astekaria 2016/10/14
arrowItzuli

politika

Originala eta kopiak

Jokin Sagarzazu

Originala eta kopiak

Azken urteotan alderdi gehienek identifikatu dute beren burua, era batera edo bestera, Jose Antonio Agirre lehendakariaren Eusko Jaurlaritzarekin. Baina beti izan da hala? Gobernu horren sorrera, helburuak eta bilakaera ere izan dira eztabaida iturri. Oso zabalduta dagoen ikuspuntua da lehen Jaurlaritza «ezberdinen arteko akordioetatik» sortu zela, baina gutxiagotan gogoratzen da 1936ko gerra hasi arte Espainiako Gobernuak ez zuela legeztatu estatuturik Hego Euskal Herriarentzat, eta gerra hasi zenean eman ziola oniritzia, errepublika armekin babestean, eta soilik Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. Estatutu horren eta Frankismoaren ondoren onartu zen Gernikako Estatutuaren artean dauden aldeak ere aztertu dira sarri, eskumen eta burujabetza mailakoak, bereziki. Horretaz eta aurrera begirakoez hitz egiteko, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza izango duten bost alderdietako ordezkari banarekin izan da BERRIA.

Atzo bete ziren 80 urte, eta gobernu hura «eredu» da gaur egun alderdi abertzale eta independentistentzat. «Zorretan gaude. Gure pentsamendu politikoaren sustraiak Agirreren printzipio eta balioetan daude», azaldu du Iñigo Iturrate jeltzaleak. Haren arabera, gobernu hartatik azpimarragarriena da «borondateak biltzen» jakin izan zutela, «aberri libre eta demokratiko baten alde» borrokatu zirela eta eskubide indibidualak eta «Euskal Herriaren eskubide kolektiboak» defendatu zituztela. «Eta hori guztia ikuspegi humanista eta europazale batetik».

EH Bilduko Pello Urizarrek, berriz, azpimarratu du EAk eta ezker abertzaleak, oro har, «beti» aldarrikatu dutela Agirre lehendakariaren gobernua. «Ez da oraingo kontu bat». Orduko Jaurlaritzatik zerbait nabarmentzekotan, akordioak egiteko izaniko gaitasuna aipatu du. «Altxamendu faxista baten aurrean, euskal politikagintzan zeuden desberdintasunak bigarren mailan utzi eta aniztasunaren isla izan zen gobernua». 80 urte igaro arren, eta tartean diktadura bat, Urizarrek dio maila politikoan mantendu egin dela orduko espiritua: «Euskal Herria nazio bezala onartzeko konpromisoa».

Lehen Jaurlaritzari buruz abertzaleek egiten duten defentsa sutsuarekin ez du bat egiten PPk. Carmelo Barrio legebiltzarkideak dio aintzat hartzen dutela 1936ko gobernua, «orduko legearen barruan» sortu zelako, baina azaldu du haientzat ezin dela izan eredu bat, «orduko testuinguru politikoagatik». «Hauteskunderik ere ez zen egin gobernua osatzeko, eta modu demokratikoan garatzeko aukerarik ere ez zuen izan», gogoratu du PPkoak. Barriok azpimarratu du Euskal Herriak izan duen «autogobernu erreferente bakarra» dela 1979ko estatutua, eta hori dela haiek defendatzen dutena. «Hori eta Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren foraltasuna».

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Sergio Camporentzat, aldiz, «positiboa izan daiteke» alderdi denek bat egitea lehen gobernu haren printzipioekin. «Euskal gizartearen autogobernu nahiaren isla izan zen; baita pluraltasunarena eta orduko aukera demokratikoen arteko errespetuarena ere». Campok uste du orduko egoera zailean denak bat egiteko gai izan baziren egun errazagoa beharko lukeela. «Ordukoak animatu behar gaitu egungo egoerara eta beharretara egokitzeko autogobernua».

PSE-EEk, berriz, «aldarrikatu» eta «bere» egiten du lehen gobernu hura, baina «beharrezkoa» ikusten du zehaztapen batzuk egitea. Idoia Mendia idazkari nagusiak dio sozialisten ekarpenengatik ez balitz ez zela sortuko. «Indalecio Prietok [Bizkaiko sozialisten buruak] aurkitu zuen irtenbidea. [Espainiako] Bigarren Errepublikaren garaian eginiko estatutu proiektu guztiek porrot egin zuten, esentziak printzipioen gainetik jarri zituztelako batzuek; abertzaleek, bereziki. Baina Prietok Agirre konbentzitu egin zuen bat egin zezan printzipio errepublikanoekin: pluraltasunarekin, askatasunarekin eta justizia sozialarekin. Eta EAJk onartu zuen hori eta Espainiako legezkotasuna».

Mendiaren ustez, «komeni» da hori gogoratzea, abertzaleek joera dutelako autogobernuarekin loturiko guztia «patrimonializatzeko» eta «nahasteko» alderdi bezala dituzten helburuak gobernuen «benetako» jardunarekin: «Baina Euskadi posible izan bada, izan da momentu erabakigarrienetan bat egin dutelako abertzaleek eta ez-abertzaleek; hala izan zen 1936an, eta berdin-berdin 1979an».

Legebiltzarkide sozialistak gogoratu moduan, Espainiak Euskal Herriari aitortu dizkion bi estatutuak —Nafarroako foru hobekuntzarekin batera, 1982tik indarrean dena, baina inoiz ez dena erreferendum bidez bozkatu— negoziatu dira bi garai liskartsutan. Gerra hasia zela onartu zuen Madrilek 1936koa, soilik Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako, eta Euzko Gudaroste —armada propioa— sortu berriak Errepublikaren alde egin zuenean.

Urizarren arabera, horrek agerian uzten du Espainiak ez duela Euskal Herria «nazio edo herri bezala onartzen», eta autogobernua soilik «ezinbestean» onartzen duela. «Behar nagusiago baten ordain edo bidesari bezala, baina sekula ere ez nazio garelako eskubide lez». Dena den, eta 1936ko estatuaz, azpimarratu du «potentzialtasun handiak» zituela: polizia propioa, euskarazko unibertsitatea, txanpon propioa, Euskadiko pasaportea... Baina edukiz betetzeko «asmo garbia» egon arren, uste du gerra dela-eta garapenerako aukerak «murriztu» egin zirela.

Alderantziko planteamendua egiten du Iturratek. Hark uste du gerrak «behartu» zuela Jaurlaritza «estatu egiturak» sortzera. «1936koa minimoen estatutu bat izan zen, eskumen maila oso baxuduna. Baina, era berean, gerran emandako ohiz kanpoko egoeraren ondorioz, maximoen ezarpena izan zuen».

Mendiarentzat, aldiz, «oasi bat» izan zen gobernu hura «Espainiaren barruan». «Pluraltasuna bermatu zuen, eta hemen ez zen egon beste toki batzuetan egon zen beligerantzia». Eskumenei buruz, PSE-EEkoak azpimarratu du estatutu hura garatu zela «salbuespen egoera batean», une hartako beharrei erantzuteko egin zela, eta horregatik sortu zirela armada bat, txanponak, pasaporteak, gobernu ordezkaritzak nazioartean eta beste. Baina ez Euskadi estatu bihurtzeko asmoarekin. «Helburu nagusia zen gerra egoeran herritarrei babesa ematea, hemen eta erbestean». «Berriz diot: abertzaleek batzuetan nahastu egiten dituzte euren helburu zilegiak —estatu independente bat lortzea— benetan gertatu zenarekin, orduko benetako asmoekin».

Baldintzak eta mugak

1979ko estatutua, berriz, oso bestela ikusten du PSE-EEkoak. Edukiei buruz, zalantzarik ez du autogobernu maila handiagoa «bermatzen» duela. Eta azpimarratu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskal herritarrek «inoiz izan duten autogobernu maila handiena» lortu dutela. «Halakorik ez da ezagutzen gure inguruan, eta horri esker lortu dugu inoiz izan dugun garapen eta ongizate mailarik altuena».

Bat dator Elkarrekin Podemosekoa. «Oro har, eta egungoaren moduko krisiak tarteko, esan daiteke estatutu horrek garapen handia ekarri duela, maila materialean eta sozialean». Nolanahi ere, haiek akordio berri baten alde daudela azpimarratu du. «Testuinguru sozial, historiko eta politikoak baldintzatzen du akordio oro, eta horrek mugak ezartzen ditu, baina baita aukerak ere».

Mendiak, berriz, PPko Barriok 1936ko estatutuaz esandakoak gogora ekarri eta nabarmendu du bigarren estatutu hori erreferendum bidez eta «berme demokratiko guztiekin» onartu zela. «Kasu horretan, muga bakarra jarri zuten proiektu partekatu batean sinesten ez zutenek: onartzen ez dutenak herri proiektu batek ez duela izan behar alderdi baten maximoen isla. Horren aurka terrorearekin erantzun dutenek».

Antzera pentsatzen du PPkoak. «1936ko gerra egoerak ez dauka batere zerikusirik 1979ko trantsizio demokratikoarekin. Erreferentzia dramatiko bakarra ETAk jarri zuen». Barriok aitortu du 1936ko autogobernua gerragatik onartu zuela Madrilek. «Gerraren beharrei erantzuteko estatutu eta gobernua izan ziren; oso bestelakoak dira 1979 ondorengo estatutu eta gobernu demokratikoak». Tartean erbestean jardun zuen gobernuari ere ez dio zilegitasunik aitortzen Barriok. Zehaztasunak egin ditu: «Esan nahi dudana da haren jarduna ezin dela gobernu gisa baloratu, ez zuelako gaitasun exekutiborik, Espainiako diktadura dela eta».

1979ko estatutuaren mugei buruz, oso bestelako ikuspegia dute alderdi abertzaleek. Urizarrek uste du diktadura ondorengo egoera ezegonkor eta liskartsua baliatu zuela orduko botereak euskal autogobernua baldintzatzeko. «Akordio politiko eta erreferendum baten ondorioz izanik, garatzeko berme guztiak beharko lituzke, baina martxan jarri eta gutxira nabarmendu zen borondate politiko zintzorik ez zegoela atzean. Horren adibide argia dira LOAPA [autonomia estatutuen berdintzea] eta ordutik gerora Gernikako Estatutua ez betetzea».

Antzera pentsatzen du Iturratek. Jeltzalearen ustez, Madrilgo gobernuek estatutuaren garatzea erabili dute «gizarte osoari xantaia egiteko». «Aurrekoarekin konparatuz, maximoen estatutu bat da, eskumen-garapen handia duena; baina, onartu zenetik hona, minimoen ezarpena izan du».

Mendiaren arabera, hori ez da horrela. Azpimarratu du abertzaleek, eta bereziki jeltzaleek, denborekin «jokatu» dutela, «beraien alderdi interesen alde egiteko, beti». Aitortu du, halere, estatutuaren garapena «neketsua» izan dela. «Baina inportanteena ez da eskumen bat lortzea, hura garatzea baizik, eta guk beti babestu dugu hori, gobernuan egon zein oposizioan egon, Osakidetzarekin, Ertzaintzarekin, euskararen normalizazioarekin, euskal eskola publikoarekin....».

Mendiaren ustez, orain ere alderdi denak saiatu beharko lirateke «sentsibilitate guztiak» bilduko lituzkeen akordio baten alde. «Asaldura handiko garaietan gai izan baziren horretarako, barkaezina izango litzateke orain ez egitea; are gehiago, historian lehen aldiz, inolako gerra eta mehatxu terroristarik ez dugunean».

Antzera pentsatzen du EAJko legebiltzarkideak. Autogobernuak eguneraketa behar duela dio, eta proposamenaren muinak adostasuna izan behar duela, «lege eremuaren barruan eta printzipio demokratikoaren bidetik: alegia, euskaldunen borondatea errespetatuz». Bi izan beharko lirateke estatutu berri horren oinarriak: «Euskadi nazio gisa aitortzea eta aldebiko harremana blindatzea, estatuaren aldebakarreko ekimenak ekiditeko».

Bat datoz horrekin PSE-EE —«erabakitzeko eskubidea alde batera uzten bada»— eta, neurri batean, baita Elkarrekin Podemos ere. EH Bilduko Urizarrek, berriz, jeltzaleari gogoratu dio Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren gobernuak egindako saiakerak erakusten duela zein zailtasun izango diren etorkizunean ere autogobernu esparru berriak «adostasunez lortzeko». Etorkizunera begira, euskal herritarrok erabakitakoa izan behar litzateke «muga bakarra» Urizarrentzat.

Duela 80 urte bezala, krisialdi sakon batean da Espainia. Francoren diktaduraren ondorengo erregimeneko alderdi nagusiak ez daude garairik onenean, eta, orduan bezala, Kataluniako eta Hego Euskal Herriko abertzale eta subiranistak indartsu daude, eta berrikusi nahi dituzte bi herrialdeen estatus politiko eta juridikoa eta Espainiarekiko harremana. Hilzorian zen errepublika baten alde egitean sortu ahal izan zuten Eusko Jaurlaritza. Historia errepikatu egiten dela diote, baina inoiz ez modu berean.

BERRIAn argitaratua (2016/10/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA