astekaria 2016/10/07
arrowItzuli

bizigiro

SOR AURORA HERRERA

«Heroinarekin gertatu zena gogorra izan zen, eta hiesak muturrera eraman zuen»

Jon Rejado

«Heroinarekin gertatu zena gogorra izan zen, eta hiesak muturrera eraman zuen»

Sor Aurora Herrerak (Sasamon, Burgos, Espainia, 1950) 22 urterekin zapaldu zuen lehenengoz Elurreta egoitza, Gasteizen. Noeren Arka esaten zioten eraikin horri orduan. Mota guztietako pertsonak hartzen zituzten, gehienak babesgabetasun egoeran: umezurtzak, buruko gaitzak zituztenak, ezkongabeko amak, baliabiderik gabeko edadetuak...

Gizonezko psikiatrian espezializatu zen, adikzioetan, batez ere. Elurretan, Arabako arreta psikiatrikoaren bilakaera barrutik bizi izan du Herrerak, baita askoz gehiago ere. 2015ean hartu zuen erretiroa, eta duela hamar egun Urrezko Zeledon saria eman zioten: bizitza osoko lanari aitortza.

Nolakoa izan zen lehen harremana adikzioen arretaren munduarekin, Elurretan?

Hasi nintzenean alkoholismoa zen dependentzia nagusia. Eragin beldurgarriak zituen: zirrosia, delirium tremens-ak... Ahal genuen moduan aurre egiten genien.

Ahal zenuten moduan?

Apenas genuen baliabiderik. Distraneurine botika genuen; jainkoari esker botikak asko hobetu ziren hortik aurrera, batez ere alkoholismoari aurre egiteko.

Denborarekin beste droga batzuk eragindako mendekotasunak heldu zitzaizkizuen, ezta?

Elurretako erabiltzaile batzuek ikusi zuten mamua etortzen. «Gazteak drogak hartzen hasi dira, eta helduko zaizkizue...». Azkar gertatu zen bilakaera. Espero genezakeen baino arinago.

Noiz jaso zenituzten heroinagatiko mendekotasun kasuak?

1979. urtean bakarren bat etortzen hasia zen, eta horien artean kokaina hartzen zuen baten bat zegoen. Gerora heroinazaleak, geroz eta gehiago. Ez genekien zer egin ere. Ez genekien ezer droga horiei buruz! Gazteek eman ziguten lehen eskuko informazioa: abstinentzia sindromea...

Nola aurre egin zenioten gorakada horri?

Ez zen erraza izan. Batzuetan etortzen ziren Elurretara, botika eske. «Emaguzu morfina, bestela norbaiti zorroa lapurtuko diogu, eta zu izango zara erantzulea!».

Negoziazio zaila, orduan.

Bai, baina haiekin hitz egiteko aukera nuen. Etorriko zirenen berri ematen zidaten, eta etorri aurretik ezagutzen nituen. [Burua makurtu du, begiradari eutsiz] Baita haiek ni ere... Harreman ezberdina genuen.

Nolakoak ziren erabiltzaile horiek?

Alkoholikoak baino gazteagoak ziren, oro har... Ospitalean familia bereko hiru belaunaldi ere egon ziren: semea, heroinazalea; aita, alkoholikoa; eta aitona, alkoholak eragindako dementziarekin. Gazteak, baina, zalapartatsuak ziren [irribarre egin du]. Mundu guztia genuen aurka! Egoitzako langileek leporatzen zidaten edozer baimentzen niela, eta gazteek langileak pikutara bidaltzen zituzten... eta ni erdian.

Urte horietan aldaketarik egon zen Elurretan?

1977an Arabako Arreta Psikiatrikoa Egituratzeko Plana hasi zuten. Hortik aurrera egoitza, ospitalea, ezberdin egituratu zuten: kronikoak, akutuak, gerontopsikiatria... 1982. urtean-edo toxikologietarako unitate berezia sortu zuten, Elurretako ospitalearen gizonezkoen atalaren barruan.

Heroinazaleen jarraipena egiteko aukerarik bazenuten?

Ez. Gutierrez doktoreak eta biok anbulatorio baten beharra antzeman genuen. Elurretan bertan aurkitu genuen, emagina eta irakasleak bizi ziren lekua libre geratu zenean.

Eta gazteak joaten ziren anbulatoriora?

Etortzen ziren: batzuk, abstinentzia sindromeak jota; beste batzuk, etxetik aginduta; epaiketa baten atarian etortzen ziren beste batzuk, tratamenduan egonda zigorra apaldu ahal izateko... Anbulatorioan gazteek ere parte hartzen zuten eskaintzan: batek makrame egiten zekiela, eta makrame tailerra egiten genuen; argazkigintza gustuko zutela, eta argazkiak ateratzeko irteerak prestatzen genituen... Guztiei ematen genien tratu bera; errespetuz tratatzen genituen.

Nola lantzen zenuten errespetu hori?

Besteak beste, erabateko konfidentzialtasuna mantentzen genuen. Areago, urte horietan Poliziarekin arazotxo batzuk ere izan genituen...

Poliziarekin? Zergatik?

Esaten zuten ni nintzela horien guztien estaltzailea; ni nintzela espetxean egon behar zuena. Zeinek daki zer esaten zieten gazteek poliziei atxilotzen zituztenean... Beste batzuetan laguntza eske etortzen ziren poliziak.

Zuri eskatzen al zizuten?

Behin gazte bat atxilotu zuten papelina batekin, eta etorri ziren. «Esan digute hemengo moja batek drogei buruz badakiela, eta jakin nahiko genuke zer den hau».

Eta zer erantzun zenien?

Haien laborategietan aztertzeko [barre egin du]. Nola esango nien, bada, hori zer zen?

1986. urtean Santiago ospitalean jarri zuten psikiatria zerbitzua. Horrek nola aldatu zuen Elurretako lan egiteko modua?

Desintoxikazioak Santiagon egiten genituen, eta gero Elurretara etortzen ziren, anbulatoriora. Garai batean desintoxikazioak etxez etxe egin izan genituen.

Etxez etxe? Zergatik? Nola egiten zenuten?

Bikote bat gogoratzen dut. Biek utzi nahi zuten, aldi berean. Aiztogile kale inguruan bizi ziren eta... Errealitatea ikusteko aukera izan nuen; oso gogorra. Noiz edo noiz ateratzen zen haien semea: «Ez dago ezer, dena saldu dugu dagoeneko», esan zidan behin.

Orduko testuinguru kulturalean eragina izan zenuela esaten da...

[Barre egin du] Cicatriz taldea sortu zen bertan. Hasieran ez zuten lekurik jotzeko elkartzeko. Galdetu zidaten ea lekuren bat ezagutzen ote nuen. Elurreta ia beteta zegoen; sotoan bazegoen lekua, baina oso txarto zegoen. Erakutsi nien, hala ere: «Hemen, hemen elkartuko gara!».

Ospitalearen barruan?

Bai, bai... Jarraitzaile guztiak etortzen ziren saioak ikustera... Eta haiek poz-pozik! Niretzat oso garrantzitsua zen gurera etortzea: batetik, ez zeuden kalean, eta, bestetik, jendea erakarri, eta, gutxienez, ezagutzen gintuzten.

Ez zuten eragozpenik sortzen, zaratagatik?

Ez... tira, bai, baina etxekoak ziren! Zarata egiten zuten, baina hain zeuden ondo gurean... Anbulatorioa zen haien topalekua. Non bilduko ziren bestela?

Kontzerturen batera joan zinen?

Behin baino gehiagotan esan zidaten, baina... nola joango nintzen kontzertu batera? Leku bat gordeko zidatela esaten zidaten, baina...

Heroinarekin batera, urte gutxian, hiesa ere heldu zen. Nola bizi izan zenuen hori?

Bortitza izan zen. Heroinarekin gertatutakoa gogorra izan zen: higienerik ezak eragindako infekzioak; hepatitisa... eta hiesak muturrera eraman zuen dena.

Nola izan ziren lehen urteak?

Hiltzen zuen gaixotasun batekin etortzen hasi zen jendea. Txagorritxun eta Santiagon ospitaleratzen zituzten, baina Elurretan ikusten genuen aurreko prozesua. Beti joaten nintzaien bisitan. Oso gogorra zen. Oso.

Nola hartu zuten Elurretara joaten ziren gazteak?

Une zehatz batetik aurrera ohiko odol analisietara hiesa antzemateko proba ere gehitu genuen, betiere haien baimenarekin.

Nola esaten zenieten emaitza?

Ia ez genien ezer esan behar: aurpegian antzematen ziguten. Informazio hori mediku baten bidez esatea proposatu genuen, baina askok ez zuten nahi izan: «Zuk ezagutzen nauzu, eta zuk esan behar didazu».

Nola bizi izan zen egoera hura gizartean?

Harreman asko hautsi ziren. Hiesdun batek kontatu zidan, negarrez, ilobak ikustea ukatu ziotela. Ohiko tabernetako jabeek eskatu zieten bertara ez joateko. Estigma beldurgarria zen.

Heroina menpekotasunari aurre egiteko neurrien artean inflexio punturik egon al zen?

1992. urteko otsailean hasi ginen metadona ematen. Aurretik egon bazegoen, baina ez zen legezkoa. Beranduegi onartu zuten.

Karitatearen Alabak kongregazioko moja izan arren preserbatiboen erabilera sustatu zenuen.

Oso garrantzitsua iruditzen zitzaidan horrenbeste min eragiten ari zen gaixotasun horri muga jartzea. Aita santua preserbatiboen aurka bazegoen... Tira, ni ezin nintzen geldi egon ikusten nuena ikusita. Xiringa garbiak banatzearen alde ere egin nuen. Kritikak jaso nituen, baina, droga kontsumituko badute, behintzat ondo egin dezatela.

Hiesak heroinaren kontsumoa urritu ote zuen...

1990eko hamarkadara arte gehienak hil ziren, eta kontsumoa ere jaitsi egin zen. Beste batzuk agertu ziren: kokaina, anfetaminak, diseinuko drogak... Susmoa dut batzuetan ez dakitela zer kontsumitzen duten ere.

Mendekotasuna duen pertsonaren profila aldatu al da?

Oso ezberdina da. Areago, gaur egun droga bat baino gehiago hartzen dituztenak dira ohikoenak. Horrek gaitz dualak eragin ditu: substantzia batekiko mendekotasuna eta buruko gaitza.

Tratatzeko moduan aldatu da?

Guk, hasieran, nahas-mahas polita genuen. Denetarik egiten genuen beharrei erantzuteko. Gaur egun zehaztuagoa dago dena.

Sendabideez gain, arreta sarea ere aldatu al da?

2013. urtean bateratu zituzten aurreko hamarkadetan sortutako unitate guztiak: alkoholismo unitatea, eguneko zentroa, toxikomanoen tratamendurako zentroa... Alegia, elkarrekin jaio ginen, Elurretan. Gero, urrundu egin ginen guztiok, nork bere bidea egiteko. Azkenik, 2013an berriro elkartu ginen, bakoitzak bidean ikasi duen guztia modu bateratuan landu ahal izateko.

BERRIAn argitaratua (2016/10/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA