astekaria 2016/10/14
arrowItzuli

politika

'Nazioa', zubi ala oztopo?

Hodei Iruretagoiena

'Nazioa', zubi ala oztopo?

EAJren eta PSE-EEren artean badaude «gune gris» batzuk; batez ere, EAEren estatus berriari buruz. Alderdi jeltzalearen EBBko buru Andoni Ortuzarrek esan berri du hori Eusko Legebiltzarrerako bozen osteko bilerak baloratzeko agerraldian. Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, berriz, Sabin Etxeko atarian ekarri zuen gogora, Ortuzarrekin-eta bilera egin ondoren, «prest» leudekeela nazio kontzeptua onartzeko balizko estatutu berri batean. Hori bai, hauteskunde programan jaso duten gisan, «garbi geratuz gero ez dela oinarritzen balizko burujabetza desberdindu batean». Alegia, nazio kulturalari bai, baina politikoari ez.

Foru aldundietan eta udaletan elkarrekin gobernatzen ari direnez, pentsa liteke kudeaketan ez luketela oztopo gaindiezinik bi alderdiek Eusko Jaurlaritza ere batera osatzeko. EAEko erakunde gorena izanik, ordea, garrantzia izan dezakete Ortuzarrek aipatutako «gune grisek». Ikurrinaren koloreek argituko dituzte, agian? Ala grisean geratuko dira?

PSE-PSOEk aurrena, eta PSE-EEk eta PSNk gero, jarrera ezberdinak agertu dituzte garaian-garaian, baina, oro har, esan liteke euskal nazioaren eskubide politikoak ukatzera jo dutela.

1976-1978: «TRANTSIZIOA»

PSOE: autodeterminaziotik «nazioaren batasunera»

Espainian gaur arte indarrean den sistema ezarri zenekoa da garai erabakigarri bat. 1976ko otsailean, «Gora Euskadi askatuta» oihukatu zuen Felipe Gonzalezek. Urte hartan onartu zuten PSOE: Trantsiziorako Programa txostena; besteak beste, Espainiako Konstituzioan «autodeterminaziorako eskubidea» jasotzea proposatu zuten.

Tartean hauteskundeak, alderdiaren bi kongresu eta tentsio zenbait pasatu ondoren, erabat aldatu zen PSOEren jarrera. Sutsu jardun zuen 1978ko Konstituzioaren alde. Argi dio hor: «Konstituzioa espainiar Nazioaren batasun banaezinean oinarritzen da». Nazioa bat eta bakarra dela —espainiarra—, alegia, eta nazionalitateak direla gainerakoak.

1979: ESTATUTUA ETA

FORU HOBEKUNTZA

Subjektu izaerarik ez

EAJk eta PSE-PSOEk, biek egin zuten gero Gernikako Estatutuaren alde. Hala dio testuaren sarrerak: «Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazgarri —nazionalitate, gaztelerazko bertsioan— eta bere burujabetasuna iristeko, espainol Estatuaren barruan Komunitate Autonomo gisa eratzen da. Beronen izena Euskadi zein Euskal Herria izango da».

Espainiako Konstituzioak badakar aldi baterako laugarren xedapena ere, Nafarroako Foru Hobekuntzan eta Gernikako Estatutuan ere aipatua, Nafarroako Parlamentuak hala erabaki eta erreferendum bidez berretsiz gero, lurralde hori EAEn sartzeko. Hori bai, estatus berri bat lortzeko, ezinbestekoa da Espainiako Gorteen oniritzia. Nazionalitateak onartzen dira, beraz, baina subjektu politiko gisa aitortu gabe.

1998: LIZARRA-GARAZI

«Euskal Herriak erabakia»

Lizarra-Garazi garaikoa da euskal nazioa subjektu politiko bilakatzeko ahaleginik esanguratsuenetako bat. 1998. urteko irailaren 12an sinatutako akordioan, nazioaren aipamenik ez dagoen arren, testuak argi heltzen dio zio politikoari: «Euskal Herriak hitza eta erabakia izan behar ditu». EAJk bat egin zuen horrekin, baina kanpoan geratu ziren PSE-EE eta PSN.

2006: LOIOLA

Nazio «izaera»

Loiolako negoziazioetako akordio zirriborroa izango da, Frankismo osteko trantsiziotik, Hego Euskal Herriaren subjektu izaera politikoaz PSE-PSOEk onartu duen testurik aurrerakoiena. Euskal Herriaren nortasun nazionala jasotzen du EAJk, PSE-PSOEk eta Batasunak adostu zuten zirriborroak; nazio «izaera» duela esaten da. «Onartu egiten dugu Euskal Herria izeneko errealitate bat badela, lotura sozial, linguistiko, historiko, ekonomiko eta kulturalek osatutakoa», diote testuan, zazpi lurraldeak aipatuta.

Erabakimenari lotuta, berriz, ondorengoa zekarren: «Konpromisoa hartzen dugu euskal herritarrek modu libre eta demokratikoan hartzen dituzten erabakiak Estatuko instituzioek errespetatuko dituztela defendatzeko». Ez zuen Espainiako instituzioek hori errespetatuko zuten bermerik, baina adostutakoa «defendatzeko» konpromisoa hartu zuen PSOEk. Azkenean, ordea, hiru alderdiek ez zuten lortu akordio zirriborroa berretsi eta gauzatzea.

2014: EGIGURENEN IDEIAK

«Nazioa eraiki» beharra

Geroztik, gatazkaren ondorioen konponbidean aurreraurrats nabariak izan diren arren, estatus politikoaren gaiak ez du aurrerabide handirik izan. 2014an, oraindik PSEko presidente zela, Euskal Herria, por un nuevo nacionalismo, vasquismo y navarrismo (Euskal Herria, abertzaletasun, baskismo eta nabarrismo berri baten alde) liburua atera zuen Jesus Egigurenek, Gara egunkariarekin. Euskal Herriaz, «eraiki» beharreko «nazioaz» idatzi zuen hor, eta PSEk berritu bat behar zuela ere bazioen. Hori bai, argi utzita ez zuela nahi independentziarik: «Nazioa eraikitzen joan daiteke inorekin hautsi gabe». Alderdiaren zuzendaritzako kideen posizioak ikusita, ordea, argi dago salbuespena zela Egiguren.

2015-2016: MUGIMENDUAK?

«Euskal Herriak erabakia»

Iaz BERRIAn egindako elkarrizketa batean, PSEko idazkari nagusi Idoia Mendiak esan zuen Euskal Herria, gehienez ere, nazio kulturala dela. Iaz, Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean proposatutako txostenean jaso zuten PSE «prest» legokeela estatutu berrian nazio kontzeptua sartzeko, garbi utzita «zio kulturalak, historikoak eta linguistikoak izateak ez duela esan nahi estatu bat eratzeko eskubide politikoa duenik». Berdin egin zuten EAEko bozetarako programan ere.

Ortuzarrek Alderdi Egunean esan zuen «bereziki Euskadi nazioa dela uste duten guztiekin» hitz egingo zutela, legealdi berrirako. Baina, PSEri keinu egin nahian-edo, EAJk «kultur nazioa» aipatu zuen hauteskunde programan: «Alderdi politikoek Euskal Herriaren egungo eta etorkizuneko antolaketaren gainean izan ditzaketen ezberdintasunez harago, oinarrian Euskal Herria lotura sozialez, hizkuntzakoez, ekonomikoez eta kulturalez osatu kultur nazio bat dela partekatu behar dugu». Definizio hori ikusita, badirudi sozialistek ez luketela arazo handirik izango «kultur nazio» hori onartzeko.

Ortuzarrek aipatutako «gune grisak» argitzeko, agian, beste bat da galdera: EAJ prest legoke, kudeaketaren mesedetan, nazio politikoari uko egingo dion estatutu berri bat onartzeko?

BERRIAn argitaratua (2016/10/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA