astekaria 2016/10/14
arrowItzuli

gizartea

MARI TERE ARIZKORRETA

«Dakitena esateko eskatzen diegu Gazteluko herritarrei»

Mikel Rodriguez

«Dakitena esateko eskatzen diegu Gazteluko herritarrei»

Juana Josefa Goñik eta haren sei seme-alabek jasandako krimenaren memoria urtetan bizirik mantendu dute Mari Tere Arizkorretak (Donostia, 1949) eta Maria Asun Losadak (Donostia, 1946), Legarreako leizean egia azaleratu den arte. Juana Josefaren ahizpa Petra Goñiren bilobak dira. Anitz eskertzen dute Jose Mari Esparzak eta Aranzadi elkarteak egindako lana. «Leizean egon direnetan familiakoren bat beti egon da han, ahal izan dugun neurrian laguntzeko».

Nola bizi izan dituzue azken egunok?

MARI TERE ARIZKORRETA: Lanen azken egunak zain igaro ditugu ea zer aterako ote zuten, nagusia, ama, falta genuelako. Burezur bat aurkitu zuen [Paco Etxeberria auzitegi medikuak], eta leizetik atera zenean ikusi zuen amarena zela. Guztiok arnasa lasai hartu genuen.

Gorpuzkiak berreskuratu ondoren, pentsatu duzue zer egin? Agur ekitaldirik egiteko asmorik duzue?

MARIA ASUN LOSADA: Gaztelun gera daitezela nahi dugu. Gaztelun jaio ziren eta Gaztelun hil ziren, beraz, han geratu behar dute. Donamariako Udalak hobi bat gorde du familia sartzeko, eta lur emate bat egiteko asmoa dugu. Hiletaren bati buruz ez dugu hitz egin, ziurrenik ez dugu egingo. Omenaldi bat egingo diegu hilerrian lur ematerakoan, baina ezer gehiago. Omenaldi zibil bat.

Berebiziko garrantzia izan du familian mantendu duzuen memoriak.

LOSADA: Gure amonak bere bizitza osoan kontatu zigun istorio hori. Bilobak jaio ahala, denei kontatzen zien. Ahizpa eta ilobak desagertu izanaren penarekin hil zen, berak zioen bezala, zulo batera bota zituztelako.

ARIZKORRETA: Hori da gure memoria, baina badakigu ez garela bakarrak. Milaka eta milaka daude hortik desagertuta, eta guztiek mantendu dute memoria bat.

LOSADA: Nire aita ere horien artean dago. Hemezortzi hilabete nituenean desagertu zen, 1947an. Espetxean edukia zuten EAJkoa zelako, eta estropaden igande batean desagertu zen. Beraz, nire amonak zuen: ahizpari gertatutakoa, senarrari gertatutakoa ?Doneztebeko Udalean alkateordea zen errepublikaren garaian eta Gaztelukoa gertatu zenean preso zeukaten?, eta nire aitarena.

Orain erran daiteke Gazteluko krimenak kondaira soila izateari utzi diola.

LOSADA: Hala da. Orain egiaztatuta dago. Nik lan egiten dudan enpresan hornitzaile nafar bat genuen, eta behin esan nion ama Donamariakoa nuela. Eta hark esan zidan istorio bat ezagutzen zuela Donamariari buruz, eta gertatutakoari buruz hitz egiten hasi zen. Esan nionean ez zela istorio bat, eta hil zuten emakumearen ahizparen biloba nintzela ni, imajina dezakezu nola gelditu zen. Berak uste zuen istorio bat zela.

ARIZKORRETA: Orain ezin da esan kondaira bat denik.

Esparza zuekin harremanetan paratu eta haritik tiraka hasi zenean, pentsatu al zenuten lortuko zenutela bukaeraraino ailegatzea?

LOSADA: Bai, oso itxura ona eman zigulako Esparzak. Hasieratik esan zigun [Aranzadikoak] sartzen baziren, agertuko zirela. Eta Etxeberria ere ziur zegoen.

ARIZKORRETA: Garai hartan, 1986an, Navarra 1936, de la esperanza al terror liburua argitaratu zuten, eta orri bat-edo ageri zen gaiari buruz. Orduan zerbait egin izan bagenu, gehiago jakingo litzateke, gure amona oraindik bizirik zegoelako. Eta Maria Asunen ama ere bizirik zegoen, ahizpetan zaharrena eta gehien zekiena.

LOSADA: Nire amak 17 urte zituen gertatu zenean, eta dena oroitzen zuen bikain.

Kontatu zizuetenarekin eta orain dakizuenarekin, zer ondorio atera duzue?

ARIZKORRETA: Krimena ez zen politikoa izan, baina ikerketa ixtea erabaki politiko bat izan zen. Ez zuten konpondu, nahi izan ez zutelako. Herriko botere faktiko guztiek izan zuten zerikusia.

LOSADA: 11 pertsona inputatu zituzten. Herrian hamahiru-hamalau familia zeuden, beraz, hiru bat familiak izan ezik, gainerako herri guztiak parte hartu zuen. Legarreako leizera joateko garai hartan ez zegoen pistarik, eta emakume bat gauean haraino eramateko sei seme-alabarekin batera, jende askok parte hartu behar izan zuen nahitaez.

ARIZKORRETA: Ez ziren lau bakarrik izango, baina 80 urte pasatu dira. Ez ditugu kontuak eskatu nahi, zauriak itxi nahi ditugu.

Gazteluko herritarrekin izan duzue harremanik?

ARIZKORRETA: Emakume bat hurbildu zitzaion gure izeba bati, eta barkamena eskatu zion. Esan genion ez zuela hori egin beharrik.

LOSADA: Oraindik isiltasunaren legea dago, baina Gazteluko herriak jakin behar du guk ez dugula epaitu nahi orain Gaztelun bizi den inor. Inork ez du errurik haren gurasoek, aitona-amonek eta birraitona-birramonek egin zutenagatik. Haiek ere biktimak dira gu bezala, orain bizi direnek ez baitute gertatutakoaren errurik.

ARIZKORRETA: Oso gogorra da onartzea norbere arbasoek horrelako zerbait egin zutela. Hala ere, dakitena esateko eskatzen diegu. Ziur norbaitek badakiela guk dakiguna baino gehiago, eta pentsatzen dugu ona litzatekeela ez guretzat bakarrik, baita haientzat ere. Herriarentzat, eta norberarentzat.

LOSADA: Eta ez dute guregana etorri beharrik. Joan daitezke alkatearengana, historialariarengana [Esparzarengana] edo nahi duten tokira.

Justizia penala lortzea ezinezkoa da orain, baina erreparaziotzat hartuko zenukete hori?

ARIZKORRETA: Bai. Zergatik gertatu zen jakin nahi dugu, eta, zailagoa bada ere, nola gertatu zen.

BERRIAn argitaratua (2016/10/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA