astekaria 2016/10/21
arrowItzuli

kirola

Kurdua naiz, eta harro nago

Imanol Magro Eizmendi

Kurdua naiz, eta harro nago

Zer egiten du Alemaniako 21 urtez azpiko selekzioarekin jokatzera iritsi zen aurrelari batek Turkiako 2. B Mailan? «Jendea zoriontsu egitera etorri nintzen. Kurdistango eta Kobaneko egoera lazgarria da, eta, halakoetan, futbola zorion iturri izan daiteke». Deniz Nakiren hitzak dira, iragan sasoikoak, Alemaniako futbol profesionala utzi eta Amedsport taldearekin sinatu zuenekoak. Amedspor Diyarbakirko taldea da, Turkiako Kurdistango hiriburukoa, eta elastikoan herrialdeko banderaren koloreak daramatza. Ikur hori debekatuta dago Turkian.

Naki ez zen isilik egoteko jaio, eta bere futbolari ibilbidean ez du inoiz ezkutatu bere konpromiso politikoa. Ez Alemanian, ez Turkian, eta are gutxiago Kurdistanen. Futbola bere iritzientzako bozgorailurik onena da, eta Turkiako Gobernuak hura isilarazi nahi du. Turkiako Fiskaltzak bost urtera arteko kartzela zigorra ezar diezaioke sare sozialetan zabalduriko zazpi mezutan, ustez, «propaganda terrorista» egin duelako, eta «gizarteko bi alderen artean gorrotoa zabaltzeagatik». Auzibidea hasteko zain dago.

Iazko urtarrilaren 4an, esaterako, Cizre hiriko argazki bat jarri zuen sare sozialetako batean, Turkiako armadak han 200 pertsona hil ondoren. Argazkia argitaratzearekin batera, salatu zuen hango herritarrek ezin dutela hiletarik ere egin etxeratze aginduaren ondorioz. Nakik ez du inoiz ezkutatu PKK Kurdistango Langileen Alderdiari dion atxikimendua, eta iazko irailaren 4an «esker ona» adierazi zien «Dersimgo heroiei». Hiri horretan borrokaldi gogorra egon zen aste hartan, eta aurrelariaren familia bertakoa da.

Nakiren bizitza ezin da ulertu Kurdistanen askatasunaren aldeko aldarria gabe. Gorputza tintaz josia du, eta gurasoekin, anai-arrebekin eta Che Guevararen aurpegiarekin batera, kurduerazko hitzak ditu tatuatuak. Ezkerreko besoan «Azari» irakur daiteke (Askatasuna); eta ezkerrekoan, «Dersim». «Berxwedan Jiyane» ere idatzia du (Irautea irabaztea da), Kobaneko borrokalariek erabiltzen duten leloetako bat. Kurduera debekatuta dago Turkian. Kurdistanen eginiko azken bi urte hauetan, Cizre eta Dersim bisitatu ditu besteak beste, eta gertutik ezagutu du gatazka.

Nakiren eta Adamsporren aldarriak, dena den, iragan sasoiko Kopan jo zuen goia. Adamsporrrek Bursaspor Lehen Mailako taldea kanporatu zuen final-zortzirenetan. Tentsio handiko partida izan zen, eta Nakiri falta gogorrak egin zizkioten Bursasporren jokalari batzuek. Aurrelaria ez zen isildu. «Garaipen hau eskaini nahi diet azken 50 egunetan gure lurrean jasan dugun jazarpenagatik bizitza galdu dutenei edo zaurituak izan direnei. Askatasuna».

Turkiako Futbol Federazioak hamabi partidako isuna ezarri zion eskaintzarengatik, eta ezin izan zuen jokatu Fenerbahceren —Turkiako talde handienetako bat— aurkako final-laurdenetako kanporaketa. Diyarbakirko partidan, zaleek Kurdistanen askatasunaren aldeko oihuak egin zituzten, eta Poliziak estadioa hustu zuen. Kanpoan gelditu, eta Polizia ur kanoiekin jazarri zitzaien. Kanporaketa Fenerbahcek pasatu zuen, Diyarbakirren hiruna egin eta gero Istanbulen 3-1 irabazita.

Azken bi urte hauek, baina, ez dira Nakik Turkian izan dituen arazo bakarrak. Ibilbidearen zati handiena Alemanian egin arren, 2014ko sasoia Gençlerbirliçi Ankarako taldean hasi zuen. Urte hartako azaroan, baina, hiru gizonezkok eraso egin zioten hiriburuan. Kalean aurkitu, eta jipoitu egin zuten, irain arrazisten artean. Zauri arinak izan zituen bakarrik, baina taldea utzi zuen, segurtasun arrazoiengatik.

Sankt Pauliren kutun

Naki Durenen jaio zen, Alemanian, jatorri kurduko familia batean. Gaztetatik nabarmendu zen futbolean, eta, Bayer Leverkuseneko harrobian hezia izan ondoren, Alemaniako 19, 20 eta 21 urtez azpiko selekzioekin jokatu zuen. Bere ibilbidea Lehen eta Bigarren Mailan egin du, eta urte onenak Sankt Paulin egin zituen. Hanburgoko taldea arrazakeria eta faxismoaren aurkako borrokaren ikur ezaguna da.

Sankt Pauliko zaleek asko maite dute aurrelaria. Bere garaian sonatua izan zen Hansa Rostocken zelaian irabazi ondoren aurkarien eskuin muturreko zaleen harmailaren aurrean taldearen bandera zelaian iltzatu zuenekoa. Lepoa moztuko zien keinua ere egin zuen haien aurrean.

Sankt Pauliko zaleen eta taldearen maitasunaren adierazgarri, iragan astean izandako elkartasun keinua, Turkiako Fiskaltzaren erabakia zabaldu ondoren. Lehen taldeko jokalari guztiek Naki abizena eta 23 zenbakia jarri zuten aktan, kide ohiak erabiltzen zuena. Taldeko bozgorailuetatik, jokalari guztiak Naki abizenarekin aurkeztu zituzten, eta ikusleek aho batez oihukatu zuten aldiro.

BERRIAn argitaratua (2016/10/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA