astekaria 2016/10/14
arrowItzuli

mundua

CAN DUNDAR

«Erdogani ez zaio hain erraza izango erabateko kontrola»

Urtzi Urrutikoetxea

«Erdogani ez zaio hain erraza izango erabateko kontrola»

Istanbulgo 28. auzitegiak atxilotzeko agindu eta biharamunean, Berlinen agertu zen. Handik, Galiziara joan zen, International PENen kongresuan parte hartzera, mundu osoko berrehun idazle eta berriemaileren aurrean, adierazpen askatasunak daukan egoera larriaren berri ematera. Batera eta bestera ibilita ere, ezaguna egin den irribarreari eusten dio Can Dundarrek (Ankara, 1961).

Cumhuriyet (Errepublika) Turkiako egunkari kemalistako erredakzioburua izan da Dundar, eta sektore horretako kide ezkertiarren artean kokatu izan da. Turkiako Gobernuaren eta jihadisten arteko elkarlana frogatzen zuen bideoa argitaratzea erabaki zuenean hasi zen haren amesgaiztoa, nahiz eta gogoan duen egoera askoz lehenago hasi zela okertzen. «Hor dago Zigor Kodeko 301. artikulua, turkiartasuna iraintzea zigortzen duena. Oso zaila da hori zer den zehaztea, baina dozenaka kazetariri jazartzeko erabili da. Hrant Dink adiskide armeniar-turkiarra, prozesu harekin hasi, eta Istanbulgo kale batean hil zuten, tiroz, 2007an». Dundar bera antzeko zerbait gertatzeko zorian egon zen, maiatzean auzitegira joan, eta atarian eskuan pistola zuen gizonezko bat atxilotu baitzuten. Uztaileko estatu kolpeak atzerrian harrapatu zuen, eta ez da itzuli geroztik.

Zein da orain zure egoera?

Unez une aldatzen da, eta zain egotea dagokit niri. Emaztea Istanbulen dut. Gobernuak pasaportea kendu dio, aireportuan bertan atzeman, eta ez zioten irteten utzi, ezer leporatu gabe, nire emazte izateagatik. Eta semea Londresen dut [International PEN eko bulegoan dihardu]. Esana dut itzuli egingo naizela Turkiak larrialdi egoera kentzen badu, baina oraintxe bertan mafia estatu bat da; ez dago justizia independenterik, zeure burua gillotinapean sartzea litzateke hara joatea.

Europan zenbait sari jaso dituzu; Europako Parlamentuko Sakharov sarietarako hautagaia zara. Europako Batasunak eta Turkiak, baina, errefuxiatuen inguruko akordioa egin dute.

Hasieratik esan dugu akordio zikina dela. Alemaniako Gobernuak Turkiakoarekin negoziatu beharko luke, ados, baina oposizioko buruzagiekin ere egon beharko luke, espetxean dauden kazetariak bisitatu eta gizarteko zibileko buruekin bildu, beste Turkia horren berri ere izateko. Badago beste Turkia bat.

Sariak eta aitortzak, Turkiako Gobernuarentzako mezuak dira. Erregimen batek ezin du zilegitasunik lortu munduan prentsa zapalduz. Turkiako espetxeetan ez da sekula hainbeste jende izan. Munduko kazetari espetxe handiena da: 130 kazetari daude preso, ehun hedabide baino gehiago itxita, ehunka kazetari langabe; deabrutu egin dira bakearen alde egiten zuten unibertsitate akademikoak ere. Are okerragoa da eragin psikologikoa; jende asko ahuldu eta suntsitu du. Isiltasunaren aroa da, eta, tamalez, Mendebaldeko gobernuek erakusten duten ahultasunarekin, ezin dute isiltasunaren ziklo hori apurtu.

Mundu guztiak txalotu duen kazetaritza lan bat egin zenuten, Turkiako zerbitzu sekretuek Siriara armak nola zeramatzaten erakutsiz. Erdogan bera sutu eta espetxean amaitu zenuten.

Gezur zikinak gordetzen dituztenek, gerraz aprobetxatzen direnek, ez dituzte maite gure egiak. Berriki, Ahmet Altan kazetariaren etxera joan zen Polizia; orain, zain du alaba etxean. Horrelako dozenaka daude. PEN taldeek ohorezko kide izendatzen dituztenean, epaiketetara begirale doazenean, hori da egin behar dena, euren lanak itzuli, zabaldu, espetxera gutunak idatzi, boligrafo bat bidali opari, presioarekin segi, argi uzteko adierazpen askatasuna denoi dagokigula.

Uztaileko kolpisten artean kokatu zaitu gobernuak, Fetullah Gulenekin lotura eginez.

Barregarria ere izan liteke, oposizioa gulenzale izendatzea, espetxeratzeko. Bi talde islamisten botere borroka da hori. Urtetan elkarrekin ibili dira; guk ohartarazi genuen zeinen arriskutsua zen horrelako botere erlijiosoak estatu aparatuak kontrolatzea. Gero, euren zatiketa heldu zen, eta etsai nagusi izendatu du Erdoganek. Txantxa bat izango balitz bezala, sekularismoaren defentsan ibili garenak ere talde islamistako jarraitzaileen artean jarri gaitu.

Oso kritiko agertu izan zara urkiako prentsari dagokionez.

Gaur egun, hedabideen nagusia Recep Tayyip Erdogan presidentea da. Egunkarien %90ek haren erretorika darabilte. Estatu krimenak ezkutatzen dituzte, eta jendea ere jomugan jartzen dute. Badira, zorionez, aurka egiten duten kazetariak, baina gutxienak dira. Egun, %10 izango dira, gehienez ere, egunkari ezkertiar, kemalista edo kurduak. Izugarrizko presiopean daude. Nire egunkaria ere bai. Prezio handia ari gara ordaintzen; ia egunero auzitegietan, erredakzioan baino denbora gehiago ematen dugu. Eta, gero, zentsura eta autozentsura datoz. Eta ondorioa da ez dela bake kazetaritzarik egiten. Etorkizunerako zubia eraikitzea ere badagokigu gerra sasoi honetan. Eskualde kurduan ohiko praktikak zirenak herrialde osora zabaldu dira.

Gerra berpiztu da Kurdistanen. Diyarbakirren izan zinen maiatzean bakearen aldeko konferentzian, eta ekainean …zgür Gündem egunkariko zuzendaritza atxilotu zutenean zuzendariorde kargua hartu zenuen sinbolikoki.

Denak horrela betiko segitzea nahiko luke Erdoganek. 80 milioi biztanle ditu Turkiak, historia sekular bat, eta ez zaio hain erraza izango erabateko kontrola. Oraintxe beldurra dago, shock egoera moduko bat. Zapaldutako edozeini elkartasuna adieraziz gero atxilotu egingo zaituztela esaten dizute.

Itxaropenik bai?

Turkia demokratikoan sinesten dutenengan daukat itxaropena: sozialdemokratak, aleviak, kurduak, ezkertiarrak, LGTB komunitatea... Horiek guztiak elkartu, eta Turkia berria eraiki behar dugu; hori dugu aukera bakarra. Arrakasta, gure borrokaren eta elkartasunaren arabera izango da. Elkarrekin bagaude zapalkuntzaren aurka, eutsiko diogu. Osterantzean, tamalez, ez da adierazpen edo prentsa askatasunik izango Turkian. Horregatik, borroka egin behar dugu.

BERRIAn argitaratua (2016/10/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA