astekaria 2016/09/30
arrowItzuli

iritzia

'Roaming'

Maddi Ane Txoperena

'Roaming' Maddi Ane Txoperena

Joan den astean eman zuten hedabideek albistea: 2017ko ekainaren 15etik aitzina ez da gainkosturik ordaindu beharko sakelako telefonoaren roaming-agatik Europako Batasunean. Edo, bertze modu batera erranda, ez da gehiago ordaindu beharko norbere sakelako telefono konpainiaren estatutik at egonda dei eta mezuak bidali edo jasotzeagatik.

Zoragarria iruditu zait niri titulua, baina, alde batetik, graziaz eta, bertzetik, amorruz begiratu diet izenburuaren azpian lerrokaturiko azalpenei. Oporretan kanpora doazenentzat onura ekarriko duela, ikasketak atzerrian egiten dituztenentzat praktikoa suerta daitekeela... Eta gero dudak eta zalantzak: telefono konpainien arteko lehia ez ote duen areagotuko, eta halakoak.

Niretzat logikoa den arren, badirudi inork ez diela erreparatu Lapurditik Gipuzkoara eta Nafarroa Garaitik Baxenabarrera etengabeko joan-etorriak egiten ditugun herritarroi. Nik segituan ikusi nion onura roaming-a kentzeari, bada! Akabo bi telefono zenbaki izatearen arazoa, bi sakelako ala bi SIM txartel eduki beharra... Akabo telefonoa nahi gabe «eremuz kanpo» erabiltzeagatik etxera iritsitako faktura kilometrikoak... Akabo nazioarteko tarifa bereziak bilatzeko etorkinen dendetara joan beharra... A, ez... Tamalez, estatu batetik bertzerako deien «nazioarteko» tarifei eutsi eginen diete oraindik, kaka. Baina ez da jada pauso txikia roaming-arena! Euskal Herriko telefono konpainia nazionala sortzen duten bitartean (ez naiz aditua, eta ez dakit egingarria den, baina aspalditik da nire ametsa), horrekin konformatu beharko... Eta orain arte ez zaio inori bururatu?

Sareko hiztegira jo dut, azalpen bila. Eta zaplazteko batez eman dit erantzuna ordenagailuak. Nora ezean ibiltzea omen da ingelesez roaming. Alderrai ibiltzea, harat-honatean. Dirudienez, nora ezean nabil, beraz. Euskal Herria bere osotasunean bizitzeagatik.

BERRIAn argitaratua (2016/09/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA