astekaria 2016/10/07
arrowItzuli

mundua

DANILO RUEDA

«Santosen politika inkoherentea zigortu da; ez da bakea bozkatu»

Kristina Berasain Tristan

«Santosen politika inkoherentea zigortu da; ez da bakea bozkatu»

Kolonbia «ilun eta goibel» esnatu dela. Hori da esateko daukan lehenengo gauza. Ivan Danilo Rueda (Bogota, 1973) kazetariak eta politologoak erantzunak ditu galderak baino ez dituen aldi honetarako. Justizia eta Bakea Batzordea gobernuz kanpoko erakundeko koordinatzailea da, eta biktimen ordezkarietako bat izan da Habanan.

Bojayan eta La Chinitan egin berri diren barkamen ekitaldietan ere izan da. Ezen Kolonbiako armadak eta talde paramilitarrek egindako giza eskubideen urraketak salatzea eta ikertzea da elkartearen helburua, eta giza eskubideen ekintzaile gisa, heriotza mehatxuak jaso ditu: «Biktimak babestearen eta inpunitatea salatzearen ondorio da». Itxaropena galdu gabe mintzatu da BERRIArekin: «Beste Kolonbia batean bizitzeko ametsa beteko da».

Ezezkoa nagusitu da. Ezustekoa izan al da?

Emaitzak aztertzean, esan beharra dago abstentzioa oso handia izan dela, azken 22 urteetako handiena, ia %62. Eta ezezkoa oso tarte estuagatik gailendu dela, 50.000 botoren aldeagatik; beraz, berdinketa teknikoaz hitz egin dezakegu. Gainera, eremu batzuetan, euri jasak izan zirela medio, ezin izan zuten bozkatu. Karibean izan zen hori, baiezkoa gailentzea aurreikusten zen zonaldeetan. Hori esanda, herrialde honen errealitate politiko nazionalaren isla da emaitza. Gehiengoa isilik geratu da, ez du bere iritzia eman, eta ez du horren momentu inportantean hitz egin nahi izan. Oso inportantea izango da aurrerantzean horien ahotsa entzutea bakearen eraikuntza errealitate bihurtuko bada.

Zer gertatuko da orain?

Horixe da denek egiten dugun galdera. Elkarrizketa politikoa eta soziala da bidea. FARCek esan du ez dela borroka armatura itzuliko, hitzen bideari eutsiko diola, eta gerrillariek dagoeneko armagabetzeari ekin diote. Presidenteak, berriz, alde biko su-etena berretsi du, beraz, oinarri sendo bat dago aurrera egin ahal izateko.

Zergatik nagusitu da ezezkoa?

Bake dinamika baten kontrako norabidean doazen neurriak hartzen ari da presidentea, eta, horren aurrean nekez bozkatuko da baiezkoaren alde. Juan Manuel Santosen politika inkoherentea zigortu dute; ez da bakearen alde bozkatu. Presidentearen politika ekonomikoaren kontra egin dute askok, politika horrek eragin zuzena duelako kolonbiarrengan. Eta beste askok beste bake bat aldarrikatzen dute, ez emanda datorrena, hitzartuta dagoena.

Zeintzuk dira politika inkoherente horiek?

Meatze energetikoaren alorrean hartutako neurriek politizatu gabe zeuden sektoreen erreakzioa eragin du. Ezin duzu eskatu baiezkoaren alde bozkatzeko, urak pozoitzen ari zaren bitartean, nahiz eta bakeaz galdetu. Huila eta Caquete departamenduetan horixe gertatu da. Santanderren ere bai. Horregatik bozkatu dute ez, inkongruentzia bat ikusten dutelako esan eta egiten denaren artean. Inkoherentea da bakea aldarrikatzea eta horrelako ondorioak dituzten politikak sustatzea.

Plebiszitua politikoa izan dela esan daiteke orduan?

Erabat. Santosen alde edo kontra egiteko plebiszitua izan da, ez bakearen alde edo kontra egiteko. Eta emaitza hor dago. Santosek ez dauka sostengu zabalik. Eta gobernuak egin duen kanpainak ez dio lagundu; izan ere, baiezkoa txalotzeko batzorde bat eratu dute, eta ezezkoa defendatu dutenak zakar tratatu dituzte, modu inkontsekuentean, tartean jazarpena baliatuz, eta hori ez da ulergarria horrenbeste sufritu duen herrialde batean, kanpaina batean eskuadroiak eta paramilitarismoaren eredu berriak erabiltzea. Testuinguru horretan zaila da ulertaraztea plebiszitua ez zela presidente bat neurtzeko.

Uribek irabazi al du?

Ez. Ezezkoarekin ez dira ari Uribe babesten. Ezezkoaren alde egin duten guztiak, behintzat, ez dira ari bera sostengatzen.

Beldurraren botoaz hitz egiten da.

Bai. Beldurraren eta gezurraren botoaz. Uribismoaren jarraitzaileen botoa izan da hori; baina ezezkoaren alde bozkatu duten denek ez dute beldurragatik eta gezurragatik bozkatu, edo bakearen kontra daudelako, baizik eta, berriro diot, presidenteak politika publikoen eta bakearen eraikuntzaren artean dituen inkoherentziengatik.

Ezezkoaren aldeko kanpaina ere oso bortitza izan da. Zergatik?

Lurrak galtzearen beldur dira, justizia sozialaren beldur, pribilegioak galtzearen beldur, eta, batez ere, egiaren beldur, paramilitarismoa bezalako egitura baten eraikuntzan izan duten erantzukizuna publikoki azaleratzearen beldur. Militarrek eta poliziek esateko dutenaren beldur dira agintariak eta enpresariak, badakitelako paramilitarismoarekin izan duten lotura azaleratuko litzatekeela, lortu dituzten etekinak tartean, eta horregatik eskatzen ari dira militar horientzako babesa, badakitelako hitz egiten badute herrialde honek urte luzez ezkutatua izan duen egia azaleratuko litzatekeela. Desplazatuak, desagertuak, heriotzak, torturak... Milioika kolonbiarrek jasan dituzte politikariek eta enpresariek sustatutako paramilitarismoaren ondorioak.

Uribe itun nazionalaz mintzatu da...

Bai, baina oker dauden tesietan oinarritu nahi du itun hori. FARCeko gerrillariek kartzelara joan behar dutela dio, eta politikan aritzeko bidea ukatzen die gerrillariei, hain zuzen, borroka armatuari ekin izanaren arrazoietako bat bide politikoa ukatu izana izan zenean.

Zerk egin du huts?

Gauza askoren batuketa da. Presidenteak zalantzati jokatu du. Mezu arriskutsuak bota ditu. Kanpainaren hasieran esan zuen ezezkoa gailentzen bazen gerrillak hurrengo egunetik aurrera hirietan ere ekintza armatuak egingo zituela. Santosen taldea ere ez da gai izan presidentearen irudia sendotzeko, herritarrekin konektatzeko, biktimekin, nahiz eta aitortu behar zaion bakearen eraikuntzan rol inportantea izan duela, bere prestigio politikoaren parte bat arriskatu duela.

Santosek esan du errealitate politiko berri baten aurrean dagoela Kolonbia. Zer gertatuko da? Zer gertatu behar luke?

Habanan lortutakoaren defentsa irmoa egin beharko luke, eta bakearekiko bere konpromisoa berretsi. Egun duen prestigio eskasa arriskatu beharko luke, biktimak ardatz hartuta, bakea sendotzeko, eta horretarako mekanismoak ditu. Fiskalak berak ohartarazi zion ez zela beharrezkoa plebiszitua, presidenteak berak eskumenak zituela bake akordioak egiteko, baina beldurrez jokatu du.

Bakearen eraikuntzan, itun politikotik haratago, itun soziala behar da, azken batean, justizia sozialaz ere ari garelako. Errepublikako presidenteak den-dena bakearen alde arriskatzen badu, bakearen alde, berriro diot, kolonbiar gehienek babestuko dute, baina jarrera sendoak eta argiak hartu behar ditu, eta ez anbiguoak, orain arte bezala. Iragarri duen elkarrizketetan, ordezkari politikoez gain, mugimendu sozialak deitu beharko lituzke, biktimak, indigenak, ekologistak... Bake akordioaren muinean biktimak daudela errepikatu du behin eta berriz presidenteak, baina gero ez dira beraiengana iritsi. Errealitate politiko berri horrek biktimak hartu behar ditu ardatz. Entzun egin behar da, harrokeriarik gabe, bereziki presidenteak arreta txikia jarri dien horiei mintzatu behar zaie. Sektore guztien arteko eraikuntza da bakea.

BERRIAn argitaratua (2016/10/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA