bizigiro
Betiko izan daitezen
Iker Tubia

Betizuen elkarteak hamar urte eman ditu lanean, eta gogor egin du: ikerketak egin, hesiak konpondu, hainbat kontutan diruz lagundu, mendizaleen eta betizuen arteko harremanetan bitartekari lana egin... Iban Seiliez elkarteko kidea zen, eta hark eman ditu erabakiaren azalpenak. «Lan handia» egiten zutela dio, eta estatuko botereek ez zutela «fitsik» egiten. «Pixkanaka-pixkanaka konturatu gara gure gain genuela ardura guzia. Erran nahi baitu, gure elkartea existitzen zelako, [Frantziako] estatuak ez zuen ardurarik hartzen, eta gure gain uzten zuten guzia».
Horretaz oharturik, pentsatu dute lanean jarraituz gero egoera ez zela aldatuko. Beraz, elkartea bertan behera uzteko erabakiaren helburua instituzioak mugitzera behartzea da. «Horrela gelditzen bagara, betizuen egoera larrituko da, eta ez dakigu zer gertatuko den», esan du. Erabakiarekin, pilota agintarien esku utzi dute, zerbait eginen dutelako esperantzarekin betiere. Gainera, Seiliez prest agertu da herriko etxeekin eta estatuarekin biltzeko eta elkartekoen iritzia jakinarazteko. Arduraren zama, baina, ez dute gainean eraman nahi.
Iparraldean eta Hegoaldean ezberdina da betizuen egoera. Iparraldean basa animaliak dira, eta, Hegoaldean, etxekoak. Iparraldean, betizuek ez dute estatuturik: berez, ez dituzte ez basa gisa eta ez etxeko gisa sailkatzen. Zer lege aplikatu? «Sailkatu gabe, Frantziako legeak ezin dira erabili ahal». Horregatik herriko etxeek ezin dute askorik egin. Are zailagoa du elkarteak, beraz. «Ez dakigu legea aldatu behar denetz. Pentsatzen dugu okertzen ahal dela, eta hori estatuak egiten ahal du», azaldu du Seiliezek. Adibide bat jarri du: przewalski zaldia. «Frantziako Estatuan badira. Ez dira ez basak, ez etxekoak, eta okertu dituzte legeak populazioa mantentzeko; beraz, pentsatzen ahal dugu betizuekin ere okertzen ahal dela legea». Dena den, horrez gainera aterabide asko daudela uste du.
Betizuek hainbat arazo dituzte Iparraldean. Alde batetik, animalien eta mendizaleen arteko harremana ez da ona, Seiliezek esan duenaren arabera. Neguan belar ona jateko, mendietatik jaisten dira, eta baserritarrak haserretu egiten dira. «Negu honetan ikusiko dugu zer gertatzen den». Bestetik, Itsasu eta Ezpeleta inguruan etxeko betizuak erosi dituzte Nafarroan, haragi hobea saltzeko. «Arriskua da animalia horiek trukatzeko eta genetikoki aldatzeko», ohartarazi du elkarteko kideak. Frantziak babestu ditzakeela uste du.
Bestalde, ehizarekin ere arazo bat dela azpimarratu du. Izan ere, azken bi urteetan betizuak legez kanpo ehizatzen ari dira, eta, ondorioz, kopurua jaisten ari da. Debekaturik dago, baina, nahiz eta behin eta berriro esan, ez dute kasurik egiten. «Elkarte gisa ezin genuen ezer erran; ez genekien nola konpondu afera hori».
1924. urtean, betizu asko zeuden Iparraldean, mendi guzietan. Hori esan du Seiliezek. Larrun trenbidea egin zutenean, baina, prefeturak beldur zuen behiek turismoan kalte egingo ote zuten, eta hiltzeko agindua eman zuen. Denek ez zuten bete, baina 1930ean «oso gutxi» geratzen ziren. Gerora, baina, hainbat lagunek egoerari buelta emateko lan egin zuten. Gaur egun, Lapurdin, Biriatu eta Urruña aldean, 30 inguru daude, eta Itsasu eta Ezpeleta aldean, 50 inguru. Beraz, 80 behi inguru daude Iparraldean. «Haien egoera aski larria da».
Hegoaldean, hobeki
Oso ezberdina da Hegoaldeko egoera. Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 1.062 betizu daude: 934 eme eta 128 ar. Nafarroaren kasuan, betizuekin lan egiten duten abeltzain multzo garrantzitsua dago Baztan eta Bera inguruan eta Leitza eta Goizueta inguruan. Baraibarren ere badira asko, eta Nafarroako Gobernuak zentro bat du Urraulen. Gipuzkoan, Leitzarekin mugan dauden inguruetan daude asko, Hernani inguruan, eta diputazioak hazteko zentro bat du Orion. Bizkaian baserri gutxiago daude, eta Dima eta goi mendietan biltzen dira, nagusiki.
Horiek dira INTIAk eman dituen datuak. Izan ere, 2012tik aurrera hiru probintzia horietako betizuen elkarteak federazio beraren parte dira. Lehendakaria behi gehien duen herrialdekoa da, Nafarroakoa —652 betizu daude han—. Egoera ez da ona, desagertzeko arriskuan dagoen espezie bat baita, baina egoera aztertzean basoa erdi beterik edo erdi hutsik ikustean dago gakoa.
Pilar Perurena Goizuetako (Nafarroa) abeltzain bat da. Hura da betizuen federazioko lehendakaria, eta basoa erdi hutsik ikusten du. «Egoera pixka bat gaizki ikusten dut. Laguntzak ematen dizkigute, baina ez da aski arraza mantentzeko», azaldu du. «Errolda igotzen ari gara, baina lan pila bat egin behar dugu». Abeltzainek duten arazorik handiena haragia saltzeko zailtasuna da. «Txekorrak ezin dira saldu, eta harategiek ez dute nahi». Hori dela eta, salmenta zuzena egiten saiatzen dira, eta bide horretatik lortzen dute aurrera egitea. «Bide bat da, baina hori mantso-mantso doa. Harategi batean oso erraza da: harakinari saldu, eta listo», esan du Perurenak.
Hala ere, berak gustu handiz egiten du lan, eta kontent dago betizuekin. Gainera, ez du analisi erabat negatiboa egin. «Etorkizuna ez dut oso beltza ikusten, baina jendeari kostatzen zaio arraza honekin lan egitea». Betizuak izuak direla nabarmendu du, eta «maneiatzeko zailak». Txikiak eta meheak dira, eta, horregatik, haragia saltzeko, beste arraza batzuen alde egiten dute abeltzain askok. Dena den, gogorrak dira, eta negua oso ongi igarotzen dute kanpoan.
Egoera erraza ez izan arren, bada betizuen alde egin duen belaunaldi berri bat. Hala azaldu du Miguel Retak. Federazioa INTIAren barruan dago, eta Reta da idazkari teknikoa. Haren esanetan, behi eta abeltzain kopurua mantentzen ari da. Adibide bat jartzearren, Nafarroan 450 behi inguru zeuden duela 8 urte, orain baino 202 gutxiago. «Arraza hobetzen ari da, eta belaunaldi berri garrantzitsu bat dago».
Basoa erdi beteta, beraz. Baina onartu du egoera zaila dela. «Hobeki dago, baina oraindik asko dago hobetzeko. Izan ere, arraza hobeen aurka lehiatu behar izaten dira betizuak. Adibidez, piriniotarrak kalitate hobea du, arraza hobetu egin delako». Aurreko Nekazaritzaren Garapenerako Programa bukatuta, orain PDR berriaren esperoan dira betizuekin lan egiten dutenak; 2015-2020ko planaren zain. «Orain, bertako arraza mantentzeko plana idazten ari gara, urte hondarrera ailegatu aurretik aurkezteko». Oraindik ez dakite legedia nola geratuko den. Bruselak onartu beharko du, gainera.
Aurrerantzean kontuan hartu behar dituzten arazoak hauek dira: baserri batzuetan odolkidetasun arazoak saihestea, kontrol genetikoak eginez; bertakoak ez diren arrazekin elkarbizitzarako arauak jartzea; hazitarako animaliak hezteko zentroak eraikitzeko aukera aztertzea; federazioaren bidez animaliak gizentzeko eremu komunak sortzeko aukerarik baden ikustea, baserri batzuk ez daukatelako behar aski baliabide; eta abar.
Retak Iparraldera ere begiratu du, eta penaz ikusi du hango egoera. «Hemen osasun kontrolak daude, identifikazioak... etxeko behi arraza delako. Han arazoa dute, basa delako. Hemen [Hegoaldean], nahiz eta goi mendietako eremurik makurrenetan egon, badute erabilera eta kontrola, eta baserrien parte dira».
«Guzien ondarea»
Hirurak bat datoz betizua mantentzeko beharraz. «Gure mendietako ondarearen parte dira, eta inoren laguntzarik gabe geratzen ari dira», dio Seiliezek. Perurenak ere ez luke betizua galtzerik nahi. «Hemengo arraza da, oso landakoa, aspaldikoa, eta merezi du», esan du.
Retak antzeko bidetik jo du: «Pena handia dugu balitekeelako Iparraldean dagoen ondare genetiko hori galtzea. Elkarrekin lan egin beharko genuke». Laguntzeko, Europako sarearteko programak egin daitezkeela uste du, edo euroeskualdean landu. «Gure ondarea da: bioaniztasunarena, eta animalien eta gizakien mantentzearena. Kultura, gastronomia, paisaia eta ingurumena mantentzen dute».
Hilabete luze falta da negurako. Betizuek ongi eusten diote hotzari, txikiak izanagatik ere animalia indartsuak direlako. Baina Iparraldean elkarterik gabe geratu dira. Ikusi beharko da instituzioak egoera larriaz ohartuko direnetz, eta neurriak hartzen hasten direnetz. Horrela ez bada, neguan hotz eginen du, inoren babesik gabe.