astekaria 2015/10/02
arrowItzuli

gizartea

Ihesaldi itsuaren lekuko gertuak

Jon Rejado

Ihesaldi itsuaren lekuko gertuak

Siriako errefuxiatuak hartzeko prestatzen ari da Hego Euskal Herria egunotan: baliabideak zehaztu, administrazio publikoen artean antolatu, herri ekinbidea bideratu… 1992. urtearen amaieran egoera bertsua izan zen. Orduan, Bosnian gertatzen ari zen gerratik ihes egin zuten 133 pertsona hartu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zortzi udalerrik. Urteen joanarekin, asiloan heldutako hainbat lagun jaioterrira itzuli ziren, edo beste herrialde batzuetara mugitu. Ordea, hainbat Euskal Herrian ezarri dira; horietatik bik orduko bizipenak azaldu dizkiote BERRIAri.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, Bosniako gerrak herrialde horretako biztanleen erdiak baino gehiago desplazatu zituen. 1,3 milioi inguru herrialde barruan desplazatu zituen; 500.000k inguruko herrialdeetara ihes egin zuten, errefuxiatu gisa; eta 700.000 Europako mendebaldeko herrialdeetara joan ziren, asilo estatutuarekin. Europako Batasunak orduko hartan parte hartu zuen, Bosniatik ihes egiten zuten pertsonak kokatzen lagunduz.

Europako mendebaldera desplazatutako 700.000 pertsonen artean Redzija Subasic (1959) eta Behija Oruc (1963) zeuden. Bi emakumezko horiek eta haien sendiak Euskal Herrian bizi dira egun. 1992ko apirilean, Subasicek seme-alabak hartu zituen, eta Sarajevo utzi zuen. Gaur egun Markinako (Bizkaia) bizilaguna da, eta Espainiako nazionalitatea eskuratzeko izapideak hasi ditu. «Beti izan dugu itzultzeko asmoa, baina gaur egun jaioterrian ez dugu ezer». Orucek 1992ko maiatzean alde egin zuen Cajnicetik, bi alabak hartuta, eta Ordizian (Gipuzkoa) bizi da.

Zurrumurru eta hegazkinak

Haien jaioterria utzi zutenetik bi hamarkada baino gehiago igaro badira ere, Subasicek zehaztasun osoz oroitzen du dena. Sarajevon bizi zen orduan, senarrarekin eta bi seme-alabekin. Herrialdeko egoera nahastuz zihoala ohartzen hasiak baziren ere, Subasicen aitak iragarri zuen gerora gertatuko zena. «Azkar esan zigun: 'Ihes egiten duenak bizirik jarraituko du'».

«Ez nuen etxea utzi nahi», aitortu du Subasicek. Ordea, geroz eta hegazkin eta helikoptero gehiago hasi ziren pasatzen; geroz eta baxuago. Bonbak botatzen ere hasi ziren; Redzija Subasicen senarrak lan egiten zuen polizia etxetik gertu erori ziren bi. «Une batean lurretik hain gertu pasatu ziren hegazkinak, ezen eraikin altuenen kristalak ia-ia apurtu baitzituzten; orduan erabaki genuen joatea». Askok ez zuten aukera hori izan. «Srebrenican bizi ziren senide guztiak han geratu ziren».

Erabakia gertuko beste hainbat emakumerekin batera hartu zuen. Familia guztien artean autobus bat alokatu zuten, ihes egiteko. Asmo hori ezkutuan gorde zuten, «ezbeharrik» gerta ez zedin. «Irteera labur bat egiteko prestatuko bagina bezala jokatu genuen». Bidaiarako janaria, jantzi gutxi eta agiriak hartuta, etxea utzi zuten 79 lagunek; denak emakumezkoak eta haurrak ziren. Horien artean Subasicen alaba eta semea zeuden, 11 eta 8 urtekoak, hurrenez hurren.

Behija Orucek Cajniceko lantegi batean lan egiten zuen garai hartan, Serbia eta Montenegrorekin mugan. Han entzun zituen gerraren hasierari buruzko lehen zurrumurruak. Lejla Orucek (1986) xehatu du amak bizitakoa, Behijari lotsa ematen baitio hedabideekin hitz egiteak. Lejlak 5 urte zituen ihes egin zutenean, eta haren ahizpak, 3. Aitortu du ez duela bidaian gertatutako ezer gogoratzen. «Hobe horrela».

Behija Oruc eta haren senarra gizonezkoaren gurasoen etxean bizi ziren, baina etxe bat ari ziren eraikitzen Cajnicen bertan. Ordea, bizitza egitasmo horri uko egin eta arriskurik gabeko eremu batera mugitzea erabaki zuen; hala jakinarazi zion senarrari, eta, beste hamabost emakumerekin batera, Montenegrora ihes egin zuten. «Aitak 33 urte zituen garai horretan, eta ezinbestean geratu behar zuen».

Behijak, bi alabek eta autobusean bildutako guztiek hilabete bat eman zuten Montenegron. Ezaguna zuten Bosniako armadako komandante baten etxearen garajean geratu ziren tarte horretan. «Hilabete horretan bera arduratu zen gutaz: lo egiteko lekua, janaria...». Hilabete baten buruan komandanteak berak Mazedoniara heltzen lagundu zien, hara eramango zituen taxia eskatuta eta ordainduta.

Hilabeteak zain Mazedonian

Euskal Herrira iritsitako Serbiako errefuxiatuetatik gehienak Mazedoniatik heldu ziren. Han hilabeteak eman zituzten Subasicek eta Orucek. «Ihes egin genuenean, uste genuen etxera hamabost egunean edo gehienez bi hilabetean itzuliko ginela», oroitu du Subasicek. Ordea, ez zen halakorik gertatu. Hilabeteak eman zituzten Mazedonian Bosniako gerrak desplazatutako pertsonek.

Subasic eta Sarajevotik heldutako autobuseko kide guztiek Skopie Mazedoniako hiriburura jo zuten, lehenik eta behin. Lehen gaua egokitutako ikastetxe batean eman zuten, eta hurrengo egunean Kavadartsira eraman zituzten, Greziatik 30 kilometrora. «Hotel batera eraman gintuzten hasieran, eta, gero, bertako familien etxeetara: hogei egun batean, bi hilabete bestean...». Zortzi hilabete eman zituen Subasicek han; beste askok bidaia jarraitu zuten.

Oruc eta harekin autobusean zeuden bidaideak taldetan banatu zituzten. «Kanpadendetan kokatu gintuzten, kanpaleku handietan», azaldu du Lejlak, eta gaineratu du haren ama ez zela geldirik egon. «Lanean edo ahal zuena egiten pasatu zituen hilabete horiek». Ordea, kanpalekutik kanpo zegoen batean zuen guztia lapurtu zioten: dirua, dokumentuak, baita bi alaba zituela egiaztatzen zuen agiria ere. Bi lagunekin joan zen polizia etxera, laguntzeko. «Caritasek eta Gurutze Gorriak ere lagundu zioten agiriak berreskura zitzan».

Egonaldi laburra behar zuena luzatuz joan zen. Are gehiago, Subasicek azaldu du «etengabeko mehatxua» sumatzen zutela. «Zurrumurruak entzuten ziren, etengabe, serbiarrak bosniarrak bahitzen hasiko zirela». Orduan ikusi zuten telebistan Espainiak 1.500 errefuxiatu hartu behar zituela. Subasic eta haren iloba bat Mazedoniako hiriburura joan ziren, Gurutze Gorrian izapide guztiak egiteko prest. «Azaroaren 27an-edo esan ziguten Espainiara joango zirenen artean geundela». Abenduaren 7an atera zen Subasicen hegaldia; lagun taldea banatu arren, ilobarekin egin zuen bidaia. «Tristea izan zen denak banatzea; banaketa grabatu zuten, eta zinta hori altxorra da niretzat».

Behija Orucek abenduaren 13an hartu zuen hegazkina, kanpalekuko beste hainbat emakumerekin, senarraren arreba barne. «Gurutze Gorrikoek eskatu zieten talde pasaporte bat egiteko, eta, horrela, talde moduan, hartu zuten hegazkina», azaldu du Lejlak. Inork ez zekien nora joango ziren. «Ezjakintasuna erabatekoa zela azaldu dit amak; itsuan egin zuten bidaia».

Euskal Herriratzea

«Denak dardarka heldu ginen Forondako aireportura; Serbiako albisteez gain, ez genekien zer gertatuko zen gurekin: familiekin egon, kanpalekuetara mugitu...», gogorarazi du Subasicek. Poliki-poliki haien egoera argituz joan zen. Hartuko zituzten udalerrien ordezkariak zeuden aireportuan, eta hantxe hasi ziren elkar agurtzen; hain zuzen ere, iloba Gasteizen geratu zen. «Elkar agurtu genuenean, eraztunak trukatu genituen: aurpegiak ahaztuta ere, inoiz elkartzen bagara, eraztunengatik ezagutuko dugu elkar». Egun iloba Katalunian bizi dela jakinarazi du.

Markinarako bidea hartu zuen Subasicek, sei emakumezko eta hamahiru haur zituen autobus batean. «Urkiolan behera euria barra-barra ari zuen... Bidean palmondo bat ikusi nuen: 'Hemen utz gaitzatela', pentsatu nuen». Markinara heltzean, etxeetan banatu zituzten. «Ezin nuen sinetsi: hiru gela, egongela, sukaldea... pareta eta sabai sendoak!». Ahotsa aldatu zaio unea oroitzean. «Mahaian esnea eta ogitartekoak genituen, eta hozkailua janariz betea...». Gaua «ohe handian» eman zuten hirurek. Harrerak hurrengo egunean jarraitu zuen. Goizean goiz bizilagunak ate-joka zituzten, ongietorria egiteko. Herria erakutsi zieten: ikastetxea, kiroldegia...

Behija Oruc eta bi alabak Ordiziara eraman zituzten, 31 bidaide gehiagorekin. Egokitutako lantegi batean kokatu zituzten. Lejlak azaldu du logelak zeudela, sukaldea, egongela... «Denbora dezente pasatu genuen bertan: bi urte inguru». Haurrak ikastetxean hasi ziren, itzultzaile baten laguntzarekin. «Oroitzen dut herriko haur taldeak gure bila etortzen zirela, herritik buelta bat emateko». Behijak, bitartean, «gelditu gabe» jarraitu zuela azaldu du. «Zebra bideak margotu behar baziren, han zegoen, baina beti herriko norbait zuen gertu, laguntzeko prest».

Orucek eta Subasicek irratia baliatu zuten nolabaiteko harremana mantentzeko Bosnian zeuden senideekin. Urte bat baino gehiago pasatu zuten biek haien senideen berri izan gabe; Orucek jaso zuen albiste bakarra Gurutze Gorriaren gutun bat izan zen, non senarra hilda zuela jakinarazi baitzioten.

Itzulera, behin-behinekoa

Denborak aurrera egin ahala Oruc eta Subasic egoera egonkortuz joan ziren: etxebizitza alokatu, lana aurkitu... 1996ko uztailaren 16an Redzija Subasicen senarra heldu zen Markinara. Zaurituta zegoen, eta Galdakaon ebakuntza egin behar izan zioten sasoia berreskura zezan.

Euskal Herrian egonkortu arren, jaioterrira itzuli ziren biak. Oruc 1997. urtean itzuli zen, SOS Balkanak elkarteak ordaindutako autobusean. Orduan ezagutu zuten Lejlak eta haren ahizpak familia. Ordutik, urtean behin edo bi urtean behin itzuli izan dira. «Ez dakit amak bueltatzeko ideia ote zuen; lana zuen, alabak ondo zeudela senti zezakeen...».

Subasic 1998. urtean itzuli zen lehen aldiz etxera, senideak bilatzeko. «Gogorra» izan zela aitortu du. Gerora bueltatu da, senideen bilaketan parte hartzeko edota haiek lurperatzeko. Ordea, gaur Markina du etxe. «Nire bigarren herria da; maitasuna aurkitu dugu hemen, adiskideak, arrebak, baita bigarren ama ere...». Ordea, bizitakoa ezin du ahaztu, are gutxiago egungo albistegiak ikusita: «Ahal beste lagundu behar diegu; agintariek elkartasuna sustatu behar dute».

BERRIAn argitaratua (2015/09/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA