astekaria 2016/10/07
arrowItzuli

gizartea

Artzapezpikutzaren kexa, alegazioetan

Iñaki Berastegi

Artzapezpikutzaren kexa, alegazioetan

Iruñeko Artzapezpikutzak soka tenkatu du. Eta Emilio Mola eta Jose Sanjurjo 1936ko estatu kolpe frankistako buruzagietako bi Erorien Monumentuko kriptatik ateratzeko prozesua ere eten dezake; azaroaren 16an ziren hastekoak lanak. Iruñeko Udalak hartutako erabakiaren zilegitasuna auzitan jarri dutenei batu zaie orain Iruñeko Artzapezpikutza, epaitegian alegazioak aurkeztu baititu: aldarrikatu du bera dela kriptaren erabileraren eta bertan dauden ondasunen «betiereko» jabea. Sanjurjoren familiak bezala, argudiatu du Nafarroako hileta tokietako osasun araudia ezin zaiola kriptari aplikatu eta, horrenbestez, «toki pribatua» dela esan du. Hortaz aparte, hobitik ateratzeko lanek kripta puskatuko dutela argudiatu dute: «Leku sakratu bat dela kontuan hartuta, bortxaezintasuna bermatuta du».

Nafarroako talde atzerakoienen ezinegona eragin zuen Iruñeko Udalak orain hilabete, Mola eta Sanjurjoren arrastoak kriptatik aterako zituela jakinarazi zuenean. Erabakiaren kontrako pintaketa zenbait agertu dira: Asiron, utzi bakean hildakoak, Asiron, ea bizirik daudenekin ausartzen zaren, eta halakoak. Eraso horiei «erantzun herritar zabal eta tinkoa» emateko, elkarretaratzera deitu dute Iruñeko hainbat eragilek: urriaren 14an izango da, Askatasunaren eta demokraziaren alde, faxismoari ez lelopean.

Kezka eragin dute pintaketek, baina euren garrantzia neurrian aztertu behar dela uste du Carlos Otxoa Bidegorriko Mitxingorria elkarteko kideak: «Ez dugu esan behar gutxiengo bat direnik, baina ez diogu duena baino garrantzi handiagoa eman behar». Otxoaren iritziz, pintaketa horiek egiteak esan nahi du, sektore horren «marra gorriak» gainditu dituela udalak, «sinesgaitza» bada ere.

Aritz Romeo Iruñeko Udaleko Bizikidetza zinegotziarentzat, ordea, pintaketak egin dituztenak gutxiengo bat dira. «Iruñean muturreko eskuindarrek espazio txikia dute; txikia eta anekdotikoa, nire ustez». Horrelako mezuak errefusatu egin behar direla gaineratu du: «Erregimen totalitario baten apologia egiten duten mezuak ezin dira onartu oinarrizko elkarbizitza demokratikoan». Pintaketak agertu badira ere, hartutako erabakiari udalak «irmo» eutsiko diola aurreratu du.

ELA sindikatuko Iruñeko egoitzan ere agertu da pintaketa bat. Mitxel Lakuntza ELAko Nafarroako koordinatzaileak adierazi du halako hirugarrena dela: «Muturreko eskuindarrek pintaketak egin dituztenean, ohiko lekuetako bat izan da azken urteotan ELAren egoitza» Hori horrela, Lakuntzak ez du uste udalaren erabakia babesteagatik egin dutenik pintaketa. Bi arrazoi aipatu ditu: «Batetik, ELA sindikatu abertzale eta ezkertiarra delako. Eta, bestetik, pintaketen atzean ibilbide bat dagoelako». Lakuntzak gogoratu du German Rodriguezen monolitoari eraso zioten gau berean egin zutelako pintaketa ELAren egoitzan. «Logistikoki errazagoa da haientzat».

Gehiago ager daitezke

Azaroaren 16an dira hastekoak gorpuak ateratzeko lanak. Dena den, prozesua luzatu daiteke, Jose Sanjurjoren familiak prozesua eteteko eskatu duelako, irregulartasunak sumatu dituelakoan. Azkenean gorpuak ateratzen badituzte, erabakiaren aurka dagoen sektoreak pintaketa gehiago egin ditzakeela uste du Otxoak. «Sinbologia frankista ezabatzea beti da pozgarria, baina gerta liteke horren kontra ere deialdiak antolatzea». Iritzi berekoa da Romeo: «Eskuindarrek ere badute manifestazioak egiteko eskubidea. Pintaketak, ordea, eraso bat dira». Udaltzainak pintaketek nork egin dituen ikertzen ari direla baieztatu du zinegotziak. Dena den, erantsi du espero dutela iruindarren gehiengoak ulertzea zergatik hartu duten Mola eta Sanjurjo kriptatik ateratzeko erabakia.

Pintaketek baino gehiago nahastu dute egoera Espainiako jarduneko Barne ministroaren hitzek. «36ko gerra bukatu eta ez dakit zenbat urtera irabazi nahi dute batzuek; espainiar eta nafarrek aurrera egin nahi dute», esan zuen Jorge Fernandez Diazek orain bi aste. Udala persona non grata izendatzea aztertzen ari dela berretsi du Romeok: «Eta hala izendatzen ez badugu, ministroaren hitzen eta jarreraren aurkako akordio bat bultzatuko dugu».

Otxoak uste du adierazpen haiek erabakiaren aurkako sektorea «akuilatu» dutela, eta kargu hori duen pertsona batek hitzak «hobeto neurtu» beharko lituzkeela. UPNri eraso horien aurkako «jarrera irmoa» eskatu behar zaiola uste du Lakuntzak.

Erasoen atzean ezkutuan geratu da beste eztabaida bat: Erorien Monumentuarekin zer egin? Botatzearen alde daude batzuk, eta memoria historikoaren aldeko ekintzetarako berrerabili nahi dute beste batzuek. Romeok azaldu du erabakia hartu aurretik hirigintza plana aztertu behar dutela: «Garapen urbanistiko berriei ireki behar zaie espazio hori. Eztabaida zabaldu behar dugu».

BERRIAn argitaratua (2016/10/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA