bizigiro
Zulaturik dago sarea
Iker Tubia
Oinarrian, ideia nagusi bat dago: Internet ez da luxua, zerbitzu unibertsala baizik. Horregatik, administrazioek zerbitzu hori eskaini beharko lukete 2020rako. Ez da Junkerren proposamen bakarra. 2025erako 5G teknologiaz hornitu nahi du Europa.
Maider Likona informatika ingeniaria da, Donostian wifi sarea zabaltzeko Ping proiektuaren tekniko arduraduna, eta Gisa software librearen aldeko elkarteko kidea. Begi onez ikusi ditu Junckerren hitzak: «Internet bide bat da, errepide bat den bezala. Badaude zerbitzu asko bakarrik Internet bidez jaso daitezkeenak; beraz, doako bide batek egon behar du jendea administrazioarekin egoteko».
Horregatik, Likonak uste du administrazioei dagokiela Interneteko zerbitzu minimo bat eskaintzea, ura eta garbiketa zerbitzua bezala. «Batetik, egon beharko luke eskubide bat bide digitaletatik pasatu ahal izateko, eta zerbitzu digitalak erabiltzeko; baina norberak edo enpresa batek behar dituen Internet zerbitzuak beraiek kontratatu behar dituzte».
Ikusi beharko da aurkeztutako neurri horiek nola garatuko dituzten. Oraingoz, 120 milioi euro bideratuko dizkiete tokian tokiko agintariei, 6.000 eta 8.000 proiektu ordaintzeko adina. Baina, bakarrik Euskal Herrian, 684 udalerri daude. Europako Batasunari begiratuz gero, Frantziak 36.697 toki korporazio ditu bere menpe; Alemaniak, 11.553, eta Espainiak, 8.116.
Gehienak, Internetik gabe
Internet bizitzaren alor guzietara zabaldu dela esan zuen Junckerrek, baina horren parean bada beste errealitate gordin bat: arrakala digitala. Izan ere, munduko herrialdeen arteko desoreka erraldoia da Interneti dagokionez ere. Planetako biztanle gehienak saretik at bizi dira. 7.400 milioi biztanletik, 3.200 milioik baizik ez dute Interneterako sarbidea. Beraz, biztanleria osoaren %56,7k ez du konektatzeko aukerarik. Gainera, Internetera sartzen direnen artean, 1.100 milioi lagunek dute abiadura handiko konexioa, soilik.
Herrialdeen egoerari erreparatuz gero, Islandia da Interneterako sarbidean aurreratuen dagoena. Biztanleen %98,2 konektatzen da. Bermuda (%96,5), Norvegia (%96,3) eta Danimarka (%96) ditu atzetik. Europako Batasuneko sarbidea, batez beste, %78,1 da. Konektatzeko aukeran atzeren daudenak, berriz, Eritrea (%1), Ekialdeko Timor (%1,1) eta Burundi (%1,4) dira.
2005. urtetik izugarri hazi da Interneterako sarbidea duten pertsonen kopurua, hirukoiztu egin baita. Baina herrialde batzuetan hutsaren hurrena da. Munduko Bankuaren aburuz, datu horiek espero zituzten kopuruaren azpitik daude, eta hori oztopo izan da hazkuntza, lan eta zerbitzu publiko gehiagoren bidean. Horregatik, Internet baliabide «unibertsal, eskuragarri, ireki eta segurua» bihurtzea proposatzen du erakunde horrek.
Hain zuzen ere, arrakala txikitu nahian dabil ITU Telekomunikazioaren Nazioarteko Batasuna ?NBEren barrukoa?, eta horretarako sortu zuen Konektatu 2020 egitasmoa 2014an. Interneterako sarbidea ez ezik, mundu digitaletik at geratu direnen integrazioa da helburu nagusia. 2020. urterako pertsonen %60k Internet erabiltzeko aukera izatea nahi dute, eta nekazaritza lurraldeetako biztanleen %90ek banda zabaleko estaldura izatea.
Premiazkoa da afera horri heltzea, Lakonaren aburuz: «Arrakala oso-oso arriskutsua da, zerbitzu horretara iristen ez den jendea ez delako existitzen mundu digitalean». Horregatik uste du Internet ezin dela enpresen logikaren esku utzi. «Enpresen esku uzten badugu azpiegitura, bakarrik onura ekonomikoa kontuan hartuz, errentagarria den tokira bakarrik helduko da sarea. Azpiegitura horren kontrola administrazioek badute, berma daiteke mundu osora heltzea».
Baina azpiegitura horiek kostu handia dute. Adibidez, Kuban wifia paratuko dute malekoian 2020rako konpromisoei jarraiki, baina erabilera ordu bakoitzeko 30 peso ordaindu beharko dira (bi euro). Gutxiren esku egonen da, beraz. Satelitea bada sarea zabaltzeko aukera bat, goitik behera seinaleak ez duelako oztopo handirik bidean, baina oso garestia da; beraz, gisa horretan ez litzateke edozeinen eskura egonen, seguruenik.
Baina bada kostu txikiko alternatiba bat: Internet wifi bidez hedatzea. Amazoniako toki batzuetan horrela egin dute, adibidez, eta Kenyan lortu zuten oso urruti ziren bi herri Internetekin lotzea, orografia oso laua zela probesturik. Hala ere, modu horretan Interneten abiadura txikiagoa da.
Arrakala leuntzea onuragarria litzateke herrialde guziendako. «Aberastasuna sor daiteke pobrea den herrialdeetan», dio Likonak. Garapen bidean diren herrialde askotan, badira finantzaketa kolektiboari esker aurrera eramandako proiektuak, adibidez. Komunikazioa errazteak dependentzia gutxiago izatea ere badakar. Promesak promes, lau urteren buruan ikusi beharko da ea EBren eta ITUren helburuak bete direnetz.