astekaria 2016/10/21
arrowItzuli

gizartea

Galga abiaduraren kulturari

Mikel Rodriguez

Galga abiaduraren kulturari

Egoera gogorra bizi izan du Errezilek azken urteotan. Hamar urtean bortz herritar hil dira autoekin eta motorrekin izandako istripuetan, guztiak 5 eta 30 urte arteko mutilak. 600 biztanle inguruko herri horretan, arrasto sakona utzi dute istripu horiek. Bakoitzaren arrazoi zehatzetatik haratago, herritar talde batek ikusi zuen ohitura eta pentsamolde baten ondorio dela ezbehar kopuru handi hori: abiaduraren zaletasuna eta, zehazki, horrek gizon gazteen artean duen errotzea. Egoerari irtenbidea eman edo hobekuntzaren bat bilatzeko, herritar horien gogoetetatik abiatuta hasi dute Bizitzaz Blai programa, abiaduraren, auto bizkorren zaletasunaren eta maskulinitate ereduaren arteko loturak eragiten dituen arriskuez ohartarazteko. Prebentzioa da ekinbidearen espiritu nagusia. «Uste dut ausartak izan garela, hemen gai horri heltzeak beldurra ematen baitzuen, min handia dagoelako», adierazi dio BERRIAri Ana Elosegi psikologoak, programaren bultzatzaile nagusietako batek.

Programa pilotu bat da Errezilgoa, eta interesa sortu du inguruko zenbait herritan; izan ere, Euskal Herriko landa eremuetako herri gehiagotan ere problema bertsuari aurre egin behar diote. Programa aitzindaria da hiru ezaugarri nagusirengatik: lehenik, genero ikuspegiagatik —abiadura eta ibilgailu motordunak modu arriskutsuan erabiltzea gizon izateko eredu batekin lotzeagatik—; bigarrenik, hartzaileengatik —Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat izango da, baina baita irakasle eta gurasoentzat ere—; eta, hirugarrenik, parte hartu duen eragile kopuruagatik —Harremanak Hezkuntza Elkarteak, Saiaz mankomunitateak, Errezilgo Udalak, Ertzaintzak, suhiltzaileek, larrialdietako langileek, herriko sendagileak...—. Berdinbidean zerbitzuaren finantzaketa jaso du Bizitzaz Blai programak —Eudel EAEko udalen elkarteak, Gipuzkoako Aldundiak eta Emakundek herri txikietan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko duten zerbitzua da—.

Iazko irailean, istripu bortitza gertatu zen Azpeitia eta Errezil arteko errepidean —auto berean zihoazen bi errezildar eta azpeitiar bat hil ziren—, eta gertakari horren ondorioz sortu zen egitasmoaren ideia. «Nahikoa zela esan genuen, eta bilerak egiten hasi ginen», azaldu du Elosegik. Harremanak Hezkuntza Elkarteko lehendakaria da, eta, errezildarra eta gurasoa izaki, arlo profesionalean ez ezik pertsonalean ere eragin zion gertakari hark. Elena Rikondo Saiaz mankomunitateko teknikariarekin batera, laguntza psikologikoa eskaini zien biktimen senideei. «Hiletaren egunean bertan deitu genion aldundiko larrialdietarako psikologoari laguntzera etortzeko, ez genekielako egoera horretan nola jokatu. 16 eta 20 urte arteko gazte pila bat etorri zitzaizkigun, antsietateak jotzeko beldurrez».

Egun horretatik aitzinera herritar gehiagorekin bildu ziren, eta egitasmoa gorpuzten hasi zen. Udala eta Ertzaintza berehala batu zitzaizkion ekinbideari. «Gizonengan ume-umetatik sustatzen den maskulinitate ereduak, seguru asko oharkabean sustatzen denak, lotura zuzena du abiadurarekiko zaletasunarekin eta errepideko arriskuarekin. Hargatik, gaiari heltzea eta eztabaidarako oinarri bat jartzea nahi izan dugu; ez dugu asmorik ezbeharren erantzukizuna inorengan jartzeko», adierazi zuen Sebero Agirretxe Errezilgo alkateak Bizitzaz Blai programaren aurkezpenean, joan den astean.

Biktimen senideen babesa

Amaia Izura ertzainari, berriz, «oso interesgarria eta beharrezkoa» iruditu zaio programa, BERRIAri adierazi dionez. Ertzaintzako hurbiltzailea da, hurbileko harremanetarako arduraduna, eta 23 urte daramatza lanean Urola Erdian. Eskualdean auto istripuekin sortu den egoera «oso gogorra» dela uste du, eta egitasmoaren ideia azaldu ziotenean berehala erantzun zien baietz. Ertzaintzak bide heziketako hitzaldiak egin ohi ditu ikastetxeetan, baina Izurak uste du Errezilen gorpuzten ari ziren programarentzat «motz edo txikiegi» gelditzen zirela; bertzeak bertze, Ertzaintzak ez duelako inoiz landu genero ikuspegia trafiko heziketan. «Errezilen, asko txikitatik ohitzen dira abiadurara eta autoetara. Guk eskaintzen dugun bide heziketaren betiko eredua ez zen nahikoa. Beraz, programa hau hezkidetzatik abiatzen da, rolen banaketak aztertzetik. Hori da berezitasuna».

Joan den astean hasi zuten Bizitzaz Blai programa, eta azaroaren bukaerara arte iraunen du. Elosegi psikologoak azaldu duenez, ez zuten urria baino lehen hasi nahi izan, iazko istripuan hildako gazteen senideen eta hurbilekoen dolua errespetatzeko. Programa egin ahal izateko, Elosegik erran du ezinbertzeko baldintza izan dela istripuetako biktimen senideek egitasmoa babestea. «Ezetz esan izan balute, ezinezkoa zatekeen. Baina esan zidaten baietz, bazela garaia zerbait egiteko».

Programa hiru kolektiborentzako saioetan oinarrituko da: ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Ikasleekin, adinaren arabera egokituko dira jarduerak, haurrak 5 eta 12 urte artekoak baitira. Atal garrantzitsu bat testigantzena eta eszenifikazioena izanen da. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik goitirako ikasleei zuzenduko zaizkie, eta parte hartuko dute istripuen biktima izandako eskualdeko gizon gazteek, ertzainek, suhiltzaileek eta larrialdietako arduradunek, bertzeak bertze. Gogor errotutako kultura edo tradizioak taldean azkarrago agertu ohi dira, eta, multzoak estal litzakeen bertzelako ikuspegiak azaleratzeko, ikasleekin metodologia berezi bat erabiliko da: bakarka edo talde txikitan hasiko dituzte lanak, eta horiek bukatuta partekatuko dituzte ondorioak talde handiagoetan. «Mutil eta neska asko ez dira ausartzen taldearen aurrean. Horrela, ahotsa ez dutenei ahotsa emateko modu bat da», azaldu du Elosegik.

Programa Errezilgo eskolako ikasleentzat eta horien inguruko kolektiboentzat egin dute —irakasle eta gurasoentzat—; beraz, ez du hartuko maskulinitatearen eta abiaduraren zaletasunaren probleman zerikusi handienetakoa duen sektore bat: guraso ez diren gazteena —eta, bereziki, gizon gazteena—. Elosegik azaldu du «lehentasunak» ezarri behar zituztela, eta, horretarako, egokiago ikusi zutela haurretan eta haien inguruan hastea. «Prebentzioa oso inportantea da. Proiektu asko hasten dira gazteekin, baina gazteek ideiak eginagoak dituzte. Haurrak malguagoak dira».

Ikerketa Goierrin

Beraz, etorkizuneko belaunaldiengan abiaduraren eta arrisku ekintzen pertzepzio positiboa deseraikitzea litzateke helburua, kontuan hartuta balio horiek bereziki gizonei eragiten dietela. «Helduek beste ikuspegi bat erakutsi behar diegu: badaudela mutil izateko era asko». Elosegiren arabera, abiadura ausardiarekin lotzen da, eta ausardia ezaugarri maskulinotzat ezarrita dago gizartean. «Eta beste estereotipo batzuk femeninotzat hartzen dira: koldarkeria, beldurra sentitzea... Mutila izatea beti ausarta izatearekin lotzen da, eta hori oso arriskutsua izan liteke».

Errezilek balio horiek deseraikitzeko ekinbidea hartu badu ere, herri horretatik eta haren eskualdetik kanpo ere ageri da problema hori. Maddi Garcia antropologoak ondorio bertsuak atera zituen Gipuzkoako bertze eskualde batean, Goierrin. «Mutilek sarri adierazten zuten lasterketak egiten zituztela elkarren aurka, bide zailagoak hartzen zituztela bihurguneetatik joateko, edo tronpoak egiten zituztela. Indar erakustaldiak, azken finean, ausartagoa zein zen erakusteko, eta norberari ezer gertatuko ez zaiola sinetsita beti». Gazteak eta autoa. Goierriko gazteek autoarekin duten harremana ikerketa 2008-2010 artean egin zuen, 18 eta 29 urte arteko emakumeak eta gizonak elkarrizketatuta —Goierriko Euskal Eskola kultur elkarteak, Maizpide euskaltegiak eta Lazkaoko Udalak antolatutako Gerriko ikerlan beka irabazi zuen—. Garciak emakumeetan ere identifikatu zituen «arrisku praktikak», gehienbat besta giroan alkohola edan ondoren autoa hartzearena. Baina ezberdintasun argi bat ikusi zuen: «Neskek ez zuten ohiturarik arrisku praktikak kontzienteki egiteko; ez zioten jarraitzen lagunen aurrean ausardia erakusteko ereduari».

«Prestigioa eta indarra»

Garciak ondorioztatu zuen gizonen artean autoa «prestigio eta indar ikur bat» dela, ibilgailua erabiltzeko moduan ez ezik, baita tipologian ere. «Motor indartsua, kolore eta estetika jakin bat, eta, gaur egungo kontsumo gizarteak bultzatuta, marka ere izan liteke prestigioaren adierazle».

Landa eremuetan autoaren erabilera bultzatzen duen ohiko bertze faktore bat garraio publikoaren eskasia izan ohi da. «Oro har, gehienek bigarren mailakotzat ikusten zuten», azaldu du Garciak, Goierrin elkarrizketatutako gazteei buruz. Baina, zerbitzu falta arazo bat bada ere, garraio publikoaren pertzepzioan ezberdintasunak antzematen dira emakumeen eta gizonen artean. «Emakumeen aldetik perspektiba kolektibo gehiago dago agian», Garciaren ustez. «Indibidualtasunak gehiago eragiten die mutilei. 'Zuk nahi duzunean, nahi duzun tokira joan', hori esaten zuten askok». Eta bertze adibide bat paratu du antropologoak: «Adin batetik goiti garraio publikoa erabiltzen duena gidabaimenik edo autorik ez duena da askotan, eta, etxeetan dagoen aberastasunaren arabera, normalean emakumea da autorik eduki ohi ez duena, nahiz eta gidabaimena eduki. Eta gazteek oharkabean errepikatu ohi dute txikitatik ikusi dutena».

Balio horien transmisioari galga paratu nahi dio Errezilgo Bizitzaz Blai programak. Elosegik azaldu du programa bukatutakoan balorazio orokor bat eginen dutela, eta orduan ikusiko dutela jarraipenen bat eman beharko ote dioten, aldaketaren bat egin, edo bertze zerbait asmatu beharko duten. «Uste dut arazo hau landa eremuetako herri txiki askotan dagoela. Gure proiektua besteentzat erakargarria eta baliagarria bada, hobe».

BERRIAn argitaratua (2016/10/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA