astekaria 2016/10/21
arrowItzuli

bizigiro

Euskaratik sortutako hizkerak

Lander Muñagorri Garmendia

Euskaratik sortutako hizkerak

Zer travala for ju? Txipa nola duzu? Arrotzak diruditen galderak dira, baina ez da erabat horrela. Euskal hiztunak erdizka uler ditzakeen esaldiak dira, hain zuzen, euskarazko oinarria garbia delako. Baina ez da euskara, eta hori ere bistakoa da. Euskaldunek islandiarrekin edo erromintxelekin komunikatzeko erabilitako hizkeren adibide dira. Zertan egiten duzu lan?; eta nola duzu izena? galderak, hurrenez hurren. Hizkuntza biren arteko erdibide bat, edo komenentziaz sortutako hizkera bat. Bi komunitatek elkar ulertzeko erabiltzen duten oinarrizko komunikazioa, beste era batera esanda. Historikoki euskaldunek tratu komertzial ugari egin dituzte atzerrian, eta atzerritik ere etorri izan dira Euskal Herrira behar egitera. Elkar ulertzeko nahi eta beharrak bultzatuta, hainbat hizkera edo pidgin sortu dira euskara eta beste hizkuntza baten artean. Euskara bere duten hizkerak ere badirelako.

Hizkera horiek, ordea, ez dira hizkuntza izatera iristen. Oinarrizko komunikazio baterako tresnak dira pidginak, merkataritzarako sortutako hizkera. Eta, horregatik, jokatu gabeko aditzak dituzte askotan. Erdibideko hizkera bat izaki, hizkuntza baten eta bestearen ezaugarriak tartekatzen dira: alde batek aditzak ematen ditu, beste batek hitzen ordena, eta bien artean sortzen dira hitzak. Bi komunitateen arteko harremanaren eraginez sortzen da pidgin hori, eta hartu-eman hori amaitzen denean desagertzen da, oro har.

Horregatik esan daiteke epemuga jakin bat duten hizkerak direla. Gaur-gaurkoz, euskarazko pidgin gehienak desagertuta daude, oro har, merkataritza harremanetan oinarritu zirelako. Behin harreman hori desagertzean, desagertu da hizkera hori ere. Baina horien lekukotasunak bilduta daude. Horrela jakin da euskal balea arrantzaleak Islandia edo Ternuara joan zirenean islandiera eta algonkinoarekin nahastutako hizkera bat sortu zela; erromintxelen komunitatea Euskal Herrian sartu zenean romaniaren eta euskararen arteko mintzaira bat hitz egiten hasi zirela; edo teilagile asturiarrek, hemengo bezeroekin harremanak izateko, euskara eta asturiera nahasten dituen xiriga erabili zutela.

Xirigari eusteko lanean

Hain zuzen ere, teilagile asturiarrek erabiltzen zuten xiriga mantendu nahian ari dira Llanes (Asturias, Espainia) inguruko herrietan. «Gaur egun oraindik adineko pertsona batzuek hitz egiten dute xiriga, baina desagertzear dago», azaldu du Felix Mugurutza Aunia elkarteko kideak. Teilagileen jarduna ikertu du zenbait urtez, eta, horrekin batera, baita xiriga ere. Larunbat honetan, jarduera horren inguruko azalpenak emango ditu Orozkon (Bizkaia) egingo duten bisita gidatuan. Xiriga desagertzear dagoela azaldu du, baina zenbait herritar hizkeraren transmisio lanak egin nahian dabil Asturiasen. Baina haren iraupena bermatzea zaila dela dio, xiriga teilagileei zuzenean lotuta doan hizkera delako.

Joaten ziren lekura, jargoi berezi bat sortzen zuten teilagileek. «Elkarren arteko hizkera ez ulertzeko egiten zuten hori», eta gremioaren bereizgarrietako bat bihurtu zen. XIX. mende erdialdean, Bizkaia eta Gipuzkoa mendebaldera etortzen hasi ziren teilak egitera, eta orduan hasi ziren esparru geografiko horretarako euren hizkera sortzen. «Ez da gaur egun bezala, kanpotar bat etortzen bada gurera, gaztelerara jotzen dutela; garai horretan baserritar asko elebakarrak ziren, eta eurekin komunikatu behar zuten». Horrela hasi ziren asturiera eta euskarazko hitzekin osatutako pidgina sortzen. Euskararen eragina nabarmena da xirigan, zenbakietan batez ere. Euskaraz bezala kontatzen baitute kasik. «Sekretismo horri eusteko baliabide gisa erabiliko zuten, euren herrira itzuli eta zenbat diru egin zuten jakin ez zezaten».

Baina teilagintza industrializatzen hasi zen XX. mende hasieran, eta, horrekin, apurka asturiar teilagileen udako jarduna agortzen hasi zen. «Teilak modu tradizionalean udan bakarrik egin zitezkeen, buztina lehortu beharra zegoelako; baina prozesua industrializatzen hasi zenean, edozein unetan eta etengabe egin zitezkeen teilak». Jarduera hori desagertuz joan zen, eta, apurka, baita asturiarren eta euskaldunen arteko harremana ere.

Amaitu gabeko ikerketa

Antzera gertatu zen erromintxelarekin ere. 1995. eta 1996. urteen artean hizkera hori aztertzen aritu zen Josune Muñoz ikerlaria, eta, haren ustez, erromintxelen komunitatea hirietan egonkortu zenean hasi ziren euskaldunekiko harremana galtzen. «Beste ijitoekin hasi ziren harremanetan, eta komunikazio horiek gazteleraz egiten zituzten, eta orduan hasi ziren erromintxela hizkera galtzen». Joera aldaketa hori ikusirik, Kale Dor Kayiko ijito kultur elkarteak EHU eta Euskaltzaindiarekin erromintxela komunitate eta hizkeraren inguruko ikerketa bat abiatu zuen. Hizkeraren atala aztertu, eta egitasmoak ez zuen aurrera jarraitu. «Sekulako pena izan zen hori», dio Muñozek. Baina erromintxela hizkera bera aztertu ahal izan zuen hark.

XVI. mendekoa da erromintxelaren inguruko lehen aipamena. Europa zeharkatu ostean, ijitoak Ipar Euskal Herrira iritsi ziren. Han hasi ziren euskaldunekin hartu-emanak eta tratuak egiten, eta orduan hasi ziren hizkuntza bera ere garatzen. «Baserri eta plazetara joaten ziren asko, eta horiekin komunikatzeko behar zuten erromintxela». Oinarrian, gainera, lapurtera zeukan pidginak, «handik sartu baitziren, eta jatorri hori oraindik sumatzen zen». Baina, ostera, erromintxel komunitate bakoitza zegoen eremuaren arabera, euskalki horien bereizgarriak hartzen zituzten.

Ikerketa egiten ari zen garaian erromintxela ikasi zuen Muñozek. «Erraz ikasten da, azken finean hitzak ikastea baita; ondoren oinarria antzekoa da». Horrela lortu zuen erromintxelaren hiztegia osatzea, «ordura artekoa aurreiritzietan oinarrituta baitzegoen». Hitz negatiboak bildu zituzten ordura arte: labana, lapurtu, edo oiloa, esaterako. Gaur egun, beraz, hiztegi osatuago bat gordetzen da, baina paperean soilik. «Eguneroko bizimoduan hitz egiteko gai ziren azken pertsonak elkarrizketatzeko aukera izan nuen». Baina dagoeneko apenas geratzen den erromintxelaz mintzo den ijitorik.

Baleak eta hizkuntza

Paperean geratuko da hizkera hori, balea arrantzaleek Islandia eta Ternuako aborigenekin garatu zituzten pidginak bezala. Euskaldun baleazaleak XVI. mende inguruan Ternua eta Islandiako uretan zebiltzan arrantzan. Batekin eta besteekin komunikatzeko hizkera ezberdina garatu ziren, euskara-algonkino pidgina, eta islandierarekin sortutakoa. Ternuako arrantzaren arrakasta izan zen lehenbizikoa, eta 1530. eta 1580. urteen artean loraldia izan zuten euskaldunek. «Oinarrizko beharrei lotutako hizkera garatu zuten, merkataritza eta arropa hitzak erabiliz», dio Gidor Bilbao euskaltzain urgazleak.

Ternuako arrantza apaltzen joan zen, eta euskaldunak Islandiako baleen arrantzan aritu ziren hurrengo urteetan. Eta han ere berdin, pidgin propioa garatu zuten. Baina hartu-eman eta hizkera horren kasuan testigantza gehiago topatu dira. «XVII. mendeko dokumentu bati esker euskara eta islandieraren arteko hizkeraren erreferentzia ugari topatu dira, esaldiak eta guzti; horregatik esan daiteke pidgin hori interesgarriagoa dela, testigantza gehiago topatu direlako». Edozein modutan, ez du itxaropena galtzen, eta algonkinoarekin ere beste hainbeste gertatuko dela espero du.

BERRIAn argitaratua (2016/10/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA