astekaria 2015/11/06
arrowItzuli

gizartea

117.000 irakurle ditu BERRIAk

Garikoitz Goikoetxea

117.000 irakurle ditu BERRIAk

Euskaraz egunkaria irakurtzeko gai direnetatik, ia bostetik batek aukeratzen du BERRIA. Eusko Jaurlaritzak ikerketa egin du euskarazko hedabideen audientziari buruz, telefono bidezko inkesta baten bitartez. Astean zeharreko irakurleak zenbaturik, 117.000 kontsumitzaile baino gehiago dauzka euskarazko egunkari nazionalak. Zatirik handiena egunero-eguneroko irakurleak dira: 62.000 lagun. Horiei erantsi behar zaizkie astean tarteka hartzen dutenak, egun batzuetan: 55.000 lagun baino gehiago. Eusko Jaurlaritzaren inkestak dio 690.000 hiztun direla euskarazko komunikabideak kontsumitzeko gai. Horrenbestez, asteko irakurle horiek kontuan harturik, BERRIA haietako %17rengana heltzen da.

Euskarazko hedabideen arloan inoiz egindako inkestarik handiena da. Urtarril eta uztail artean egin zuten lana, telefono bidezko 8.100 elkarrizketaren bidez. Kontsumitzaile potentzial gisa hartu dituzte euskaldunak eta euskaldun hartzaileen zati bat —galdetu diete telebista edo irratia ondo edo nahiko ondo ulertzeko gai diren, edo aldizkari bat irakur dezaketen—. Azkenean, laginaren %94 ziren euskaldunak, eta hartzaileak, %6. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiztunez gain, aintzat hartu dituzte Nafarroako eremu euskaldunekoak eta mistokoak, eta Lapurdiko sei udalerritakoak.

Metodologiari dagokionez, audientziak neurtzeko beste ikerketa batzuen irizpideei segitu diete. Bi datu ageri dira: galdera egiteko bezperan zenbatek kontsumitu duten hedabidea, eta asteko kopurua zenbatekoa den. Ikerketa honetan, halere, bi aldagai aintzat hartu behar dira. Batetik, oso izaera ezberdineko hedabideak ikertu dituztela —egunkariak, astekariak...—; bestetik, BERRIAri dagokionez, astearteetan ere galdetu dutela —bezperan ez du alerik—. 36.644 dira bezperako irakurleak.

Noizean behingoekin, %22

Asteko irakurleen kopurua da, horrenbestez, nabarmentzekoa. 117.000 lagun. Horiei gehitu behar zaizkie, gainera, ohiko irakurle izan ez arren noizean behin BERRIA hartzen dutenak: 27.000 lagun baino gehiago dira horiek. Portzentajetan, publiko potentzialaren %17 lirateke ohiko irakurleak —gutxienez astean behin irakurtzen dutenak—; lantzean behingoak kontuan hartuta, %22.

Ikerketan, bi euskarriak hartu dituzte aintzat: paperekoa eta Internetekoa. Hona diferentziak: BERRIAren irakurleen %48k papereko egunkarira jotzen du; %31k, Internetekoa; eta %20k, bietara.

Irakurleen ezaugarriak ere jaso dituzte azterketan. Herrialdeka, bistakoa da egoera soziolinguistikoaren ispilua: BERRIAren irakurleen %48 gipuzkoarrak dira; %31, bizkaitarrak; %11, arabarrak; eta %10, nafarrak. Hamar irakurletik seiren lehen hizkuntza euskara da; hirurena, gaztelania. Gaitasunari dagokionez, %42k erraztasun handiagoa dute euskaraz egiteko; antzeko kopurua da bi hizkuntzetan berdintsu egiten dutenena. Irakurketan dago aldea: bakarrik lautik batek dio euskaraz errazago irakurtzen duela gaztelaniaz baino; %44k, bietan berdin.

Adina: 34 urte baino gutxiagokoak dira %38; 35-49 urtekoak %32; eta hortik gorakoak %31. Gizonak dira zerbait gehiago: irakurleen %54. Ikasketei dagokienez, goi mailako titulazioak dauzkate erdiek baino gehiagok: %56k.

BERRIAn argitaratua (2015/11/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA