astekaria 2016/10/07
arrowItzuli

mundua

Harrizko erresuman zirrikitu bila

Samara Velte

Harrizko erresuman zirrikitu bila

Marokoko politika gertutik behatzen dutenek irribarre etsiarekin oroitzen dute nola katramilatu ziren behin gobernuko ordezkari bat eta oposizioko beste bat telebistan. Hauteskunde kanpainako eztabaida betean ari ziren, gobernuak 2012az geroztik egin behar zuenaz eta lortu ez zuenaz ika-mikan, harik eta, aurkariaren argudioei amore emanda, hautagai ofizialistak gogorarazi zion arte «Bere Gorentasunaren gobernua» dela hau. Eta aurkariak erantzun: «Bada, oposizioa ere Bere Gorentasunarena da».

Marokoarrek gaurko hauteskundeetatik espero dezaketena irudikatzeko, behintzat, balio du pasarteak. Mohammed VI.a erregeak gotorleku bat eraiki du bere eragin-esparru nagusien inguruan, eta 2011ko protesten osteko erreformek ere ez dute haren agintea deseraikitzea lortu. Gehienez ere harrian arrakala batzuk zabaltzea da haren aurkakoen esperantza.

2011ko manifestazioen ostean onartutako konstituzioak eman zuen bidea zirrikitu batzuetarako, teorian botereen banaketa bermatzen zuenez gero. Harrezkero, erregeak ez du lehen ministroa zuzenean aukeratzen: boto gehien jasotzen dituen alderdiak izendatzen du. Aurreko hauteskunde parlamentarioetan (2012) sartu zen lehenbiziko aldiz indarrean arau hori, eta PJD Justizia eta Garapenaren Alderdi islamistak irabazi zituenez, harena da orain gobernuburua. Baina aurki ohartu zen berak eta erregeak ez zutela berdin ulertzen botere banaketaren kontua.

Abdelilah Benkiranek betetzen du orain lehen ministroaren rol eskizofrenikoa. Batetik, monarkiaren gehiegizko boterearen aurkako diskurtsoa darabil jendaurrean, PJD oposizioko indar nagusia baitzen 2011 baino lehen. Baina, aldi berean, gobernuaren eguneroko jarduna kudeatzen du, eta aurpegia eman beharra dauka geroz eta zorrotzago begiratzen dioten herritarren aurrean. Haren arazo handiena da ez duela gobernua nahi bezainbeste kontrolatzen: Justiziako Kontseilu Goreneko, Ministroen Kontseiluko eta Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko burua Mohammed VI.a da oraindik, eta haren agindupean daude Barne Ministerioa, Atzerri Gaietarakoa eta Gai Erlijiosoetarakoa.

Azken lau urteotan oposizioan aritu den alderdi nagusia ere erregearen kontseilari batek sortua da: PAM Benetakotasunaren eta Modernitatearen Alderdia. Kanpaina honetan gogor jardun dute haren kideek gobernura itzultzeko. PJDk ere salatu du larderia eta presio kanpaina bat abiatu dutela erregearen menpeko indar publikoek, PAM ez diren beste alderdiei —eta bereziki islamistei— zailtasunak ipintzeko.

30 alderdi lehian

Gaurko bozetan, Ordezkarien Ganberako (kongresuko) 395 eserlekuak daude jokoan. Horietatik 305 hauteskunde zerrendetatik aukeratzen dituzte; beste 60 emakumezko hautagaientzat daude gordeta; eta gainerako 30ak, 35 urtetik beherako hautagaientzat. Marokoko sistema politikoak oso zaila bihurtzen du inork gehiengo osoa eskuratzea; ohikoena da hainbat alderdiz osatutako koalizioek gobernatzea.

30 alderdi inguru aurkeztuko dira, nahiz eta azkeneko bozetan soilik lauk eskuratu zituzten botoen %10 baino gehiago: PJDk (%27), Istiqlal alderdiak (%15), RNI Independenteen Berrelkartze Nazionalak (%13) eta PAMek (%12). RNI Hassan II.a zenaren koinatuak sortu zuen monarkiaren hautagaiak sistema politikoan sartzeko. Istiqlal-ek independentzia esan nahi du, eta Marokoko alderdi nazionalista historikoa da, baina azken urteotan nora ezean ibili da barruko tentsioek urratuta. Ezker laikoa ahulduta dago eta elitista ospea du; erregearekiko oposizioa, nagusiki, alderdi islamisten inguruan biltzen da.

Alderdien arteko ñabardurak gorabehera, erregearen agintea da Marokoko politikaren ezaugarri iraunkorrena. Ifrentzu iluneko hainbat aurpegi argitsu ditu herrialdeak nazioartera begira. Alde batetik, Afrika iparraldeko herrialde egonkorrena izatearen ospea du; gutxitan agertu ohi da egunkarien azaletan. Eta hori, ondorioa baino gehiago, zerbaiten sintoma da, kaleko oposizioak eta giza eskubideen aldeko erakundeek salatu izan duten jazarpenari erreparatuz gero. Mugarik Gabeko Berriemaileek osatzen duten Prentsa Askatasunaren Zerrendan 130. lekuan dago Maroko, Hego Sudanekin, Mauritaniarekin eta Afganistanekin lehian. Herrialdeari buruz argitaratzen dena zorrotz kontrolatuz irabazi ditu Rabatek ohore handirik ematen ez duten tituluok.

BERRIAn argitaratua (2016/10/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA