astekaria 2016/09/30
arrowItzuli

gizartea

Fiskalak ohartarazi du delitu informatikoak zigortzeko hutsuneak agertu direla legeetan

Garikoitz Goikoetxea

Fiskalak ohartarazi du delitu informatikoak zigortzeko hutsuneak agertu direla legeetan

Erabilera gero eta ohikoagoarekin batera, delituak ere gero eta ohikoagoak dira Interneten. Ez da berria hori. Kontua da lege hutsune batzuk agertzen ari direla sareko delituak zigortzeko garaian. Hori ohartarazi du fiskaltzak iazko jardunaren berri ematerakoan. EAEko fiskalburu Juan Kalparsorok jakinarazi du «kezka» sortzen ari dela Interneteko profil faltsuen kopuruarekin: adingabe itxurako soslaiak sortzen dituzte, adingabeei sexu jazarpena egiteko. Gisa horretako erasoek ez diete adingabeei bakarrik eragiten, ordea. Nafarroako fiskalburuak, Jose Antonio Sanchezek, azaldu du modu «esponentzialean» ari direla handitzen bikote harremana hautsi ondorengo erasoak Interneten: bikote zirela emakumeei egindako argazki eta bideo erotikoak zabaltzen dituzte gizonek. Zigortzeko arazoak izaten dituzte.

Joan den urteko jardunari buruzko txostenak egin dituzte Nafarroako eta EAEko fiskalburuek. Kalparosorok atzo aurkeztu zuen txostena hedabideen aurrean, eta Sanchezek BERRIAri helarazi dio informazioa, kazetak eskaturik. Jardunaren jaitsiera da iazko nobedadeetako bat. Iaz sartu zen indarrean Espainiako Zigor Kode berria; haren bidez, orain arte delitu arintzat hartzen zituztenak faltak dira orain. Bi aldaketa dakartza horrek: batetik, zigorra diru isuna da, eta, bestetik, auzitegietatik atera dituzte, gobernuak jartzen baititu isun horiek. Iazko uztailean sartu zen indarrean aldaketa hori, eta, beraz, eragin mugatua du. Horri erantsi behar zaio kriminalitate tasa urtez urte apaltzen ari dela Euskal Herrian.

Interneteko delituen gorakadaz ohar egin dute bi fiskaltzek. Eskola jazarpena sare sozialetara zabaltzen ari da. «Irainak, mehatxuak eta gutxiespenak», horiek dira adingabeen artean deliturik ohikoenak sare sozialetan, Nafarroako fiskalburuak azaldu duenez. Kalparosorok ere gisa horretako delituak direla adierazi du, eta datu bat eman du: Gipuzkoan bakarrik 25 salaketa jaso zituzten iaz adingabeen fiskaltzan horrelako gaiak direla eta. Kopurua handitzen ari da. Bullying-ari dagokionez, hamasei kasuren berri jakin du EAEko Fiskaltzak; horietako sei artxibatu egin behar izan dituzte berehala, erasotzaileek 14 urte baino gutxiago zeuzkatelako.

Irainen eta horrelako erasoen alboan ari dira beste batzuk hedatzen, fiskaltza bereziki larritu dutenak: argazkiak eta bideoak zabaltzea. Mezularitzarako aplikazioak aipatu dituzte bereziki: Whatsapp eta Skype, esaterako.

Gazteeen kontzientziazioa

Jazarpenarekin lotutako hiru kasuren berri eman du EAEko fiskalak, izan duten larritasunagatik. Bi kasutan, Interneten iragarkiak jarri zituzten «doako sexu zerbitzuak eskaintzeko», biktimaren telefono zenbakia emanez. Adingabeen artean gertatu zen hori. Beste kasu batean, 50 bat argazki igo zituzten Internetera; adingabeak sexu harremanak edukitzen azaltzen ziren irudi horietan. Joera horri buruz ohartarazi du Nafarroako fiskalburuak: adingabeen artean gero eta ohikoagoa dela sexu ekintzak agertzen diren argazkiak eta bideoak bidaltzea, «baita 14 urtetik beherakoen artean ere». Fiskalak nabarmendu du gehienetan neskak agertzen direla irudi horietan. Behin irudiak beste pertsona baten eskuetara heltzen direnean, horien «kontrola» galdu egiten dute gaztetxoek, Sanchezen esanetan.

Gai hori ez dute larritzat ikusten adingabeek, fiskalaren ustez. «Deigarriena da argazki horiek jaso eta bidali dituztenek ez dutela hedapen hori garrantzizko ikusten; ez dira kontziente pertsona horren intimitatea eta irudia urratzen ari direla». Ohartarazi du gaztetxoen artean aldatu egin dela intimitate kontzeptua. «Sare sozialetan irudiak etengabe agertzea hain zaie normala, ezen ez baitute ulertzen horrek intimitatea urra dezakeenik edo pertsona horri kalte egin diezaiokeenik».

Heziketa behar dela adierazi du Sanchezek. Eskolan informazioa eman behar dela. «Ez hori soilik: kontzientzia hartu behar dute ekintza horien ondorioei buruz». Gurasoen rolari ere begiratu dio: «Adingabeek gero eta goizago izaten dituzte telefonoak, Internet eta sare sozialak, kontrolik gabe».

Helduen artean ere bai

Adingabeen artean bakarrik ez da gertatzen, ordea. Kalparsorok eta Sanchezek, biek ohartarazi dute kezkatzekoa dela sare sozialetan profil faltsuak hartzen ari diren pisua. Profil horien bidez, adingabe gisa aurkezten dira erasotzaileak, eta edade horretakoekin harremanetan jartzen dira. «Haien sexu askatasunari erasotzeko asmoa izaten dute: sexu edukia duten irudiak lortzea, gero horiek banatzeko edo biktimari xantaia egiteko», Kalparsorok azaldu duenez. Aurrez aurre ere geratu nahi izaten dute adingabeekin.

Profil faltsuen arazoaz ohartarazi du Sanchezek ere. Legeak hutsunea du, haren arabera. «Tipo penal bat ez egoteak babesgabezia handia eragiten du, batez ere emakumeekiko indarkeriaren eta adingabeen arloan». Fiskalburuak azaldu du kalte handia jasaten duela profila faltsutu dioten pertsonak. «Sare sozialetako irudiak gero eta garrantzi handiagoa du gizartean. Ez da aisialdiko erakusleiho bat soilik; lan batzuetan aritzeko elementuak badituzten baloratzeko bidea da. Kalte handia eragiten dute profil faltsuek». Horrelako jokabideak tipifikatzea beharrezkotzat jo du Kalparsorok.

Sexu irudiekin lotuta, sexting delakoa ari da ugaltzen baita ere. Bikote harremana zutenean egindako argazkiak zabaltzen dituzte gizonek harremana eteterakoan. Kalparsoro: «Sexting-a ez dago genero indarkeria gisa hartua. Azkenean, irudi intimoak zabaltzen dira, harreman ona zutenean hartuak, haren baimenarekin, baina baimenik gabe hedatzen dira, xantaia egiteko». Nafarroan ikusten ari dira bikote harremanak haustean halakoak gertatzen direla: igoera «esponentziala» dute horrelako kasuek. Zigortzeko zailtasunak dituzte: emakumearen baimenarekin hartuak izan zirenez irudiak, erasotzaileei ezin diete leporatu sekretuak deskubritu eta hedatzearen delitua.

Kalparsorok dio «hutsuneak» bete behar direla. Inpunitateaz ohartarazi du Sanchezek: «Zigor kodeak ez du barne hartzen jokabide horiek sortzen duten kalte osoa». Salatu du sare sozialek trabak jartzen dituztela ikerketetan.

BERRIAn argitaratua (2016/09/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA