astekaria 2016/10/14
arrowItzuli

bizigiro

Giza pedalkadak

Ainara Arratibel Gascon

Giza pedalkadak

Europa bizitzen ari den krisiaren eta gainbeheraren aurrean, herritarrak hartzen ari diren indarra eta konpromisoa berretsi dute Donostia 2016ko Biziz Egitasmoko bost enbaxadek. Ekainean hasi zuten abentura, eta irailean amaitu, bizikletan 15.000 kilometro egin ostean.

KOMUNITATEAK

Abiapuntua-amaiera: Konstantza (Errumania)-Donostia. Kilometroak: 3.485.

Gorrotoaren aurrean, giza ekimena

Daniel Burgirentzat «oso betegarria» izan da Komunitateak enbaxadan parte hartzea. Europaren aniztasuna erakustea zuten helburu, eta Errumania, Serbia, Hungaria, Eslovakia, Austria, Italia eta Frantzia zeharkatu zituzten. «Herritarren Europa erakutsi nahi izan dugu». Arreta berezia jarri zioten errefuxiatuen egoerari, eta zuhur baina baikor hitz egin du gaiaz: «Populazioaren zati batek barneratu egin ditu zabaldu diren gorroto eta beldur mezu sinplistak. Baina horien aurrean, berretsi dugu badela gizarte mugimendu indartsu bat horren aurka lanean». Burgiren ustez, horixe da Europako krisia ekartzen ari den gauzarik onena. «Gizarte mugimenduak lozorrotik esnatzen ari dira».

Espero ez zituen istorioak bizi izan ditu. Adibidez, berriz topo egin zuen duela urtebete Grezia eta Mazedonia arteko mugan ezagutu zuen Irakeko aktore batekin. «Gidari lanak egin zizkigun Vienan, eta haren lagunekin afaltzen aritu ginen. Hunkigarria zen ikustea zein barneratuta zeuden hiriko bizitzan». Bestalde, Errumanian, Arbizun (Nafarroa) lan egindako artzain bat topatu zuten. «Linguistikoki eta kulturalki ere oso bidaia aberasgarria izan da. Europa gero eta mestizoagoa dela berretsi dugu».

Hungariako errealitatea ezagutzea ere «txoke handia» izan zen: «Uste da hango gizartea arrazista dela. Baina oso gizarte zatitua da, eta herritarren zati handi bat errefuxiatuen alde lanean ari da, klandestinitatean». Errumania ere aipatu du. «Lotsatu egiten dira herrialdearen inguruan dagoen irudiarekin: alferrak direla, lapurrak... Baina kontrakoa da». Komunitateen arteko zubi lana egiten saiatu dira.

Nahiko luke ezagutu dituzten hainbat lagun Euskal Herrira ekartzea, testigantzak ezagutarazteko. «Erabat urruti bizi dugu errefuxiatuen egoera. Nahiko deskonektatuta gaude gertatzen ari denarekin». Frantziako adibidea ere jarri du. «Lyongo eta Marseillako tren geltokietan errefuxiatuak zeuden komunetan ezkutatuta. Artean, zain zeuden bidaiariak telebistan ikusten ari ziren zer ari zen gertatzen Greziako eta Mazedoniako mugan. Baina bertan zuten errealitate hori».

GASTRONOMIA

Abiapuntua-Amaiera: Atenas (Grezia)-Donostia. Kilometroak: 3.193.

Betiko sukaldariei ohore

Bizikletako zakutoak Mediterraneoko gastronomiaren usain eta zaporez beteta iritsi zen Donostiara Julen Nafarrate, bere izebak menu goxoa prestatzeko osagaiz beteta. «Gastronomiaren gaia jorratzeko aukera ikusi nuenean, berehala gogoratu nintzen nire izeko Mertxez, eta bururatu zitzaidan urteetan etxeko sukaldean egunero-egunero kozinatzen aritu diren emakumeak omentzea. Izan ere, haien lana eta ekarpena ez da behar beste aitortu». Euskal Herrian bezala, Mediterraneo osoan ere etxeko sukaldari horiei ez zaiela merezitako aitortza egin nabarmendu du.

Guztira hamabost emakumerekin egon zen. Sukalde haietatik usain eta zapore ahaztezinekin itzuli zen. «Zapore bat aukeratu beharko banu, Grezian jan nuen plater batena izango zen: untxia intxaurrekin. Usaina, berriz, Italian mozzarella gaztarena izango zen. Zakutoetan gazta usaina baino ez zegoen». Hain zuzen ere, ez du sekula ahaztuko untxia prestatu zion Greziako 80 urteko sukaldariarekin bizi izan zuena. «Itsu geratu zen. Hori dela eta, depresioa izan zuen, eta sukaldaritzari esker lortu zuen aurrera egitea. Ukimenarekin, dastamenarekin eta usaimenarekin kozinatzen zuen. Ikustekoa zen nola moldatzen zen labanekin. Hori ikusteagatik bakarrik merezi izan du bidaiak».

Sukaldari bakoitzak osagai bat eman zion. Greziatik olioa, intxaurrak eta oreganoa ekarri zituen; Italiatik, cavatelli pasta, muskuiluak, tomate saltsa eta mozzarella; Frantziatik, piper beltza; Kataluniatik, indabak, anis haziak eta Penedeseko ardoa; Aragoitik, tipula bat; eta, Euskal Herritik, Nafarroako piper bat.

Hala, izekoren urtebetetze egunean, irailaren 21ean, izekok berak menu bat prestatu zuen osagai guztiekin: «Hainbat osagairekin mesfidati azaldu zen. Baina asko gozatu zuen». Lehen platererako pasta entsalada prestatu zuen: «Pasta ikaragarri ona zegoen. Cavatelli motakoa zen. Grotolle herriko emakume batek egin zigun. Artista hutsa zen. 30 minutuan zortzi pasta mota egin zizkigun». Bigarren platererako indaba zuriak prestatu zituen, eta postrerako, berriz, erroskillak.

Bisitatu zituzten herrialdeetan, gastronomiak ez du Euskal Herrian duen gizarte balioa. «Itxiagoak dira, eta gastronomia gehiago bizi dute eremu pribatuan». Euskal Herrira gerturatu ahala joan ziren ikusiz funtzio sozial hori. Hala, bidaian zehar egin zuten postre bakarra Lleidako (Herrialde Katalanak) Valbona d' les Monjes herrian izan zen: orelleteak, anis zaporeko opil batzuk. «Oso jende gutxik daki egiten, eta 40 lagun bildu ziren errezeta jasotzera».

SEXUALITATEA

Abiapuntua-Amaiera: Kaliningrad (Errusia)-Donostia. Kilometroak: 2.846.

Koitotik harago

Bizi izandakoaren «nostalgia» du Ruben Oliveirak. «Bizi izan nuenaren inguruan hausnartzeko denbora hartzen ari naiz orain». Sexualitatea izan zen haren espedizioaren gaia. «Batez ere, ezagutu ditugun pertsonekin geratzen naiz, erakutsi baitigute sexualitatea eta erotika bizitzeko modu asko daudela». Errusia, Polonia, Txekiar Errepublika, Alemania, Luxenburgo, Belgika, eta Frantzia igaro zituzten.

Sexualitatearen ohiko ikuspegitik harago joan nahi izan zuten: «Sexualitatea koitora mugatu nahi izan dute askok, baina bestelako praktika sexual eta erotiko asko daude, genitalekin egiten ez ditugunak. Nik nahi dut jendea horretaz jabetzea».

Errusian eta Polonian bizi izandakoak harritu zuen gehien. «Herrialde homofoboak dira. Baina, Errusian, adibidez, pribatuan bada, homosexualitatea ez dute gaizki ikusten». Homosexualek, gainera, egoera onartzen dute. «Kultura kontua da; gustu txarrekoa iruditzen zaie sexualitate kontuak jendaurrean azaltzea».

Hori dela eta, ez zitzaien erraza izan testigantzak biltzea. Bildutakoen artean Olga Tiapina errusiar filosofoarenak nabarmendu ditu. «Sexu askatasunaren alorrean berriro ere atzera egin dela zioen». Hain zuzen ere, errazagoa egin zitzaien emakumeen testigantzak biltzea, gizonezkoenak baino. «Gizonei gehiago kostatzen zaie sentimenduez eta erotikaz hitz egitea. Uste dute hitz eginda kalteberagoak direla».

Bidaiatik ondorio argi bat atera da. «Euskal Herria ez dago horren atzean sexu-heziketa kontuetan». Dena den, aitortu du Euskal Herrian apur bat kosta egiten dela bide berritzaileak probatzea. 3D klitoriaren adibidea jarri du. «Frantziako eskoletan gero eta gehiago erabiltzen dira ikasleei erakusteko. 3D inprimagailu batekin lor daitezke».

ARKITEKTURA

Abiapuntua-Amaiera: Las Palmas Kanaria Handikoa (Espainia). Kilometroak: 2.314 kilometro.

Hiriak antolatzeko beste eredu bat

Pertsonalki eta profesionalki oso aberasgarria izan da esperientzia Aitor Dezarentzat. Hirien eta herrien ingurua aldatzea helburu zuten arkitektura proiektuak ezagutzea zuten asmoa. «30 bat proiektu ezagutu genituen».

Euskal Herrian turismoa hartzen ari den indarra kontuan hartuta, Porton ezagututako egitasmo bat egin zitzaion deigarri Dezari: «Ibilbide antituristikoak proposatzen zituen. Alegia, Portoko mapa turistiko batean agertzen ez ziren ibilbideak». Deza bi aldiz egona zen Porton, baina ez zituen ibilbide horiek ezagutzen. «Adibidez, hilerri bat eta langile etxeak bisitatu genituen, eta hori berez ez da ikusten». Sormen handikoa iruditu zitzaion: «Turismo jasangarriaren aldeko benetako apustu bat zen. Izan ere, salatzen zuten krisiari aurre egiteko Portugalek ikusten zuen helduleku bakarra turismoa zela, eta horren inguruan burbuila bat sortu zela». Bestalde, asko gustatu zitzaion Jaengo (Espainia) Ubeda herrian bisitatu zuten artisau planetarioa. «Herritar talde batek egin zuen dena, eserlekuetatik hasi eta irudikatzen ziren planetetara».

Halako proiektuak ikusita, ondorio argia atera du: «Erakundeen aldetik jasotzen dugun plangintza sakabanatua, loturarik gabea eta klasista da. Horrekin hausten dute herritarrek, eredu berri baten alde eginez». Adibidez, Sevilla (Espainia) hegoaldeko poligonoan egon ziren. «Hango eskoletan eta parkeetan baratze sare bat egin zuten».

Blogean bildu dituzten egitasmoak baliagarriak izatea nahiko luke. «Hemen arazoa da baliabide gehiago dagoela eta herritarrak ez garela hain sortzaileak alor horretan».

BIOANIZTASUNA

Abiapuntua-Amaiera: Kopenhage (Danimarka)-Donostia. Kilometroak: 3.022.

Dirua baino gehiago, konpromisoa

Gurpil aulkian egon arren, Antxon Arzak beti izan du gustuko abentura. Urteetan Al filo de lo imposible saioan egin zuen lan. Zaletasun horrek bultzatu zuen Biziz egitasmoan parte hartzera eta bioaniztasunaren gaia aukeratzera. Pozgarria eta balio handikoa iruditu zaio bidaian ikusi dutena. «Gizartea erakundeen eta legeen aurretik doa».

Ikusi zituzten proiektuetako batzuk bizikletari lotuta zeuden. «Bizikleta oso berezi bat ezagutu genuen. Ur zikina jarri, pedalei eman, eta ura filtratu eta garbitu egiten zen». Bestalde, eta uztetan izan daitezkeen izurriteen aurka, Rotterdameko enpresa batean intsektuak hezten zituzten. «Normalean, liztorrak izaten ziren. Liztor horiei esker, oreka bat sortzen zen landarean, eta horren bidez landare zorriek izurrite bat izateari uzten zioten. Erle handiak ere hezten zituzten, negutegiak polinizatzeko». Sakelako telefono oso berezi bat ere probatu ahal izan zuten. «Hura egiteko erabiltzen ziren mineralak gatazka eta indarkeriarik gabeko inguruetako meategietan jasotakoak ziren. Izan ere, halako meategiak herrialde txiroetan daude, eta telefonoak egiten dituzten enpresek indarrez ebasten dituzte». Etxe biodegradagarriak ere ezagutu zituzten.

Bestalde, berretsi egin zuten Herbehereetan eta Danimarkan bizikletak eguneroko garraiobide moduan duen indarra. «Kopenhagen, adibidez, bazen zerbitzu bat adinekoak leku batetik bestera eramateko bizikletan. Gainera, Herbehereetako enbaxadoreak Danimarkan zuen ibilgailu ofiziala bizikleta bat zen».

Baliabide ekonomiko gutxirekin klima aldaketaren aurka borroka daitekeela adierazi du. «Borondate kontua da, eta sinestea. Jende gazte asko dabil lanean, eta horretan jarraitzeko gogoz. Hori garrantzitsua da etorkizunerako».

BERRIAn argitaratua (2016/10/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA