astekaria 2016/09/30
arrowItzuli

gizartea

JOCELYN BELL BURNELL

«Espazioaren %95 ulertzen genuela uste genuen; %4 da orain»

Arantxa Iraola

«Espazioaren %95 ulertzen genuela uste genuen; %4 da orain»

Aitarengatik jasotako abizena du Bell, eta inoiz entzun behar izan du Nobell txantxa merkea Jocelyn Bell Burnellek (Belfast, Irlanda, 1943). Izan ere, 1973an Fisikako Nobel saria jaso zuten pulsar izarren aurkikuntzan parte hartu zuen ikerketa taldeko buruek, eta haren jarduna aurkikuntzan erabakigarria izan bazen ere, ez zuten aintzat hartu. Arrangurarik gabe mintzo da, hala ere. Passion for Knowledge 2016 topaketetan hizlari ibili da egunotan Euskal Herrian, Donostia International Physics Centerrek gonbidatuta.

Oso gaztetan egindako aurkikuntza batek egin zintuen ezagun: pulsar izarrak atzemateko prozesuan, hain zuzen ere, giltzarri izan zen zure lana. Zertan aldatu zuen aurkikuntza horrek espazioa ulertzeko modua?

Inork iragarri ez zuen izar mota bat ziren; oso muturreko izar mota bat. Muturreko fisikaz asko irakasteko bidea ematen dute, hain justu. Bestalde, izar horiek garrantzitsuak izan ziren lehen aldiz Einsteinen teoriak egokiak zirela berresteko. Hain dira muturrekoak, egokiak direla berrespen hori egiteko. Eta Einsteinen teoriak zuzenak dira: oraino.

Irratiastronomiaren hastapenetan murgildu zinen jardunbide horretan. Ordutik, teknologiak zenbateko aldaketa eragin du?

Ikerkuntzan aldaketa oso handia izan da, ordenagailuek, gailu horien bilakaerak, eragin handia izan du, eta datu asko eskuratzen ditugu gaur egungo ikerketa proiektuetan: datu kopuru erraldoiak. Hain zuzen ere, jendea behar dugu datu horiekin guztiekin lan egiteko... Halaber, horrek esan nahi du askoz era bizkorragoan egiten dela egun aurrera.

Hori aintzat hartuta, zein aurkikuntza espero dituzue?

Nire ustez, hurrengo aurkikuntza garrantzitsua izango da ulertzea jada aurkituta ditugun zenbait gauza, oraino zer diren jakin gabe baikaude. Hain zuzen ere, materia iluna eta energia iluna hortxe daude: bi itaun handi. Nik uste dut biak ulertzen ditugunean fisika ulertzeko modua ere aldatu egingo dugula: fisika osoa, oinarri-oinarrizko era batean. Energia eta materia iluna ulertzen ditugun heinean, fisikara iraultza bat etorriko dela iruditzen zait; biak ere oso garrantzitsuak dira.

Ehunekotan, unibertsoaren zein portzentaje ezagutzen da?

Ni gaztea nintzenean baino askoz ere txikiagoa. Gaztea nintzenean espazioaren %95 ulertzen genuela uste genuen. Orain %4 ulertzen dugula uste dugu: gainerakoa materia iluna da, energia iluna. Halaxe gabiltza urtez urte: ezustez ezuste. Aldaketak, gainera, zinetan bizkorrak izaten dira. Horrekin, hein batean, ikasi dugu umilagoak izan behar dugula, bazter utzi behar dugula harrokeria. Hain zuzen ere, espazioa guk uste genuena baino misteriotsuagoa da, ezuste gehiago ditu.

Aurkikuntzek ez dute etenik; grabitazio uhinak atzeman dituzte, esaterako, aurten. Behin ate hori zabalduta, zer aurkikuntza gehiago etorriko dira, zure ustetan, hemendik aurrera?

Oso lorpen garrantzitsua izan da. Atzeman duten mugimendua oso txikia da. Garrantzitsua da fisikarentzat eta teknologiarentzat; izan ere, urte askoan teknologia garatu behar izan dute halako mugimendu ñimiño bat atzemateko: atera kontuak, ile baten zabaleraren milioiren baten milioirena baino txikiagoa!

Aurkikuntza hori ere arras garrantzitsua izan da Einsteinek esandakoak berresteko…

Hala da. 1973-1974. urteetan guk zantzu onak aurkitu genituen Einstein zuzen zegoela frogatzeko; baina grabitazio uhinak zeharka aurkitu genituen orduan. Orain modu zuzenean aurkitu dituzte. Lehen, halaber, bagenituen zulo beltzei buruzko susmoak; orain badakigu badirela.

Egia kontzeptua erabiltzea ez duzula gustuko esan izan ohi duzu zuk sarri askotan. Zer dira bada orduan metodo zientifikoaren bidez berretsitakoak?

Beti susmo txarra hartzen diot nik egia hitzari. Zerbait ulertu egin dugula esatea gustatzen zait niri. Pertsona asko eta asko elkar hiltzen ibili izan dira egiaren izenean, eta, horregatik, nik nahiago dut ulermenean aurrera egin dugula adieraztea. Metodo zientifikoak balio digu berresteko ulertu dugun hori zuzena dela, frogatu egin dugula, baina niri ez zait gustatzen egia hitza erabiltzea.

Bizitzaren jatorria izarren hautsean zegoela usu adierazten da. Horrek aparteko garrantzia ematen die zuen ikerketei?

Egiazkoa zera da: gure odola gorria dela burdinarengatik, eta burdina hori izarretatik etorri zela. Era berean, hezurretako kaltzioa eta biriketako oxigenoa ere izarretatik datoz. Izarretako materia asko dago gure barruan.

Pulsarren inguruko ikerketak Nobel saria jaso zuen 1973an. Zure buruzagiek jaso zuten saria; kanpo utzi zintuzten. Zer eragin izan du horrek zure bizitzan?

Sari garrantzitsua izan zen: aurrerako urrats bat. Astronomian ez dago Nobel saririk, eta pulsarrekin lehen aldiz erreparatu zioten Fisikako Nobel sarirako astronomiari. Ordutik 15-20 astronomok jaso dute sari hori. Lehenbiziko horrekin, beraz, nolabait ere, atea zabaldu egin zen: aurrekari garrantzitsu bat izan zen. Nire ikuspegitik begira, berriz, niri iruditzen zait hein handi batean nik saria ez nuela jaso ez andrazko bat izateagatik, ikasle bat nintzelako baizik. Sasoi hartan, ikasleak ez ziren aintzat hartzen; gaur egun, harremana parekideagoa da, baina orduan ez zen horrela izaten. «Ikasle bat? Ez». Horixe izaten zen jarrera. Jende asko atsekabetu zen saririk jaso ez nuelako; ni ez, baina nire belaunaldiko jende asko bai. Eta sari asko jaso ditut, sari ederrak horietako asko.

Arrangurarik gabe mintzo zara. Sasoi hartan ere bai?

Nire izena ere ez zekiten. Ikasleok ez genuen nortasunik, ez genuen sexurik, ez ginen existitu ere egiten garai hartan.

Hobera egin da gaur egun lantaldeak antolatzeko garaian?

Bai. Gaur dagoen arazoa da ikerketa taldeak oso handiak direla. Atera kontuak, grabitazio uhinen aurkikuntza egin duen taldean, esaterako, 1.005 ikertzaile izan dira, mundu osokoak. Sariak, ordea, bi eta hiru ikertzaileri emateko pentsatuta daude sarri, ez horrelako ikerketa talde handientzat. Egun, hain justu, taldeei emandako sariak behar dira.

Eta andreen egoera hobetu da?

Bai. Asko egin da hobera. Ikerketa taldeak eratzean askotan aintzat hartzen da horiek askotarikoak izatea; andrazkoak eta gizonezkoak egotea, eta etnikoki ere talde ezberdinetako kideak. Talde horiek sendoagoa izaten dira, malguagoak, eta hobeto erantzuten dute garai gaitzak datozenean.

Kuakeroa zarela adierazi izan duzu, alegia, erlijio baten jarraitzailea. Kontraesanik ez dizu sortzen zientzia jardunarekin?

Kuakeroen erlijioak ez du esaten: «Zuk hau sinetsi behar duzu». Esaten da: «Zuk zeuk ebatz ezazu zer sinetsiko duzun, zeure kabuz». Bizitzan zehar, esperientziak pilatu ahala, sinesten duzun hori aldatu egin daitekeela onartzen da, eta ongi dagoela hori. Hein batean, zientzian gertatzen denaren antzeko zerbait da: aurrean dugun argazkia aldatzen ari da beti.

BERRIAn argitaratua (2016/09/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA