astekaria 2016/10/07
arrowItzuli

mundua

Konpromisoa ez da aski

Igor Susaeta

Konpromisoa ez da aski

Nazio Batuen Erakundearen iazko txosten baten arabera, Mexikon, egunero, zazpi emakumezko hiltzen dituzte. Baina Maider Zilbeti Conavim-eko (Emakumezkoen Kontrako Biolentzia Aurreikusteko eta Erauzteko Komisioa) Zuzendari Orokor Atxiki eta Mexikoko Barne Ministerioko Berdintasun Unitateko arduradunaren esanetan, «intentzio onen marko bat badago». Miguel Angel Osorio Chang gobernu idazkariak, gainera, Mexikoko Gobernuak emakumezkoen aurkako indarkeriari aurre egiteko daukan konpromisoa berretsi zuen, joan den abuztuan, jendaurreko agerraldi batean. «Ireki dugu bidea, eta emakumezko guztiak ahaldundu bitartean, aurrera jarraitu behar dugu».

Asmoak asmo, datuak beldurgarriak dira, eta egoerak okerrera egin du azken urteotan. Mexikoko Geografia eta Estatistika Institutu Nazionalak (INEGI) jakinarazi du 2013 eta 2015 artean 6.488 feminizidio kasu gertatu zirela herrialdean; 2007 eta 2009 bitarteko zenbakiekin konparatuta, beraz, %46 egin du gora.

Herritarrek, oro har, pentsatzen dute gobernuak hauspotutako lege, programa eta politika publikoek eraginkortasunik ez dutela. «Itxurakeria besterik ez da», dio Eugenia Juarez idazkariak (Mexiko Hiria, 1969). Instituzioek ez daukate arazoa konpontzeko borondaterik, eta horretaz mintzo da Mariana Ferreira artista bisuala (Mexiko Hiria, 1984); herrialdea, oro har, «matxista eta misoginoa» dela nabarmendu du. Izmeny Miranda zerbitzariaren ustez, berriz, (Tijuana, 1997), gobernuak hartutako neurriez «aprobetxatzen dira» zenbait emakumezko. «Emakumezkoak ere biolentoak izaten ari dira beste generoarekin; feminista asko daude, eta batzuk zakarrak dira».

Emakumezko asko dira, oraindik ere, indarkeria matxistaren biktima. «Ezagutzen ditudan emakumezkoen %80ri eraso egin izan diete, gutxienez behin, fisikoki edo psikologikoki bikote harreman baten barruan», zehaztu du Juarezek. Ferreirak ere badu horren berri. «Ni neuk ere jasan izan dut biolentzia psikologikoa bikote harremanen batean».

Adituen iritziz, Mexikon, oro har, bortitzak dira harremanak. «Mexikar ertainak dena edo ia dena kolpeka konpontzeko joera dauka», dio Ferreirak. Alejandro Xolalpa saltzailearen aburuz (Mexiko Hiria, 1972), beste herrialde batzuetan ere biolentoak dira hartu-emanak; «AEBetan, esaterako». Uste du, dena den, Mexikoren kokapen geografikoak zerikusia izan dezakeela: «Hainbat herrialdetako pertsona askok zeharkatzen dute gure lurraldea AEBetara bidean, eta horren ondorioz sortzen da krimen antolatua, eta horrek eragiten ditu gehiegikeriak eta biolentzia».

Mirandarentzat, jendea kontzientziatuago dago, eta, datuak gorabehera, nabari du garapen bat, gazteen artean ez baitu diskriminaziorik antzematen. «Ikuspegi irekiagoa daukatenek, ordea, aurreko belaunaldietakoen aurreiritziekin topo egiten dute». Xolalpa ere ados dago, baina Ferreirak ez du hain argi ikusten: «Beharbada, gehienez, emakumezkoaren ahalduntze bat gertatu da, jada aitortzen zaiolako familiaburua edo profesional arrakastatsua dela». Iruditzen zaio, dena den, gizonezkoek ere lagundu dezaketeela arazoa konpontzeko orduan. «Enpatikoagoak balira, askoz ere hobeto. Guk sentitu ohi dugun zaurgarritasuna sentitu beharko lukete noizbait». Xolalparen hitzetan, «gure jarrerek emakumezkoengan duten eraginaz jabetu beharko genuke».

Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoak (UNAM) aurten argitaratutako ikerketa batek, baina, ondokoa dio: emakumezko mexikarren %23k uste dute emakumezkoak berak direla «errudun». Juarezen eta Mirandaren esanetan, «heziketa eta kultura gabezia» nabarmena nabari dira hori adierazten dutenen artean; Xolalpa «autoestimu apalaz eta ohitura matxistez» mintzo da; eta Ferreirak beste era batera argudiatu du: « Genero biolentziarekin eta sumisioarekin lotuta dauden ekintzen aurrean ez ikusiarena egiten badugu, errazagoa da erantzukizuna genero komunitate baten esku uztea».

BERRIAn argitaratua (2016/10/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA