin. Bizkaian %67 dira, eta Araban, %60. Kontuan izatekoa da, gainera, gazteen eragina mugatua dela datu orokorretan; batetik, inkestan ez dituztelako aintzat hartzen 16 urte baino gutxiagoko herritarrak, eta, bestetik, pisu demografiko txikia daukatelako adin talde gazteek, euskaldunenek. Hortaz, euskara biziberritzeko bidean badauka eragina jaiotza tasa txikiak.

Aldaketa demografikoen beste eragin bat ezagutzan. Iraultzen ari da botila: zaharren artean zeuden euskaldun gehienak orain hogei urte, eta gazte gutxiagoren hizkuntza zen. Orain, zaharrenak dira adin talderik erdaldunenak.

TRANSMISIOA ETA GAITASUNA

Euskaldun berrien balioa

Gazteen eskutik dator aurrerabidea batez ere, eta gazte horietako gehienek ez dute etxean ikasi euskara. %54 hiztun berriak dira, bigarren hizkuntza gisa ikasi dutenak euskara. Aldaketa handia gertatu da, orain arte etxean euskaldunduak baitziren euskal hiztun gehienak. Hona aldea, hiru herrialdeetako datuetan: 1991n, euskaldunen %80k euskara jaso zuten etxean; 2016an, %50 dira. Gazteen artean are nabarmenagoa da etxetik kanpo jaso dutela.

Lehen hizkuntza euskara ez izateak eragina du hiztun horien erraztasunean: normalean, lehen hizkuntzan izaten dute erraztasun handiena. Korrelazio hori nabari da inkestan ere. Hara: 16-34 urte bitarteko gazte euskaldunetatik, %54k esan dute etxetik kanpo jasoa dutela euskara; adin tarte horretan bertan, %56k aitortu dute erdaraz aiseago egiten dutela euskaraz baino. Berdintsu 25-34 urte artekoetan: %48k jaso zuten euskara bigarren hizkuntza gisa, eta %46 erdaraz aritzen dira errazago. Jakina, herrialdeka aldeak daude arlo horretan: Gipuzkoan gehiago dira euskaraz aiseago egiten duten euskaldunak —%36—, eta Araban, dezente gutxiago —%7 eskas—. Kontuan izatekoa da, bidenabar, euskara bigarren hizkuntza gisara jaso dutenetako asko bizi direla erdaldun elebakarrak euskaldunak baino gehiago diren lekuetan; beraz, egunerokoan euskaraz egiteko aukera txikia dute —eta erabilerak eragina dauka gaitasunean—.

Transmisioari dagokionez, aurrerapausoak agertu dira: bi gurasoak direnean euskaldunak, euskara transmititzen diete umeei ia beti (%96). Guraso bakarra denean euskal hiztuna, hamarretik sei haurrek jasotzen dute euskara. Bikote mistoak ugaritzen ari direla ikusita —bikotekide bat erdalduna eta bestea euskalduna—, hor lan egin beharko dela ohartarazi dute. Aurtengo inkestan sartu duten aldagai berri batek ekarri du argia, edonola ere: euskaldun berriak diren gurasoen jokaerak. Bi gurasoen lehen hizkuntza erdara izanda ere, %81ek euskara transmititzen diete seme-alabei etxean —gehienek euskara soilik—. Egoera aldatu egiten da gurasoetako bat euskaldun berria eta bikotekidea erdaldun elebakarra denean: familien erdiek transmititzen diete euskara umeei orduan.

ERABILERA

Joera aldaketa etxean?

Zenbaki itxaropentsuak erakutsi ditu inkesta soziolinguistikoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: gora egin du erabilerak, baita eremu nagusian ere, etxean. Bereziki da nabarmentzekoa etxeko erabileran agertutako datua, azken urte luzeetan ez aurrera ez atzera egon baita zenbakia, %17 jiran hiru herrialdeetan. %19ko datua agertu da aurtengo ikerketan. Albiste ona da, baina tentuz jokatzeko eskatu dute, hurrengo urteetako ikerketetan baieztatu beharko delako goranzko bide hori. Azaldu dute etxeko erabileraren oinarria bikotearen barruko hizkuntzan euskarak izandako igoera dagoela; hala ere, familia harreman guztietan igo da erabilera.

Euskararen erabilera trinkoa kontuan hartuta betiere —euskara beti edo erdara baino gehiago erabiltzen dutenak—, alde handia dago adin taldeka —gazteek erabiltzen dute euskara gehien— eta herrialdeka. Gipuzkoan, nabarmentzekoa da gazteen artean lortutako datua: 34 urtetik behera, erdiek baino gehiagok esan dute gehienetan euskaraz egiten dutela. Arabako igoera ere aintzat hartzekoa da: 16-24 urterekin, %15 aritzen dira euskaraz gehienetan; 2011n, %7k erantzun zuten hori.

Gune soziolinguistiko guztietan egin du gora erabilerak, laugarren gunean izan ezik —biztanleen %80 baino gehiago euskaldunak diren herriak—. 1991n baino ia hamar puntu txikiagoa da erabilera gune horretan, inkestak dioenez. Arnasguneei buruzko kezka nabaria da azken urteetan. Jende mugimenduekin lotu dute joera hori, herritar erdaldunak joan direla gune horietara; zehazki laugarren guneko euskaldunen erabilera bakarrik aztertuz gero, apalagoa da jaitsiera, bi puntukoa.

JARRERAK

Erdaldunak nola erakarri

Aldekotasuna lortzen ari da euskara gizartean. Hori dio inkesten kateak. Hiru herrialdeetan agertu dira herritar gehienak euskararen erabilera sustatzearen alde. Herrialdeka alde handiak daude, hala ere: Gipuzkoan %75 daude alde; Bizkaian, %62; eta Araban, %53. Aldagai bat da funtsezkoa: herritarrek euskara badakiten edo ez. Euskaldunen kasuan, ia erabatekoa da aldekotasuna —hamarretik bederatzi—. Euskaraz ulertzen dutenen kasuan, %63k eman dute aldeko ikuspegia, eta ulertu ere egiten ez dutenen artean, %50ek. Gero eta gutxiago dira aurkakoak, edonola ere. Erdaldunen atxikimendua handitzea jarri dute helburutzat, datuak ikusita.

Zenbakien aurrean zer-nolako mezua eman, bi aldeetara begira jarri da Baztarrika. Batetik, lortutako datuei balioa eman behar zaiela adierazi du, «arriskutsua» dela hori ez egitea. Bestetik, ordea, ohartarazi du egindakoak ez duela «estali edo lausotu» behar egiteko dagoen bidea. «Luzea da, eta konplexua, egiteko daukagun bidea». Aurrerapena handia izan da. Agertutako erronkak ere bai.

BERRIAn argitaratua (2016/10/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA