astekaria 2016/10/14
arrowItzuli

ekonomia

Aurrezkia, enpresara begira

Lander Muñagorri Garmendia

Aurrezkia, enpresara begira

Proposamena ez da berria, eta ez da eztabaidatzen den lehen aldia ere. Baina berriz ere mahai gainera itzuli da ideia. Finantzaketa edo inbertsio beharrak dituzten enpresak laguntzeko funts bat sortzea aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza, eta datorren legealdian martxan jartzekoa da, gainera. Hala zehaztu dio Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak BERRIA egunkariari.

Funtsaren helburuak ez dakar berritasun handirik, antzeko ekinbideak sortu izan direlako aurreko legealdietan ere, baina horretan kapitala jarriko duen agenteetako batek euskal aurrezkiak ordezkatuko lituzke, eta hori berria da. Confebask patronalak eskatu zuen gisan, EAJk eta EH Bilduk ere nahi dute BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeek funts horretan euren ekarpena egin dezatela. Ignacio Etxeberria BGAEak biltzen dituen federazioko zuzendaria da, eta, proposamenak entzuteko prest dagoen arren, uste du ideia garatu gabe dagoela oraindik. «Planteamendu gisa, interesgarria izan liteke BGAEetako dirua enpresetan inbertsioak egitea erabiltzea, baina oraindik zehaztu beharra dago nola egingo den hori guztia». Zehazteko dago oraindik, baina datorren legealdian Jaurlaritza eragile ezberdinekin hizketan hasiko da funts hori lanean has dadin, Tapiaren arabera.

Langileek erretiroa hartzen dutenerako aurreztua duten dirua inbertsioak egiteko erabiltzeko proposamena ez da berria. Hain zuzen, Confebaskek ideia hori lehen aldiz 2012ko abenduan azaldu zuen jendaurrean, enpresek finantzaketa topatzeko zailtasunak zeuzkaten garaian. Ordu hartan, alderdi politiko batzuek eta sindikatuek begi txarrekin hartu zuten ideia hori, egoera ezegonkor horretan pentsioak hala erabiltzea «arduragabekeria» izan zitekeela iritzita. Baita BGAEen artean ere. «Ordu hartan, Confebask enpresen finantzaketan pentsatzen ari zen, eta BGAEetan langileen diruak daude sartuta, eta proposamenari ez zitzaion ikusten errentagarritasun handirik», azaldu du Tapiak. Horregatik, ez zen ondo hartu proposamen hori, «horko dirua langileen erretiroa ordaintzeko delako, eta egiten den inbertsioak ororen gainetik segurua izan behar duelako», Etxeberriak argitu nahi izan duenez.

Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari orokorrak ekinbide hura aldezten du oraindik, funts eta gogorarazi du hori inbertsio seguruak egiteko zela. Baina uzkur hartu zen proposamen hura orain begi hobeekin ikusten dela ere sumatzen du. «Egia da, akaso proposamen horrek heltze prozesu bat behar izan zuen, eta, horregatik, orain ongi etorria izango da». Lau urteren ondoren, enpresak errazago finantzatzen dira, baina oraindik funts horren beharra ikusten du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalak. «Oraintxe, kontsumoa eta inbertsioak aurrera egiten ari dira pixkanaka, baina gehiago hazi beharra dago; tamaina handiagoko prozesuak egiteko, laguntzak behar dituzte enpresek, eta, horretarako, bitartekoak beharrezkoak dira gaur egun ere».

EAJk eta EH Bilduk ere behar hori ikusi dute, hauteskunde programetan biek ere antzeko proposamenak bildu dituztelako. Jeltzaleek 250 milioi euroko kapital funts bat sortzea proposatu dute datorren legealdirako, «herrialdeko enpresa estrategikoetan parte hartzeko eta lurraldean sustraitzen laguntzeko». Aurrezki eta inbertsio pribatuak euskal enpresetako inbertsiora bideratu ahal izateko, foru aldundiekin formula eta pizgarriak antolatzeko beharra ikusten dute. Guztia ondo bideratuz gero, funtsa 2020. urtean sortu ahal izateko aukera ikusten dute. EH Bilduk, berriz, «industria biziberritzeko eta enplegu duina elikatzeko» 800 milioi euroko funtsa sortzea proposatu du. Horretarako, euskal aurrezkia balia dadila nahi du ezkerreko koalizioak: «BGAE, Elkargi-Oinarriren, aurrezki funtsen, pentsio funtsen eta norbanakoen ekarpenekin babestutako funtsa izango litzateke».

Bi alderdi abertzaleek bat egin dute helburuan, baina ez daude ados funtsa sortzeko bide eta kopuruetan. Edozelan ere, azken legealdian ez bezala, proposamenak aurrera egin ahalko duela uste du Tapiak, duela lau urte ez bezala bestelako babesa daukalako ekimenak Eusko Legebiltzar berrian. Horregatik, uste du funtsaren sorrerak etorkizuna izango duela. «Aurreko legealdian ez genuen benetako proposamenik landu; ideia hor zegoen, baina ez genuen garatu, ordu hartan arazo larriagoak genituelako esku artean. Enpresen egoera hobetzea izan zen gure lehen betebeharra garai horretan». Hori dela eta, egoera ekonomikoa hobetzearekin batera, enpresetan inbertsioak egiteko funtsa sortzeko lehen pausoak emango dituzte laster. «Ez da Bilduk proposatzen duen gauza bera, baina bateragarria izan daiteke». Elementu ugarik bat egiten dutelako halako funts bat sortzeko garaian, «eta oraindik koktela egiteko denbora» behar dela azaldu du Tapiak.

Behar handiagoa

Finean, funts horrek helburu jakin bat izango luke: euskal enpresek aurrera begira egin beharreko inbertsio estrategikoetan parte hartzea, eta horrek etorkizuneko erabakietan eskumena emango lieke funts horretan dirua jarrita daukaten agenteei. Beste era batera esanda, «euskal aurrezkia euskal inbertsio bihurtzea», Aretxagaren esanetan. Eta horrek enpresak bertan sustraitzea ekarriko luke berekin. Tapiak ere bat egiten du helburu horrekin: «Munduari ezin zaizkio ateak itxi, hori egia da; eta, kanpotik funts bat edo enpresari bat datorrenean, horri ezetzik ezin zaio esan, hainbat ate irekitzeko aukera dakarrelako; baina tokiko funts batek kontseiluan eseri eta erabakietan esku hartzeko aukera izatea ere garrantzitsua da».

Helburua hori izanda, enpresa askok une honetan dituzten beharrez jakitun da sailburua: «Enpresa asko handitzeko beharrean daude, bat egiteak egiteko prozesuan, edo jabea aldatzekotan. Prozesu horiei aurre egiteko, zuzendaritza talde indartsu bat behar da; edo parte hartzea egingo duen funts bat, bestela». Parte hartze handi horiek egingo dituen funts horretan diru publikoak egon beharko luke, haren arabera, baina baita pribatuak ere. Diru hori lortzeko, bide ezberdinak egon daitezke, sailburuaren arabera, BGAEen bidetik heldutakoak izan edo aurreztaile pribatua izan. «Hori horrela izateko, funts horretan dirua jartzearen truke zerga aldetik izango lituzkeen onurak aztertzen ari gara foru aldundiekin, hirurek ados egon behar dutelako». Horretaz gainera, Europako Batasuneko irizpideekin ere bat etorri beharko lukete, eta horregatik dio sailburuak ekinbidea oraindik «juridikoki babestu» behar dela.

Baina oraindik proposamen zehatzik ez du ikusten Etxeberriak. «Guk ez daukagu inongo arazorik, baina guk gure oinarriak zaindu behar ditugu; egiten den inbertsioak ziurra izan behar du, eta urteetan ordaindu behar den zerbait izango dela ziurtatu behar da. Azken finean, guk ez daukagulako planteamendu espekulatibo bat». BGAEak erretiroak ordaintzeko daudela gogorarazi nahi izan du horrela, eta ez daudela prest arriskutsuak izan daitezkeen inbertsioetan sartzeko. «Proposamen zehatz bat edukitzen dugunean, orduan hitz egingo dugu». Aretxagak oinarri hori buruan izan du beti, eta, horregatik, dio «beti errentagarriak izango ziren inbertsioak egiteko funts bat» aldarrikatu duela.

BGAEan dagoen dirua, gainera, une honetan inbertsioak egiteko erabiltzen da. Euskal erakundeen zor publikoan, esaterako, 1.000 milioi euroren bonuak dauzka BGAEak batzen dituen federazioak. «Jaurlaritzak ateratzen dituen deialdi guztietan izena ematen dugu. Horrekin esan nahi dudana da, deitzen diguten guztietan erantzun egiten dugula, baina ziurtasun eta berme batzuk dauden bitartean». Zor publikoaz gain, euskal enpresetan 150 milioi euroko inbertsioa ere eginda daukate. «Guk euskal industrian inbertitzen dugu, eta ez daukagu arazorik inbertsio gehiago egiteko».

BPGaren herena

Enpresetan inbertituko lukeen funts horren sorreran alde ugarik dauzkate ahotan BGAEak. Eta ez da kasualitatez aipatzen, ahoratzeko moduko gozokia delako hor dagoen diru kopurua. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileek erretiratzen direnerako gordeta daukaten dirua hiru lurraldeetako BPGaren %34,16 delako. Irailean eman zituen datuak BGAEen federazioak, eta, gaur-gaurkoz 23.000 milioi euro baino gehiago daude aurrezki horietan gordeta. «Euskadiko BPGaren herena ordezkatzen dute, eta horregatik iruditzen zaigu ekarpen interesgarria egin dezaketela enpresetan inbertsioak egiteko garaian», esan du Aretxagak. BGAEek urtero 800 milioitik gora itzultzen dizkiete erretiroa hartu duten bezeroei —edo dirua ateratzea erabakitzen dutenei—, baina langile aktiboen ekarpenak handiagoak dira, 1.000 milioi ingurukoak. Horregatik, urtetik urtera hazten ari da poltsa.

Ingurura begira jarrita, datu positiboak biltzen ditu EAEko pentsio osagarrien federazioak, EBko batez bestekoaren maila dabil. BPGaren erdira heldu nahi du hurrengo urteotan, hori baita «gehien garaturiko herrialdeetako» ekonomian duen pisua. «Guk kuota hori daukagu buruan», onartu du Etxeberriak. Euren helburua bete ala ez, euskal industrian inbertsio gehiago egiteko eskatzen diote, eta, itxura guztien arabera, horrela izango da datorren legealdian.

BERRIAn argitaratua (2016/10/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA