astekaria 2016/10/21
arrowItzuli

gizartea

JAVIER ETXEBERRIA EZPONDA

«Ugarituz joango dira aireko jauntxoen aurkako matxinadak»

Arantxa Iraola

«Ugarituz joango dira aireko jauntxoen aurkako matxinadak»

Dituen zuztar «multipleez» mintzatzea gustatzen zaio Javier Etxeberria Ezpondari (Iruñea, 1948). Narbarte (Nafarroa) aipatzea: «Nire aitak, bi anaiarekin batera, handik alde egin zuen Mexikora. Afrikako gerratik ihesi ari ziren». Mexiko: «Hantxe ikasi nuen hitz egiten. Nire hitz egiteko eran ukitu bat geratu zait». Donostia: «3 urte nituenetik 12 urtera arte han bizi izan nintzen». Ikasketetan ere, adar bi lotu zituen: batera ikasi zituen matematikak eta filosofia. Eta filosofo gisara, antzera: pluralismoaren alde usu egin du zientziaren balioen inguruko gogoetetan. Argitasun apartekoa erakutsi du urteotan teknologia berriek ekarritako ezagutza eredu berriek ?teknozientziek? eragin dituzten aldaketa sakonei buruzko hausnarketetan. Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien 2016ko Saria jasoko du gaur, 18:00etan, Donostian, Miramar jauregian. Pozik: «Euskal Herriko sei unibertsitateek eratutako epaimahai batek ematea; horixe da, batez ere, pozgarria». EHUrekin lotura estua du ?kargu garrantzitsuak izan zituen 1980ko hamarkadan, hastapenetan? , eta Ikerbasquen ari da gaur egun. Jakiundeko presidenteordea ere bada, eta arras kutuna du. Seguruenera, batzera egiten dutelako han ere: zientziak, artea eta letrak uztartzera.«Bikaina da».

Hamasei urte dira Los señores del aire (Aireko jauntxoak) liburua argitara eman zenuenetik. Mugarria izan zen. Teknologia berriek eta, bereziki, Internetek zekartzaten aldaketez mintzatu zinen ?eta ehuntzen ari ziren ingurune berriaz: hirugarren ingurunea deitu zenuen, hain justu?. Ia bi hamarkada geroago, zein gogoeta dituzu?

Eutsi egiten diet liburu hartan plazaratutako tesiei: erabat. Hirugarren inguruneaz eta aireko jauntxoez mintzatzen jarraitu behar dugu; gaur egun, akaso, aireko jauntxoen ordez, hodeiko jauntxoak direla esango nuke. Okerra ez zen metafora bat proposatu nuen, baina egun hodeiarena egokiagoa iruditzen zait: itxura batean oso ederra da metafora, baina hodei batean ekaitzak jazo daitezke, hondamendiak, tifoiak. Hortxe dugu, esaterako, 2008ko hondamendia: finantza hodeiaren emaitza. Eta nik liburua egin nuenean argi eta garbi esan nuen Internet ez zela arazo bakarra: sare telematiko militarren eta finantza arlokoen inguruan ere ohartarazi nuen. Hirugarren ingurunea askoz ere gauza zabalagoa zela azaldu nuen, eta agerian geratu da hori urteotan. Argi adierazi nuen, halaber, ingurune hori kolonizatzen ari zirela enpresa transnazional handiak; Microsoft zen, esaterako, garai hartan garrantzitsuenetako bat.

Eta kolonizazio hori nola handitu den ikusi da ordutik...

Izugarria izan da; kolonizazio prozesua bera, eta baita aireko jauntxoek teknologia berrien inguruko erabiltzaileen kontrola eskuratzeagatik beren artean izan duten lehia ere. Izugarri handitu da hori guztia: nik liburua idatzi nuenean, esaterako, sakelako telefonoak oso urriak ziren, baina hor aldaketa handia izan da, eta aireko jauntxoek erabiltzaileen inguruan egiten duten kontrola asko handitu du horrek. Sare sozialekin ere antzeko zerbait jazo da: Facebook, Twitter eta gainerakoak komunikaziorako eta interakziorako espazioak dira, baina aireko jauntxoen erabateko kontrola dutenak. Atera kontuak: erabiltzaileek sarera igotzen duten guztiaren jabe edo jabekide bihurtzen dira. Aireko jauntxoen enpresak erabiltzeko egiten diren onartzen dut guztiek, nolabait ere, berekin dakarte erabiltzaileak jauntxo horien jopu izatea. Izan ere, nora joango zara kontu eske? Silicon Valleyko konderri bateko auzitegi batera? Umberto Ecori segika, neofeudalismoa kontzeptua hartu nuen nik hori guztia adierazteko; orduan argi ikusten nuen, eta, orain, argiago. Eta harago eginez, kontzeptu berri bat hizpide dut orain: teknopertsonena. Izan ere, hirugarren ingurunean teknopertsonak garatu dira, beste egitura mota bat. Pertsona fisikoak dira oraindik ere, juridikoak, baina horien gainean beste identitate bat agertu da; identitate hori, ordea, aireko jauntxoek ematen dute. Arauak haienak dira.

Gehienetan, ia inork ere ez daki nor diren jauntxo horiek, ezta?

Teknopertsonak direlako haiek ere. Jakina, ez dute aurpegirik, ezta izaera juridikorik ere. Hortxe dugu Google, identitate asko ditu, eta hori da teknopertsonen ezaugarrietako bat. Eta, hain justu, hirugarren inguruneak eraldatu egin du pertsona kontzeptua bera. Ikuskizunak eraldatu ditu, hedabideak, politika, eta, aurrera egin ahala, gure identitateak ere bai. Egun, XXI. mendean bizi den pertsona batek teknopertsona izaten ikasi behar du. Ibiltzen ikasi behar du, korrika egiten, pertsona izaten, hizkuntza batean mintzatzen... Baina teknopertsona izaten ere ikasi behar du. Benetako erronka bat da, alor askotatik aztertu beharrekoa, gainera: zein diren teknopertsonaren eskubideak eta erantzukizunak.

Teknologia berriek informaziorako bide berriak ekarri dituzte. Desinformazioa ere handitu da?

Bai, zarata handia dago. 1999an, nik ez nuen hain argi; baina orain ikusi dut nolako garrantzia duten emozioek hirugarren ingurune horretan. Aireko jauntxoen arrakastaren gakoa ez dago ematen duten informazioan, baizik eta sortzen dituzten emozioetan. Eta aireko jauntxoei ez zaie batere inporta zarata sortzea; are gehiago: zenbat eta zarata gehiago, hobeto. Whatsappen pentsatzen ari naiz, esate baterako. Zarata dagoela? Milioika lagun emotikonoak bidaltzen ariko direla esan nahiko du horrek. Emotikono bakoitzeko zentimo bat? Diru gutxi da. Baina milioi bat lagun ari badira horretan, erabilera masiboa bada, diru asko eskura dezakezu.

Bestalde, nola pentsatu horrelako parte hartze handia sustatzen duen zerbaiten arriskuez? Guztiz bestelako pertzepzioa izaten da sarri askotan...

Engainu bat da. Baina egia da jendeak parte hartzen duela, eta pozik dagoela. Hain justu, gaur egun hainbat ideologo jendetzen jakituria defendatzen ari dira. Eta guztiz ari dira aireko jauntxoen alde. Ez dakit zenbat pagatuko dieten: baina seguru daude haien esanetara. Izan ere, Facebooken sortzaile Mark Zuckerbergek esaten duena ere horixe bera da: «Zenbat eta gehiago izan, hobeto, eta gehiago dakigu». Baina ez da horrela: zenbat eta gehiago, zarata handiagoa. Hori horrela da. Baina gazteak dira kontraesan horiek bizi behar dituztenak; eta badira gazteak oso argi dutenak, eta aireko jauntxoen aurka hasiak direnak. Gutxi dira oraindik ere, baina joango dira ugarituz, eta aireko jauntxoen aurkako matxinadak egingo dira: seguru.

Teknozientziak espazio ugari irabazi ditu, eta, ondorioz, ikerketa aplikatuak lehenesten dira, hau da, berrikuntza eta onura ekonomikoak ekarriko dituztenak. Nola defenda daiteke paradigma berri horretan oinarrizko zientziaren garrantzia?

Teknozientzian, lehiakortasunaren eta berrikuntzaren mende geratzen da ezagutza. Eta izugarria da hori: unibertsitate batek lehiakorra izan behar du. Munduko sailkapenetan egon behar du. Nik oso begiko ditut Iñaki Goirizelaia eta Nekane Balluerka [EHUko errektorea eta Nazioarteko Harremanen Arloko errektoreordea ?errektoregai ere aurkeztu da?], baina haien obsesioa ?eta arrakasta ere bai? izan da EHU Shanghaiko rankingean sartu dela, hots, munduko 500 unibertsitate onenen zerrendan sailkatuta...

Eta, zure ustez, tankera horretako obsesiorik gabe, izan zaitezke gaur egun errektore?

Ez, ez, obsesio hori izan behar du errektoreak: gainerakoan, ez da errektore ona izango. Baina gauza bat da obsesio hori izatea, eta beste bat, sinestea.

Mesfidatia zara unibertsitateen geroarekin. Zeren beldur zara?

Egun, EHUk eta gainerako unibertsitateek mehatxu larriak dituzte aurrean. Hodeitik, nire ustez, datuak erostera egingo da: Amazonek, Googlek edo antzeko konpainiek egingo dizkiete unibertsitateei datu guztiak kudeatzeko proposamenak, datuak beretzearen truke. Izan ere, datuak dira aireko jauntxoen boterearen iturburu nagusia. Big data deitzen den horren inguruan aztoratuta daude finantza sektore guztiak. Helburua da erabiltzaileen datuak jakitea joerak zein diren ikusteko, eta etekina ateratzeko hortik, edo boterea.

Teknokazetaritza, teknopolitika eta beste hainbat kontzepturen arriskuez ere ohartarazi izan duzu sarri askotan. Ezin al dira ondo erabili teknologia berri horiek?

Horretarako, teknologiaz jabetu behar da; alegia, teknologia erabiltzen jakin behar da. Nik ezin dut hori egin; teknopertsona gazteen egitekoa izango da. Emantzipatu egin behar dute, edo, gutxienez, gehiegikeriak saihesten saiatu behar dute.

Ikerbasquen ari zara, berrikuntza ikertzen. Zer iritzi duzu euskal administrazioek berrikuntzan dituzten lan ildoez?

Euskal administrazioek egiten dituzte Europako Batasunak ezarritako berrikuntza politikak: ez dago besterik. Horren kontra ezin dut ezer esan, baina Europatik datozen politiken kontra, bai: 1990eko hamarkadatik, alor produktibo eta industrialerako politikak dira. Gu [Sinnergiak berrikuntza sozialerako zentroaz ari da], aldiz, berrikuntza soziala sustatzearen alde hasi ginen orain bost urte. Eta mundu guztia ari da orain berrikuntza sozialaz. Ikusi da berritzailea izan daitekeela auzo elkarte bat, edo emakume talde bat. Edo Donostiako Aste Nagusiko piratak; berrikuntzaren adibide kanoniko bat dira. Euskal Herrian, oro har, gizarte zibila oso berritzailea da, eta erakundeek berrikuntza horiek bideratzea garrantzitsua da; orain hasi dira hori egiten, oso gutxi oraindik. Kultur arloan ere berrikuntza sustatu behar da: asmatuta dago hori; Australia eta Zeelanda Berria, esaterako, aitzindari izan ziren horretan. Orain, Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak onartu du kulturaren sektorea aukera nitxo bat dela; tira, zerbait bada. Eta, azkenik, nire ustez, lehentasun izan behar luke sektore publikoan ere berrikuntza sustatzeak.

BERRIAn argitaratua (2016/10/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA