astekaria 2016/10/21
arrowItzuli

kultura

Literatura hil da, biba literatura

Iñigo Astiz

Literatura hil da, biba literatura Iñigo Astiz

Bere bizitzako lehen erakusketako lehen koadroa zintzilikatu zuenean jaso zuen pinturaren heriotzaren berri Pedro Salaberri pintoreak. 1972ko Iruñeko Arte Topaketak ziren, eta nazioarteko arterik abangoardistena biltzen zuen egitarauaren erdian, ia-ia irla klasizista moduko bat zen Nafarroako Museoan euskal artistei eskainitako erakusketa. Eta han zegoen Salaberria bere koadro figuratiboak ordenatzen, lehen solairuan bere alboan zegoen emakume batek notizia oihuka eman zionean: «Asto gaineko pintura hila da! Asto gaineko pintura hila da!». Zerbaitek kra! egin zuen margolariaren bihotzean, eta heriotza albiste bera entzun du batek baino gehiagok aurreko astean Suediako Nobel Akademiak literatur sari gorena nori eta Bob Dylan abeslariari eman diotela jakitean: «Literatura hila da! Literatura hila da!». Eta politena da, akaso egia dela.

Guaiak eta karkak. Akabo idazleak; abeslari bat da 2016ko Literaturako Nobel sariduna. Zehatzago: ingelesez kantatzen duen abeslari bat. Are zehatzago oraindik: ingelesez kantatzen duen abeslari estatu batuar zuri bat. Eta, zehatz-mehatz, azkenik: Bob Dylan. Bera eta ez beste inor. Baina sarituaren izen-abizen zehatzek baino zalaparta handiagoa sortu du saritua, idazle bat izan beharrean, abeslari bat izateak. Literaturaren definizioa bera ikusi dute askok zalantzan. Eta benetan horrek sortu du polemika. Baina zergatik? Literaturaren prestigio soziala inoizko urriena denean, pop abeslari ezin ezagunago bat saritu izana populistatzat jo dute kritikoek. Oportunistatzat. Guaitzat. Sariaren aldekoen ustez, ordea, liburuen fetitxistak eta elitistak dira kritiko horiek. Klasistak. Karkak. Eta bi aldeek dute beren arrazoi dosia. Baina galdera da, zergatik piztu du Dylanen sariak hainbesteko haserrea, iaz Svetlana Aleksievitx kazetariari eman bazioten eta 1953an Winston Churchill politikaria ere saritu bazuten?

Shakespearerik gabe. Kasualitateak hala nahita, Dario Fo antzerkigilearen heriotza eguna ere izan zen Dylanen Nobel sariaren eguna. Eta balio dezake haren ispiluak Dylanen polemika hobeki ulertzeko. 1997an jaso zuen hark Literaturako Nobel saria, eta ozen altxatu ziren ordukoan ere ahots kritikoak. Bufoi bat saritzea aurpegiratu zioten akademiari ordukoan. Jarrera politiko markatua izatea zuen aurka, eta baita herri literaturarekiko lotura ere. Baina Shakespeare zuen alde. Kritikak-kritika, kasu hartan, inork gutxik jarri baitzuen zalantzan antzerkia literatura zenik. Hor zegoen Shakespeare. Bere garaian herri antzerkia egin arren, gaur egun goi kulturaren ikurtzat jotzen den erraldoi hori. Baina proposatu lagunartean Literaturako Nobela zinemako gidoigile bati emateko aukera, eta berehala hasiko dira trabak. «Badituzte beren sari espezifikoak». Baita antzerkiak ere. «Testua pelikularako bitarteko bat da». Antzezlanerako bitarteko dira antzerki testuak ere. «Zineman ez dago Shakespearerik». Ados. Onen-onenean ere, herri kultura da zinema, beraz. Herri kultura baino ez, alegia. Eta Dylanek ere horixe du aurka. Badu nahikoa tradizio bere kantagintzak ere, noski, baina goi kulturara sublimatu gabea dago tradizio hori.

Wordker, berbagina. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian hamar euskal artistatik lau baino ez dira aritzen beren lanbidean. Aisge interpreteen jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzen dituen erakundeak eman zituen datuak aurreko astean, eta ikus-entzunezkoak, antzerkia eta bikoizketa lanak neurtu ditu soilik. Zenbakiak are txikiagoak lirateke azterketak literaturari begiratu izan balio. Literatura idazteaz bizi diren euskal idazleen zerrenda egin behar balitz, ziurrenera, zero litzateke emaitzarik probableena, eta zero ez bada, zeroren multiploren bat bestela. Ez dago literaturaz idazteaz bakarrik bizi den euskal idazlerik. Idazle deitzen ditugu gure idazleak, baina idazle bezainbeste dira hizlari, gidoigile edo irakasle. Horregatik, adibidez, Igor Elortza bertsolariaren Twitter kontuko deskripzioa: «Igor Elortza. Wordker: berbagina, palabrador, parolétarien». Hitzaren proletarioa, alegia. Literaturaz apartekoetan dabiltza literaturan dabiltzanak. Eta antzera lekurik gehienetan ere, best seller-ik idatzi ezean behintzat. Eta, beraz, argi: teorikoak dira literaturaren mugen inguruko eztabaidak praktikoak baino gehiago. Gurean nabarmen, eta kanpoan ere antzera.

Autoimmolatu. «Gure sasoia ez da definizioen batere zalea». Txomin Badiola eskultorearena da esaldia. Madrilgo Reina Sofian erakusketa handi bat du egunotan, eta horren harira egin du arte plastikoen inguruko gogoeta El Cultural aldizkarian egindako elkarrizketan. «Diziplina tradizionalen artean, eskultura da ziur aski agerpenen aniztasunean gehien lehertu dena, harik eta diziplina modura autoimmolatzera heldu den arte». Badiolak ez du erabat ziur esaterik, beraz, eskultorea denik, baina hain justu ere hor dator Badiolaren gogoetaren punturik interesgarriena. «Edozein kasutan ere, norbaitek lanbideaz galdetzen didanean beti esaten dut eskultorea naizela, hori delako ezer ez esateko modurik onena, eta, halere, duintasun gisako bat mantentzen duelako eskultore izate horren azpian». Eta balio dezake Badiolaren adibideak literaturarako ere. Dylanek Literaturako Nobel saria irabazi ostean, akaso, idazle zarela esatea izango delako ezer ez esateko modurik onena. «Times, they are a changing».

BERRIAn argitaratua (2016/10/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA