astekaria 2016/10/21
arrowItzuli

kultura

Dylanen alde eta kontra

Ainhoa Sarasola

Dylanen alde eta kontra

Idazle ugarik osatzen dute urtero hautagai posibleen zerrenda. Izen batzuk urtetik urtera errepikatu ohi dira, eta bakarren bat ezabatu edo gehitzen zaio zerrendari; nobelagilea gehienetan, ipuingilea besteetan, poeta gutxixeagotan. Baina azkenean, beti bezala, Suediako Akademiarena da erabakia, eta idazle bat ez, lehen aldiz musikari bat saritzeko hautua egin du aurten. Kantari eta musikari baita, beste ezeren gainetik, Bob Dylan. Baina berak sortutako 500dik gora kantuetan, hitzen pisu literarioa ez da nolanahikoa, ebazpenaren alde agertu diren askok egunotan nabarmendu dutenez. Beste askoren kritikak eta burlak jaso ditu, ordea, erabakiak. Idazlea ez den norbaiti saria eman izanak piztutako eztabaidaren gakoetako bat eman dezake Beñat Sarasola idazle eta kritikariak iragan astean egunkari honetan pausatu zuen galderak: «(...) ze neurritaraino gaude prest letra larrizko nobelagileen (Roth, Pynchon, McCarthy, DeLillo) ortodoxiaz kanpoko inori halako literatur merezimendurik aitortzeko?».

Izan ere, literaturaren eta, zehatzago, poesiaren definizioaren inguruko eztabaida piztu du erabakiak. «Pozten naiz Dylanengatik, baina Grammy bat irabaz dezakedala esan nahi du honek?», idatzi zuen Jodi Picoultek, esaterako. Bestelako hitzak erabili zituen Irvine Welshek erabakia kritikatzeko: «Dylanen zale handia naiz, baina nostalgikoa eta gaizki ulertua da sari hau, hippy senil eta zezelkari batzuen prostata zaharminduek iraitzia». Akademiaren hautua txalotu duenik ere bada, Salman Rushdie —«Koblakarien tradizioaren oinordeko bikain bat da»—, Stephen King —«Euforiko nago (...) Albiste handi bat, garai doilor eta tristeotan»— eta Joyce Carol Oates —«Bere hitz eta musika ahaztezinak beti iruditu zaizkit, zentzurik sakonenean, literarioak»— idazleak, tartean.

Nolanahi den, «AEBetako kantu tradizio handian adierazpide poetiko berriak txertatzeagatik» saritu du musikaria epaimahaiak. Saria iragarri eta minutu gutxira, Dylanen poeta izaera defendatu zuen Sara Danius akademiako idazkariak. «Milaka urte atzera begiratuz gero, Homero eta Safo deskubrituko ditugu. Entzunak eta instrumentuekin interpretatzekoak izateko testu poetikoak idatzi zituzten. Gauza bera gertatzen da Dylanekin. Irakurria izan daiteke, eta izan beharko luke».

Zalaparta sortu badu ere, ez da hain ezustean iritsi erabakia, Dylanen izena aspalditik baitzegoen hautagaien zerrendan. «Irribarre ironiko batez» hartu zuen berria Iban Zaldua idazleak; ez gustura, ez disgustura, ezta harridura handiz ere. «Imajinatzen dut sari baten iraupenerako egokia dela halako efektu kolpeak jotzea, noizean behin, eta Akademiak zein postmodernoa izan daitekeen erakusteko gogoa zeukala». Dylan saritzea ez da ezustea izan Kirmen Uriberentzat ere, eta ongi iruditu zaio. «Ez dut zalantzarik Dylan poeta dela, oso ona gainera; uste dut batez ere poeta dela. Poesia liburuetan plazaratu beharrean, ohi den bezala, berak kantuen bitartez plazaratzen du, baina poesia». Idazlearen irudiko, Dylan sarituta «pop kultura sortu zuen garai horri, belaunaldi horri» eman zaio saria. Leonard Cohen eta Lou Reed aipatu ditu, biak ere «poeta ikaragarri onak». Hortaz, haren ustez, «liburu gisa plazaratzen ez den poesia» izan da saritua. «Uste dut argi utzi nahi izan dutela poesia ez dela liburuetan soilik bizi». Eta horrela, «kultura popularrari» ere aitortza egin diotela dio, «poesia ulertuz ez gauza elitista bat bezala, baizik eta herrikoia den zerbait bezala».

Katixa Agirre, aldiz, asko harritu zuen albisteak. «Hainbat hedabidetan kontsultatu nuen ea egia ote zen [barrez]. Egun hartan katxondeo apur bat egon zen Twitterren, eta nik ere parte hartu nuen burla tonu horrekin. Baina pasatu dira egun batzuk, eta iruditzen zait izan daitekeela sintoma bat literaturaren egoera ulertzeko, edo eman ahal digula pistaren bat literaturaren munduan zer gertatzen ari den ulertzeko». Idazlearen ustez, «krisi betean» dago literaturaren mundua, baina «transformazio momentu bat» izan daitekeela ere adieraz dezake erabakiak, baita XXI. eta XXII. mendeko literatura «beste gauza bat» izan daitekeela ere. Hala, hasieran bromatzat hartutakoa gauza serioagoa izan daitekeela uste du, eta begirada malguagoaz begiratu behar zaiola. «Denborak aldatzen ari dira, eta, agian, hobe dugu denok hori onartzea eta malguago jokatzea».

Kantagintzaren tradizioa

Literatur sari behinena musikari bati ematean ez du arazo handirik ikusten Zalduak. «Sariek eta txapelketek, berez, zer ikusi gutxi daukate literaturarekin; hortaz, zergatik ez Nobela Dylani? Argi dago kantagintzak harreman zuzena duela poesia lirikoarekin, eta, ondorioz, egun literaturatzat hartzen dugunarekin. Komikiak lukeena bezainbeste, bestalde». Idazlearen ustez, literaturaren mugak eta estatusa aspaldi daude zalantzan, eta, horregatik, ez du uste «literaturari gerta dakiokeen gauzarik arriskutsuena» Dylani saria ematea denik. «Okerrago zatekeen Haruki Murakamiri edo, nik zer dakit, Paulo Coelhori eman izan baliote». Agirreren irudiko, musikari bat saritzeak badu tradiziotik. «Literaturaren historiari begiratzen badiogu, trobadorearen edo ahozkotasunaren tradizioa oso indartsua izan da. Gero, XIX. mendean, beste eredu batzuk finkatu ziren, baina begirada luzeago batekin ikusten da musikaren eta hitzaren uztarketa horrek baduela tradizio luze bat». Etorkizunean ere literaturak agian hortik jo dezakeela dio, eta ja ez dela izango soilik «liburu batean gertatzen dena, edo idazle-intelektual figura horrek egiten duen gauza bat, zerbait malguagoa baizik. Agian, hau izan da estrabagantzia bat, edo, agian, izan da joera berri baten lehen pausoetako bat, eta hemendik aurrera gidoilari bati-edo emango diote, eta ulertuz joan beharko dugu hori dela etorkizuneko literatura».

Uriberentzat ere, ildo horretan, piztutako polemikak ez du funts handirik. «Niri eskandalagarriagoa iruditzen zait Churchilli, politikari bati, eman izana». Iaz, Svetlana Aleksievitx kazetaria sarituta akademiakideak «ausartak» izan zirela uste du, eta aurten ere hala jokatu dutela.

Kantuak eta poemak

Poesia ugari bihurtu dituzte kantu, eta idazle ugarik ondu dituzte kantuetarako hitzak. Uribek bi aldeak ezagutzen ditu, eta kantuak poemak izan daitezkeela dio, baina poema guztiak kantu, aldiz, ez. «Kanta bat idaztea poesiaren azpiko genero bat da nolabait, eta funtzionamendu nahiko jakina du: badu neurri bat, errepikapenak daude, hitz gutxirekin gauza asko iradoki behar dituzu... Poesia ja beste gauza bat da, askoz ere alor gehiago hartzen ditu, mota gehiago daude». Uribek dioenez, poema gisa idatzitako pieza asko bihurtu dira kantu, baina berari normalean kanta gisa idatzitako horiek iruditzen zaizkio onenak.

Jabier Muguruza idazle eta musikariak ere eman du iritzia puntu horretan: «Letrak eta poemak ez dira gauza bera, hori nahiko garbi daukat, baina biak dira literatura nire ustez». Haren iritziz, «poetak kantu baterako idatzitako letrak, eta poeta ez denak idatzitakoak ere ez dira gauza bera».

Piezaren araberakoak dira aldeak, Zalduaren arabera, eta batak zein besteak bete beharreko baldintzak, berriz, lausoak eta aldakorrak. «Badaude kanta batzuk poema izan daitezkeenak arazo askorik gabe (eta esango nuke Dylanen batzuk —ez guztiak— zaku horretan sar ditzakegula), eta badaude poema batzuk ez dutenak ez poema ez kanta izena merezi, egileak horretan tematzen badira ere».

Dylanenak musikatutako hitzak izatean ikusten du Agirrek, hain juxtu, gakoetako bat. «Tira, tranpa pixka bat ere egiten da Dylan justifikatzeko orduan, ze esaten da bere letrengatik bakarrik saritu dutela, hartu eta poema baten modura irakurrita. Hala izanda, eta alderatuta gaur egun bizirik eta lanean dauden beste poeta batzuekin, seguru gaude Bob Dylanek irabaziko lukeela? Edo Bob Dylanek irabazi du hain zuzen ere musikaria ere badelako? Hor ere zalantzak ditut». Musikak ere indarra ematen baitio hitzari. «Bere azken obra musikarekin da; horrela kontzebitua izan da, eta horrela kontsumitzen da».

Egile ezezagunik ez argitara

Dylan saritzeari alde ilunik topatzekotan, berbera aipatu dute elkarrizketatuek: egile ezezagunago bat ezagutzera eman ez izana. «Kontua da Nobelak galtzen duela eduki dezakeen bertute bakarrenetako bat: nazioarteko mailan oso ezagunak ez diren egileen obra azaleratzearena, deskubriaraztearena, joan den urtean, zorionez, Aleksievitxen kasuan gertatu zen bezala. Dylanek ez zuen Nobel sariaren beharrik jada, ikuspuntu horretatik», Zalduaren hitzetan. Uste berekoa da Uribe ere, eta, saria AEBetara joan denez, hango beste idazle batzuk ez saritu izanagatik ere badu penarik —Don DeLillo aipatu du Uribek; Philip Roth eta Ursula K. LeGuin, Zalduak, pare bat aipatzearren—. Agirreri ere pena eman dio bai aukera galdu izanak ezezagunak diren idazleak ezagutarazteko, bai «idazlearen errelebantzia nola erortzen ari den ikusteak».

«Dylani Nobela ematea Everest mendiari domina bat jartzea bezalakoxea da», esan zuen lehengoan Leonard Cohenek, eta harekin bat datorrela dio Muguruzak. «Hortik aurrerakoak, niretzat ez dira oso inportanteak. Desio dudana da sari hori laster Bernardo Atxagari ematea. Bada garaia, nik uste».

BERRIAn argitaratua (2016/10/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA