astekaria 2016/09/30
arrowItzuli

ekonomia

Bi eskurekin aski

Oihan Vitoria

Bi eskurekin aski

Guztia guztien eskura dagoen mundua marraztu du urteotan globalizazioak. Distantziak laburtu ditu, batzuen zein besteen aldeak arindu nahian, baina sektore askoren aginte makila gutxi batzuen menpe utzi du, baliabide gehiegi ez dituztenen kalterako. Nekazaritzaren gisako ezinbesteko sektoreetan larrutik jasaten ari dira horren ondorioak. Munduko multinazional indartsuenen bat egite etengabeek, esaterako, hankaz gora jarri dute egonkorra zirudien merkatua, eta, praktikoki, hiru enpresen gain utzi dute hazi edota agrokimikoen kudeaketa.

Pixkanaka monopoliora gerturatzen ari da sektorea: duela urtebete hamar konpainiek kontrolatzen zuten negozioa hiru talderen esku dago orain. Alemaniako Bayerrek AEBetako Monsanto erraldoia 58.800 milioiren truke bereganatu izana da horren adibide. Baten hazien negozioa eta bestearen haztegiena uztartuta, transgenikoen munduko enpresa handiena sortzeko urratsa egin dute.

Erosketak, ordea, baditu arriskuak Bayerrentzat. Akziodun batzuk kezkatuta daude, uste dutelako erosketak enpresaren zorpetzea handituko duela. Beldur dira ez ote duen Bayerren jarduera ardatza farmazeutikoetatik agrokimikoetara aldatuko. Enpresa berrian, Monsanto izena saihestea pentsatzen ari da Bayer, AEBetako etxearen ospe txarragatik.

Azken urteotan hazien prezioa jaitsi bada ere, horrek laborantza industria zigortu du, eta finantza ezegonkor dago multinazional estatubatuarra, kili-kolo. AEBetako erraldoiak 66 herrialdetan du tokia, baina egokitzapen prozesua nozitzen dabil: azken bi urteotan, milaka langile kaleratu ditu. Sektorean, gainera, ugaritzen ari dira bat egite handiak, eta joera horren logikari erantzuten dio Monsanto eta Bayerrenak. Dow Chemical eta DuPontek ere bat egin zuten iazko abenduan, eta ChemChinak Syngenta suitzarra erosi zuen, 39.000 milioi euroan.

Bat egiteek kalte handia egiten diete ekoizleei, prezioak negoziatzeko tarteak galtzen ari direlako. Eta ez edozein garaitan: hazien salneurria azken urteotako merkeena da orain, baina ekoizleek ezin diote zukurik atera. Kontrakoa uste dute enpresek. Argudiatu dute bat egiteek alderantzizko eragina izango dutela, eta irtenbide azkar eta eraginkorrak eskainiko dizkietela nekazariei. Ikusteko dago hitza beteko duten.

Enpresa erraldoien menpe

Kaltea, dena dela, egina dago. Nekazaria enpresa handien menpe geratu dela abisatu du Euskal Herriko hazien sareko biologo Jaime Ortiz de Urbinak. «Eta, maiz, hazi aldaerak komertzializatzeko eskubideak galtzen dituzte». Hazi patenteak lortzeko, konpainiek royalty-ak ordaintzen baitizkiete trukean.

Galtzen ari diren nekazaritza aldaeren erradiografia osatzeko sortu zuten elkartea, eta boluntario moduan aritzen dira. Aldaera horiexek jasotzea, biltzea eta nekazarientzat eskuragarri jartzea dute zeregin nagusi. Baratzeko zenbait espezierekin hasi ziren, baina ia arlo guztietan aritzen dira egun: bazka landareekin, gariarekin, abereentzakoekin... Sektorearen egoera, horrenbestez, ez zaie oharkabean igaro. «Merkatua enpresa gutxiren esku utzita, nekazaria erabat lotuta edukitzea eta haien haziak erabiltzea behartzea nahi dute», biologoaren iritziz.

Azken ehun urteotan nekazaritzako bioaniztasunaren %75 galdu da, eta, gaur-gaurkoz, enpresa handiek merkaturatzen dituzten aldaerak dira nagusi. Bai, behintzat, nekazari profesionalen artean. «Bost-hamar hektarea baino gehiago landatzen dituztenen artean, denek erabiltzen dituzte aldaera komertzialak». Eragina berehalakoa da. «Fruta-arboletan, esaterako, landaketa handirik ez dago jada», salatu du gasteiztarrak. Txikira jotzea da joera: «Berreskuratzen ditugun aldaera batzuk landaketa berrietan sartzen dira, nekazaritza ekologikoan».

Gipuzkoako EHNE nekazarien sindikatuaren hitzetan, geroz eta gutxiagoren artean gehiagorentzat ekoitzi behar izateak eta edozer edonoiz eskuratu nahiak hazien bioaniztasunaren gainbehera areagotzen du. Haziak gorde, landareak aldatu eta haziak erosten dituzten baserritarrak daude Euskal Herrian. Baina zer galduko luke herri batek hazien aberastasuna galduko balu? «Dena... Gaur egun, supermerkatu askotan ez dugu nahi duguna erosten, dendek itxura lehenetsita eskaintzen digutena baizik, jatorriari eta ekoizpenari erreparatu gabe».

Ortiz de Urbinak ohartarazi du merkatuak eskala handiko merkataritzan ondoen egokitzen diren produktuak lehenesten dituela oraindik ere. Hazi enpresek nekazari handiei saltzen dizkietenak dira. «Eta ez dira errespetatzen aldaera zaporetsuenak. Pestizida eta gehigarririk gabe eginiko aldaerak dira hobeak». Haren esanetan, aldaera berriak eraginkorrak izan daitezke nitratoa eta ura fruitu bihurtzen, baina ez nekazaritza ekologikoaren irizpideetan, baldintza meteorologikoetara egokitzea kostatzen baitzaie.

Eta horrek bete-betean eragiten die baserritarrei. Egunerokoa da kaltea, sindikatuaren hitzetan: «Zenbat landatu behar dut? Behar beste fruitu emango dizkit eskariari erantzuteko? Handia da kezka». Baina ez soilik baserritarrentzat, herritar guztientzat baizik, bat egiteei esker jakiak ekoizteko lehengaien eta botiken kontrola duten enpresek salneurrian eragiteko ahalmena lortzen dutelako. «Zer eta zein preziotan jango dugun erabaki dezakete».

Hazien katalogoetatik at

Hazien merkatua monopolio eta pribatizaziora bideratzen ari da: oso kontzentratua dago sektorea, geroz eta konpainia gutxiagoren esku, eta nekazariak multinazionalen esanetara geratzen ari dira. Bat egiteen erruz, estu hartu dituzte, eta ia dena kontrolatu dute. «Badago kezka baserritarren artean», Gipuzkoako EHNEk dioenez: «Gizartearen zati handi batek lurrarekin dugun lotura, haren erritmoak, garaian garaikoa kontsumitu eta jatorria ezagutzearen garrantzia ahaztu du».

Enpresa berriak sortzean, halaber, aldaera batzuk katalogoetatik kentzen dituztela gaineratu du hazien sareko kideak. Badira adibideak: Monsantok Seminis bereganatzean, bi mila aldaera kendu zituen merkatutik. Zergatik? Etekin gehien ematen zizkien aldaerak gorde, eta besteak baztertzeko. Ortiz de Urbina: «Soilik eskubide komertzial esklusibodunak interesatzen zaizkie, hibridoak».

ETC Group erakundeak ikerketa bat egina dauka enpresek katalogoetatik kentzen dituzten hazi motei buruz, eta, AEBetan hamazazpi urtean merkatutik desagertutako aldaeretatik abiatuta, ondorioztatu du %75 ez-hibridoak zirela. Horrek ziurtasuna ematen die enpresei. «Nekazariek ez ditzaten haziak gorde eta hurrengo urtean berriz ereiteko erabili».

Praktika horiek saihesteko, enpresa handiek ikuskariak dituzte herrialdeetan. «Bitxia da: urte askoan lortutako aldaerak biderkatzeagatik isunak eta salaketak jasotzen dituzte orain nekazariek». Enpresek, berriz, aski dute gene aldaketa txiki batekin aldaera berri bat sortu eta merkaturatzeko. «Pirateria-ren parekoa da ia».

Genetikoki eraldatutako jakien aurkako hotsak altxarazi ditu horrek. Ekoizleek badute borondatea egoera iraultzeko, baina ez indar aski. Friends of the Earth eta Greenpeacek esana dute Bayer-Monsanto ezkontza «infernutik bidalitako mehatxua» dela nekazaritzarentzat. Frantziako hainbat sukaldari entzutetsuk ere egin dute oharra: arriskutsua dela diote, janarietan pestiziden erabilera orokortu dezakeelako. EHNEren aburuz, erosleen esku ere badago «kontsumo arduratsua eginda» multinazionalen joerak apurtzea.

BERRIAn argitaratua (2016/09/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA