astekaria 2016/10/21
arrowItzuli

iritzia

Taberna giroa

Juan Kruz Lakasta

Taberna giroa Juan Kruz Lakasta

Ez dago erdibiderik: biktimekin zaude ala erasotzaileekin», esan du UPNko buru Javier Esparzak. Egun txarra hautatu du klasiko hori berpizteko.

«Feministak non daude?», oihukatu dute Guardia Zibilaren aldeko elkarretaratzean, sanferminetako talde bortxaketaren instrukzioa amaituta epaileak guardia zibil bat auzipetzea ebatzi duen egun berean.

«Espainiari justifikatu gabeko gorrotoa dion jendea da. Justifikatu gabea Francok zerbait ongi tratatu bazuen, hori Nafarroa izan zelako», txiokatu du La Razón kazetako zuzendari Marhuendak, gerra fronterik ez izanagatik ere frankistek 3.500 lagun hil zituzten lurraldeari buruz.

Taberna giroa nagusi, ez Altsasun eta ordu txikietan soilik.

Mozkorti malenkoniatsuaren iruzkina lirudike El País-ek azalean hiru zutabera dakarren goiburuak: «Kale borrokaren mamua berpiztu dute Altsasun». Fernandez Diaz ministro eskuin muturrekoari berari Prisakoek —edandakoek nola— esajeratu egin dutela, urrutiegi joan direla iruditu zaio: «Ez da kale borroka, baizik eta gorroto delitua».

Delituarena ikusteko dago. Gorrotoa oraindik badela bistan da, besteak beste, ETAk 800dik gora pertsona hil dituen eta Guardia Zibilak —Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera— 1.500 lagun baino gehiago torturatu dituen lurraldean.

Oposizioaren manikeismoak eta Espainiako prentsaren esajerazio festak gaitzespen mozkorraldia eragin du nafar erakundeetan, Altsasun zer eta nola gertatu den argitu aurretik ere: Nafarroako agenda markatzeko lehian, hamar puxtarri erregimen zaharrarentzat.

Ez dakigu zer gertatu den honako honetan, baina badakigu zer gertatu den beste hainbatetan. Mozkor giroa. Politika. Irainak. Bultzadak. Kolpeak. Liskarrak. Altsasun. Tolosan. Durangon. Legution. Hendaian.

ETAk duela bost urte su-eten behin betikoa iragarri zuelarik, Mikel Aramendi handia hala mintzatu zen Euskadi Irratian —gutxi gorabehera, buruz ari bainaiz—: «Ez da dramarik handiena, baina bada drama bat herri honetan nola tratatu den ezberdin pentsatzen duen auzokoa. Hori aldatzea espero dut».

Nago hori aldatzen ari dela —pixkanaka-pixkanaka bada ere— beste gauza zenbait ez bezala. Militarizazioa, konparaziora. Hego Euskal Herriak Europar Batasuneko biztanleko polizia tasarik altuena edukitzen segitzen du, Txipre bezalako militarizaturiko herrialdeen gainetik, hemengo delitu tasa batez bestekotik beheiti egon arren.

Sakanari buruzko datu ofizialik ez da; halere, bistan da Urbasa eta Aralar artean polizia tasa hori are handiagoa dela; eta Ahumadako dukearen oinordekoen errepide kontrolak —eta kontrol soziala—, jasanezinak. Esan gabe doa horrek —deus justifikatzen ez badu ere— ez duela, preseski, bizikidetza giroa hobetzen.

ETAren behin betiko su-etenaren iragarpenaren bosgarren urteurrenean, krisi basatiaren erdian, inoiz baino anakronikoagoa, justifikaezinagoa, onartezinagoa da dirua pistoletan eta pistoladunen soldatetan xahutzea.

Altsasuko mozkorraldiak ajea eraginen dio bati baino gehiagori. Ongi legoke hori gainditutakoan, desmilitarizazioaren aferari heltzea, taxuz.

BERRIAn argitaratua (2016/10/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA