astekaria 2016/10/14
arrowItzuli

iritzia

Zakilaren mintzoa

Iñigo Aranbarri

Zakilaren mintzoa Iñigo Aranbarri

Bada Torres Garciaren koadro bat Hego Amerika buruz behera erakusten duena, Suaren Lurraldea erpinean eta Venezuelako kostaldea ipurdian. Maiz datorkit gogora, zetorkiguna halaxe irakurtzen genuelako benetan zer gertatu zen jakin nahi bagenuen. Hala ikasi genuen Gobernu Zibileko komunikatuak interpretatzen. Nola ulertu bestela tiroa airera bota eta manifestazioetan hildako haiek guztiak? Nola ulertu Bidasoan Mark Spitz bihurtu nahi izan ziguten Mikel Zabaltzaren heriotza? Nola hainbeste leiho, jauzi eta abarren magia trukoak? Hala sortzen ziren gero kontroletako ongiaren eta gaizkiaren solasaldi antzeztu haiek, goizeko lauretan, mendiari begira eta prakak orkatiletan galdetzen zigutenean nola konpondu behar zen «hemengo arazoa», aurpegiratzen zigutenean zergatik genien horrenbesteko gorrotoa.

Eta uste dut ezinikusi atabiko horrexek berak poztu duela bat baino gehiago jakinarazi zaigunean Iruñeko bortxaketan guardia zibila dela erasotzaileetako bat, lehendik genekiena sendotzera baitator. Nekane Txapartegiren salaketa berpiztu digute; Amaia Urizarrena, umetokiraino sartu zioten pistola galdeketan. Kristina Getek makila ibili ziotela alu-uzkietan kontatu zuen. Ane Beristainek titiburuak erre zizkiotela kiskero batez. Rita Margarete R. brasildarrak Indautxuko komisaldegian bortxatu zuten bi polizia salatu zituen...

Psikologiatik antropologiara, luze mintza gaitezke «segurtasun indarrek» atxilotuei egindako sexu erasoez. Unibertsala da. Boterea da, biktima minduran muineraino umiliaturik, indarra, hierarkia, zakilaren mintzoa erakusten. Baina Iruñean atxilotutako guardia zibilarena nabarmenduta ez dakit ez ote gabiltzan beste zerbait gorde nahian, ez ote zaigun irakurtzen ahaztu, badakigulako indarrarenak, hierarkiarenak, zakilaren mintzoarenak ez duela komisaldegirik behar, askozaz ere gertuago, norbera izutzeko bezain gertu dugula.

BERRIAn argitaratua (2016/10/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA