astekaria 2016/09/30
arrowItzuli

bizigiro

IRATI MOGOLLON

«Bakardadea XXI. mendeko eritasun handienetakoa da»

Lander Muñagorri Garmendia

«Bakardadea XXI. mendeko eritasun handienetakoa da»

Adinekoak nola zaindu behar diren: hori ikertu du Irati Mogollon (Lezo, Gipuzkoa, 1991) ikerlariak Ana Fernandezekin batera, eta, Emakundek emandako laguntza bati esker, Zaintzaren arkitekturak: nagusientzako etxebizitza kolaboratiboak ikerlana landu du. Zaintzaren oinarrian pertsonen nahiak gogobetetzea jarri behar dela dio.

Arkitekturak zenbat eragin dezake pertsonen zaintzan?

Espazioak garrantzia dauka. Zuk etxerik ederrena eros dezakezu, erabat egokitua, eta horren arabera mugitu zaitezke. Baina horrek guztiak ez dauka zentzurik guztiaren oinarrian hurbileko traturik ez badago. Azken finean, bakardadea XXI. mendeko gaixotasun handienetako bat da. Ez da erori behar teknofilia batean, baina familia eta zaintzaileak ere ez dira goratu behar. Erdibide bat bilatu behar da.

Zaintzan behar fisikoak betetzen dira, baina zahar etxeetan bakardadea ere handia izaten da...

Argi eta garbi. Zaintzaren izenean, bizi eredua prekarizatu egiten da. Askotan, ospitale eredu horrek halako ondorioak ditu, eta haurren kontrolean ere suma daiteke hori. Zaintzaren izenean, xantaia emozionala dago, bestearen izenean erabakiak hartzeko gaitasuna. Pilula bat eman behar zaionez, biharko egunean ez dut galdetzen, eta zuzenean ematen diot. Ahaztu egiten dira harreman sozialak, eta ahaztu egiten da pertsona horiek euren desirak dituztela. Bizitza aktiboari dagokionez, txikiteoak izan dezakeen balio sinboliko eta praktikoa ahaztu egiten da maiz.

Bizitzeko modu bat baino gehiago dagoela esan ohi da, baina zahartzeko era bakarra dagoela dirudi.

Bai, eta dualtasun batean erortzen gara. Edaismoa dago, gizarteak zaharren inguruan duen ikuspegi negatiboa. Horren ondorioz, 80 urterekin zahar sentitzen ez den jendea ez dago, eta jendea ez da bere zahartze prozesuaz jabetzen, ez duelako horrekin identifikatu nahi.

Ez dute onartu nahi zahartzeko eredu hori.

Zahartze prozesua bera ere ahalduntzetik begiratu behar da. Nik eskubide batzuk baditut, egoera berri horretan ere eskubide batzuk ditut. Adibidez, zaintza eta zahartze prozesuak ezin du ekarri intimitatea edo autonomia galtzea. Zergatik ekarri behar du hori? Gaur egun, ikusten ditugu amona umezainen sindromea duten emakumeak. Ekonomiarako subjektu garrantzitsu bihurtu dira. Bestalde, menpeko pertsona gisa ikusten ditugu. Beraz, hori da egun zaharren inguruan dagoen dualtasuna. Ez diot haurrak zaindu behar ez direnik, baina beharrezkoa da horretaz gain bizipoz propioak edukitzea.

Zaintza kolaboratiboak horri aurre egin diezaioke?

Guk zaintzaren arkitektura proposatzen dugu, lehen puntu gisa galdetzen zaiolako pertsonari zer nahi duen. Astero mendira joaten den kuadrilla bat baldin badaukazu, hor zure bizi eredu propioa gogobeteta eduki dezakezu. Beste zerbitzu batzuk behar izanez gero, eguneko egoitza batek bete ditzake, akaso. Dauden beharren arabera pentsatu behar duzu zer-nolako azpiegiturak behar dituzun. Garrantzitsuena zure espazioa, zure zahartzea eta zure zaintza pentsatzea da.

Zahar etxeen eredua birpentsatzen hasi beharko litzateke?

Nik uste dut paraleloa izan beharko lukeela. Zahartzaroaren ahalduntzea diogunean, ez dugu esan nahi 80 urterekin pentsatu behar dela zer egingo duzun, baizik 55 edo 60rekin. Esandako edaismo horregatik, jendeak ez du horretan pentsatzen, eta ez da hitz egiten. 65 urterekin erretiroa hartuz gero, 30 urtez erdibide horretan biziko gara, eta ez dugu ezertan pentsatuko, eta ez dugu bizi proiekturik izango.

BERRIAn argitaratua (2016/09/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA