astekaria 2016/10/14
arrowItzuli

ekonomia

GLOBALISTEN AMESGAIZTOA

Ivan Santamaria

GLOBALISTEN AMESGAIZTOA

Nik ez nuen hasi eta zeuk ezin duzu gelditu, zeure etorkizuna eta giza garapena bera arriskuan jarri gabe, behintzat». Thomas Friedman kazetari eta ekonomian adituarena da esaldia. Globalizazio ekonomikoaren defendatzaile sutsuenetako bat izan da beti Friedman, eta hitz apur horietan laburbiltzen ditu prozesuaren bizpahiru dogma nagusiak. Bat, inor ez dago globalizazioaren atzean —«nik ez nuen hasi»—. Bi, prozesu geldiezina eta atzeraezina da —«zeuk ezin duzu gelditu»—. Eta hiru, globalizazioa ona da mundu guztiarentzat, eta gelditzeak giza garapena bera jartzen du arriskuan. Hamahiru urte igaro dira Lurra laua da liburuan esaldi hura jaso zuenetik, eta kezkatuta daude globalizazioaren aldekoak. Gelditzen ari da geldiezina zena? Amaitzen ari al da globalizazioa?

Kontzeptu labainkorra da globalizazioa. Prozesu bakarra da, edo aldi berean ematen ari diren prozesuen batuketa? Berlingo Harresia erori zenean hasi zen, edo fase historiko luzeago baten parte da? Ziur aski, errazagoa da globalizazioaren alde ekonomikoaren ezaugarriak definitzea, baina komeni da ez ahaztea gutxienez prozesu sozial, teknologiko, politiko eta kulturalak daudela martxan. Batzuk eta besteak ez dira independenteak, eta mundu garaikideari forma ematen diote, elkarri eraginez.

Kapitalaren, ondasunen eta zerbitzuen truke geroz eta handiago eta libreago bat da globalizazio ekonomikoaren zutabe nagusia. Produkzioan eta antolakuntzan ondorio ikaragarriak izan ditu abiapuntu horrek, eta ordena ekonomiko berri bat sortu du munduan. Aldaketa horrek hainbat ondorio izan ditu: multinazionalak —«globalizazioaren B-52 bonbaketariak», Jagdish Bhagwati ekonomistaren hitzetan— geroz eta handiago bilakatu dira; nazioarteko erakunde ekonomiko boteretsuak indartu dira (NDF edo MME, esaterako); eta eskualde mailako merkatu handiak sortu dira —Europako Batasuna, kasurako—.

Merkataritza liberalizatua eta kontsumo globala ia naturaltzat jotzen dituen ideologia neoliberala nagusi bihurtu da, bitartean. Azken finean, merkatuak autoerregulatzen direla eta onena euren kasa uztea dela aldarrikatu duen ideologia da. Kritikak kritika —mugimendu altermundialistan gorpuztu zena—, kontakizun horrek ondo eutsi zion zentralitateari, 2008. urteko finantza krisiak teoriaren arrakalak bistan utzi zituenean. Kapitalari hesiak eta trabak kendu izanak ez zuen arriskua mugatu, globalizatzaileek zioten bezala, kontrakoa baizik: sistemarentzat erlojupeko bonba bihurtu zen.

Merkataritza, atzeraka

Panamax klaseko itsasontzi arrunt batek 65.000 tona salgai garraiatzen ditu, tamaina bera duten edukiontzitan banatuta. Merkataritza libre horren ikur bilakatu dira mundu globalizatuko itsasoak zeharkatzen dituzten halako barku erraldoiak. Ez da harritzekoa oso sarritan irudikatu dela dinamismo ekonomikoa ontzi baten irudiarekin, globalizazioa aurrera doan seinaletzat hartu izan baita ondasunen salerosketa indartsua. Albiste txarrak daude ekuazio horretan sinetsi dutenentzat.

Duela egun gutxi argitaratu zuen MME Munduko Merkataritza Erakundeak 2016. urteko merkataritzari buruzko txostena. Iragarpena da aurten %1,7 handituko dela. Egia da izan direla atzera egin duen urteak —1982, 2001 eta 2009—, baina kasu horietan krisi bati lotutako jaitsierak dira. Garrantzitsuena da hazkundearen atzetik ezkutatzen dena: merkataritzaren igoerak munduko hazkunde tasa gaindituko ez duen lehen urtea da 1980. urtetik, 2001. urteko salbuespenarekin. Trukea moteltzeari gehitu behar zaio inbertsioaren ahulezia. Biak izan dira ezinbesteko faktoreak globalizazioa hedatzeko.

Merkataritzak bultzada galdu du krisi osteko munduan, baina horren inguruko interpretazioan ez dago adostasunik. Batzuek fenomenoa lehengaien prezioak izan duen jaitsierarekin lotu dute. Argudio horri jarraituz, egoera iragankorra litzateke. «Bistako ondorioa da globalizazioaren indar atzeraezinek bultzada galdu dutela», azaldu du Daniel Gros Bruselako CEPS think tank-eko zuzendariak. Haren ustez, hala ere, kontrara ikus liteke egoera. Hau da, globalizazioa ez da izan horren indartsua, eta lehengai garestiek puztu dute itxura hori.

Baina ez dira gutxi merkataritzaren gainbehera alerta seinaletzat jo dutenak, tartean MME bera, liberalizazioa hedatzeko ardura bere gain hartu zuen erakundea. «Merkataritza hazkundearen jaitsiera dramatikoa kontu serioa da, eta iratzartzeko deia izan beharko luke. Bereziki kezkagarria da globalizazioaren aurkako sentimendua handitzen ari den egoera batean», azaldu zuen Roberto Azevedo erakundeko zuzendariak aurtengo txostenaren aurkezpenean. Lehengai inportazioen jaitsiera da merkataritzak atzera egin izanaren arrazoietako bat, baina globalizazioaren aldekoen bi arerio handienak atzean leudeke: liberalizazio handiagoaren falta eta protekzionismoaren buelta.

Ideologia neoliberala merkatuan oinarritzen denez, geroz eta merkatu handiagoak eta libreagoak eratzea izan da lehentasuna. Ahalegin horren erakusle da Munduko Merkataritza Erakundea bera sortzeko akordioa, 1994. urtean. Haatik, hura izan zen azken urrats arrakastatsua. Ondoren egindako saioek —bereziki, 2003. urtean abiatutako Dohako Saila— porrot egin dute. MME globalizazioaren erdigunean jarri zen, eta horrek altermundialisten jopuntu bihurtu zuen. Merkataritza liberalizatuaren balizko onurak ere eztabaidaren parte dira orain.

Funtsean, ekonomista ia guztiak bat datoz: merkataritza trukea ona da ekonomia batentzat. Baina irekiera da hor gakoa. Ekonomista neoliberalentzat truke horri ahalik eta traba gutxien jarri behar zaizkio, parte hartzaile guztien mesederako dela argudiatuta. Ikuspuntu hori eztabaidan nagusi izan da orain dela gutxi arte, ekonomista kritiko gehiago agertu direnean. Haietako bat da Ha Joon Chang, eta zalantzan jarri du merkataritza liberalizatuaren balio unibertsala: «Protekzionismoa ona da modu eta sektore egokietan ezartzen bada». Garai batean sakrilegioa zitekeen.

Protekzionismoa hedatzen

Zer da protekzionismoa? Merkataritza librearen aldekoentzat, trukeari ezarritako mugak edo salgaien prezioak desitxuratzen dituzten neurriak dira. Kontu garrantzitsu bihurtu da krisi ekonomikoa hasi zenetik. Goi bilera guztietan protekzionismoaren aurkako aipamena sinatzen dute G20 taldeko gobernuek, baina ez datoz bat esaten direnak eta ondoren egiten direnak.

Global Trade Alert azterketa iraunkorra martxan du Londresko CEPR Politika Ekonomikoaren Ikerketarako Zentroa think tank liberalak. Funtsean, merkataritza libreari eta atzerriko inbertsioari eragiten dizkioten neurriak eta erabakiak bilatzen eta aztertzen dituzte. Esaterako, subsidioak, erreskateak, edo produktuei ezarritako tarifak.

Krisia hasi zenetik 6.000tik gora neurri protekzionista atzeman dituzte: onartu direnen hamarretik seik «dudarik gabe» trabatzen dute merkataritza librea, CEPRren aburuz. Neurri «diskriminatzaileak» %50 handitu dira aurten, aurreko urtearekin alderatuz. Iazko datuei begira, G20 taldeko kideak dira arau protekzionista gehien hartu duten hamar herrialdeak. AEBek hartu dute neurri gehien: mila baino gehiago Lehman Brothersen porrota gertatu zenetik.

Kapital mugimenduetan eta merkataritzan dagoen egoera ez zaie oharkabean pasatu globalistei. «Globalizazioa geldiune batean dago, eta, alor batzuetan, atzeraka egiten ari da», idatzi du duela gutxi Martin Wolf ekonomialariak Financial Times egunkarian. Wolfek eta beste batzuek eutsi diote liberalizazioaren aldeko jarrerari, baina, orain, onartu dute prozesuaren zehar kalteak begi bistako bihurtu direla. Okerra da —«sakona», Wolfen ustez— globalizazioaren irabaziak banatzeko orduan sortu den desoreka handia, eta baita kaltetuei egoera arintzeko eman zaien laguntza eskasa ere. Agenda ekonomiko globalaren erdian kokatzen ari da desoreka. Globalizazioaren galtzaileak haserre daude, batez ere ekonomia aurreratuetan, eta mendeku bila hasi dira.

Istorio hau kontatu zuen Andy Haldane Ingalaterrako Bankuko ekonomialari nagusiak, Erresuma Batua EBtik ateratzeko erreferenduma gertatu eta egun gutxira. Nottingham hiriko komunitate zentro batera bisita egin zuen aste batzuk lehenago. Finantza krisiaren ondotik ekonomiak izandako susperraldia azaltzen hasia zen Haldane, eta publikoaren artetik galdera hau egin zioten: «Zer esan nahi duzu zehazki susperraldia diozunean?». Begiratu zuenean «kopeta ilunen baso bat» ikusi zuen aurrez aurre ekonomistak. «Susperraldiaren kontakizuna sinpleki ez zetorren bat euren bizipenarekin», onartu zuen Haldanek. Brexit-a garaile aterako zen gero hiri horretan.

Irakaspen argia ematen du istorioak. Jende askori globalizazioak ez dio eman inolako etekinik. Krisiaren ondorengoak sentipena areagotu du gizartearen sektore batzuetan, eta ez da oinarririk gabeko kritika bat. Diru sarreren bilakaerari buruzko azterketa bat argitaratu zuen udan McKinsey Global Institute elkarteak. Ondorio deigarria zuen: herrialde garatuetako populazioaren %70en diru sarrerek ez dute hazkunderik izan 2005. eta 2014. urteen artean. 500 milioi lagun dira. 1993. eta 2005. urteen artean soilik %2k zuten arazo bera. Ondorio politikoak dituen arazoa da, egileen ustez: hobekuntzarik ikusten ez dutenek aukera handiagoak dituzte Frantziako Fronte Nazionalaren gisako muturreko alderdien zale izateko.

Azken finean, politikoki salmenta zaila duen zerbait bihurtu da globalizazioan sakontzea. 2000ko hamarkadan altermundialistak eduki ez zuten eragin politikoa lortzen ari dira orain norabide ekonomikoa kezkaz ikusten dituztenak. EB eta AEBak negoziatzen ari diren TTIP akordioaren aurkako iritzi publiko sendoa sortu da, esaterako, eta, Pazifikoan hamabi herrialdek antzeko itun bat sinatu duten arren, ez dago hain garbi azkenean gauzatuko den. Arrisku berriak ere sortu dira. Garai batean altermundialismoak bestelako mundu bat aldarrikatzen zuen, baina gaur alde ilunago gehiago ditu globalizazioaren kritikak. Migratzaileak dituzte jopuntuan horietako askok, ironikoki pertsonen mugimendu askea ez denean inoiz egon globalisten lehentasunen artean.

Globalizaziotik tiraka ari ziren kateak pitzatuta daude. Balizko etorkizunari buruz hiru aukera aipatzen dira nagusiki. Hipotesi baikorrenek diote globalizazioak fase bati ekiteko gai izango dela, aurkitu zaizkion egiturazko akats batzuk zuzenduta. Beste batzuek globalizazioaren etena proposatu dute, eta horren ordez jadanik azaleratu den mundu multipolar baten aroa. Azkenik, globalizazioaren errefusatzea teoriatik praktikara pasatu eta bakardade garai berri bat abiatzea. Nolako mundua datorren erabakitzeko dago, baina menderaezintasun aura galdu du azken hamarkadetako prozesu ekonomiko garrantzitsuenak.

BERRIAn argitaratua (2016/10/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA