mundua
Munduaren begirada behar duen herria
Kristina Berasain

Mendebaldeko Saharan sartzea ez da erraza, erabatekoa da blokeoa, eta muga gorriak ezin dira zeharkatu; «independentziaren aldeko ekintzaileekin elkartzea» da muga gorria zeharkatzea. Lurraldea munduari itxita zergatik dagoen azaldu dio Hamadek BERRIAri: «Sartzea lortzen duen pertsona orok bere egiten du gure borroka, ez dute lekukorik nahi». Munduaren arreta bereganatzea giltzarria dela dio, ordea, giza eskubideen ekintzaileak: «Gakoa da betikotzen ari den gatazka honen norabidea aldatzea; munduaren konplizitatea behar dugu nazioarteko agenda politikoan leku bat izateko».
Azken Intifadan (2005) atxilotu zuten konortea galdu arte. Ez zen bakarra izan. Brahim Dahane ere kartzelan sartu zuten orduan: «Hirutan izan naiz preso: aurreneko aldian, 22 urte nituela; ia lau urtez desagerrarazi ninduten, eta inork ez zekien non nengoen, ezta bizirik edo hilik ote nintzen». 1991ko su-etenaren ostean askatu zituzten 320 sahararretako bat da. «Batzuk 17 urte egon ziren desagertuta». Mohamed El-Jalil Ayachen amarekin akordatzen da bereziki: «Salka zortzi egunez egon zen ondoko ziegan semea nola torturatzen zioten entzuten, egun batean semea desagertu zen arte. Geroztik, inork ez daki ezer». Biak zeuden preso, ama eta semea.
Erresistentziaren ikurretako bat da Dahane. Haren hitzetan, saharar guztiek daukate historia latz bat kontatzeko, «jazarpenak ez baitu etenik hemen; miaketak, kontrolak, atxiloketak, itaunketak, torturak, desagerpenak, bortxaketak, mehatxuak...». Amnesty International erakundeak argitaratu berri duen txostenari egin dio erreferentzia: «Tortura endemikoa dela dio, eta sahararrak direla jazarpenaren biktima nagusiak». Minursori giza eskubideak ikuska ditzan eskatzeko hilaren 15arekin protesta egiten dute horregatik.
AI eta Human Rights Watch erakundeek ere giza eskubideen kontrol mekanismo bat martxan jartzeko eskatu diote Nazio Batuen Erakundeari. CODESA, CODASO eta ASVDH elkarteek alor horretan egindako lana ezinbestekoa izan da giza eskubideen defentsan aurrerapausoak emateko. Baldintza gogorretan egin behar dute lan, klandestinitatean, elkartzea debekatuta baitago, baita adierazpen askatasuna ere.
Dahane ASVDHko presidente eta sortzailea da, eta berriki legeztatu dute erakundea. Erakundearen sorreran, 2005ean, kartzelan sartu zuten, baina, hala ere, sineste osoa dauka egiten duen lanean, jazarpena itzela izanagatik ere; «lekukotasunak jasotzeari, giza eskubideen defentsa egiteari eta memoria historikoa lantzeari ekin genion».
Intifada, bizirik
Dahane 2009an atxilotu zuten azkeneko aldiz. Saleko (Maroko) kartzelan 41 eguneko gose greba egin zuen, beste sei lagunekin batera. Askatu zuten aldietako batean, 33 egunez egon zen koman: «Gure kausa justua delako egiten dugu aurrera, isiltasunaren harresia hausten ari gara, eta, hiltzen banaiz ere, orduan atseden hartuko dut».
Beldurrari beldurra galdu diote sahararrek. Eta Intifada oraindik ere martxan dela argi dauka Dahanek. Maatala auzoan egun batean bai eta bestean ere daude manifestazioak, elitezko unitateen erantzuna bortitza bada ere. Intifada guztiak auzo horretan piztu dira, sahararrak oraindik ere gehiengo diren auzo bakanetakoan. Aaiunen, 350.000 lagun bizi dira, eta, kalkuluen arabera, saharar bakoitzeko lau kolono daude —12.000 militarrak dira—.
Baliabide naturalak ere kolonoek ustiatzen dituzte: fosfatoa, arrantza, petrolioa —fosfatotik soilik urtean 200 milioi dolarren irabaziak ditu Marokok—. Baina kolonizazio eta asimilazio politika haratago doa.
Fatma Zaregok azaldu du nola haimak debekatuta dauden, nola ezin duten ikurra astindu, edo melfa (soinekoa) jantzi, nola haurrei ezin dieten hassaniazko izenik jarri: «Gure kultura suntsitu nahi dute, eta, horrekin, gure identitatea». Saharako Kultura eta Ondarea Babestu eta Sustatzeko Elkarteko kideak jakinarazi du txiki-txikitatik bizi izan dutela bazterketa eta, horri aurre egiteko, ahozko transmisioa ezinbesteko tresna dela «kulturari, hizkuntzari eta ohiturei» eusteko: «Eskolan ere baztertzen dituzte haur sahararrak, Marokoren ereserkia kantatzera behartzen dituzte, eta etxean entzuten dutenaz bestelako historia irakurtzen dute testuliburuetan».
Rgaibano Lahwaij-ek (23) gaztetik ezagutu du zer den indarkeria. Abenduan, urtebete egingo du manifestazio batean harrapatu eta basamortura eraman zutela: «Biluzi egin ninduten, basatiki kolpatu, eta, ondoren, borra batekin bortxatu ninduten».
Klandestinitatean eman behar izan du bere testigantza. Fatimatu Dambarren etxea, berriz, poliziaz inguratuta dago: «Askotan etortzen dira gure isiltasunaren truke dirua eskaintzera». Said Dambar anaiarentzat justizia eskatzen du: «Gau batez desagertu zen, tiroz hil zuten, eta hamazazpi hilabetez eduki zuten gorputegian. Ez ziguten ikusten utzi, eta ez dakigu non dagoen».
Etxez etxe, Polizia sekretuaren arrastoa ezin galdu, testigantzak askotarikoak dira, ankerrak guztiak. Nhabuha Lakhilfik ere desagertuta dauka anaia: «2005ean desagerrarazi zuten, beste hamabost lagunekin; badakigu batzuk hilda daudela, eta beste batzuk bizirik, baina ez zein den bizirik dagoena eta zein hilik dagoena».
Egun, 400dik gora saharar daude desagertuta, hobi komunetan edo zentro klandestinoetan; kartzelatan, berriz, 70 preso politiko, baldintza gizagabeetan.
Harresia eta minak
Mendebaldeko Sahara bitan zatitzen duen harresiaren bestaldean, errealitatea ez da samurragoa. Lurralde okupatuetan, 150.000 saharar inguru bizi dira. Fronte Polisarioak kontrolatzen dituen lurralde liberatuetan, berriz, 30.000 bat, gehienak nomadak. Horien arrisku handiena minak dira; are gehiago egunotan, azken euriteek minak sakabanatu egin baitu.
Nazio Batuen Erakundearen arabera, 7-10 milioi mina daude 100.000 kilometro koadroko eremuan, munduko mina zelai zabalenean. Urtean, 20-30 lagun hiltzen dira minak zapalduta —1975etik 2.500 lagun hil dira—. Mannuk umea zela galdu zuen lagun mina: «Bayhek harri bat bota zuen, eta mina bat lehertu zen; 9 urte zituen».
Umeek jostailuak direlakoan hartzen dituzte harresiaren inguruan dauden minak. Munduko luzeena da harresia; 2.700 kilometro luze, eta tartean harriak, lubakiak, txantxarrak, kontrol militarrak, eta radarrak. Marokok 120.000 soldadu ditu punta batetik bestera, eta egunean 300 milioi dolar gastatzen ditu.
Hamasei urtez luzatu zen gerran borrokan aritu zirenek aski ondo ezagutzen dituzte paraje horiek. Ahmed Abd Fatak argi du zergatik eraiki zuten harresia: «Gerra irabazten ari ginen; izan ere, guk bihotzarekin egiten genuen borroka, arma gutxi bagenituen ere». Mohammed Laminek ere arma gabezia adorearekin ordezkatzen zutela dio: «GPSrik ez genuen behar, izarrak begiratzearekin aski genuen orientatzeko; gauez egiten genituen ekintza gehienak, harean babeslekuak eginez».
Tindufen (Aljeria) bizi da egun Mohamed Lamin. Okupaziotik ihesean han babestu ziren sahararrak, eta, gizonak frontean zeuden bitartean, emakumeek haimak eraiki zituzten lur antzu horretan , harea eta harriak baino ez dauden lekuan. Hamaddan. Basamortu bat beste basamortu baten barruan.
Munduko errefuxiatu gune zaharrena da, sahararra baita errefuxiatuta luzaroan dagoen herria. Egun, 165.000 saharar inguru bizi dira bukolikotik ezer ez duen basamortuan.
Haima bakoitzean historia bat dago. Bryk Jatrik ez du ahaztu jaioterritik alde egin behar izan zuen aspaldiko egun hura: «Militarrak sartu ziren, eta basamortura egin genuen ihes; hogei egun eta beste horrenbeste gau pasatu genituen ihesean, gauez oinez eta egunez ezkutuan, bonbardaketetan lagun asko hiltzen baitziren. Genozidio bat izan zen. Bidean haurrak hil ziren, baita haurdun zeuden emakumeak ere».
Dakhlan bizi da egun, eta wilaya hau izan da kaltetuena egunotako uholdeetan. NBEk «premiazko giza laguntza» eskatu dio nazioarteari, baina oraingoz elikagairik ez da iritsi urrutien dagoen eta hegoaldekoena den kanpalekuraino. «Aljeriatik iritsi da janaria, ura, ogia eta arrautzak, baina oraingoz besterik ez». Salma alabaren hitzak dira. Dunetan egiten dutela lo, haima txiki batean pilatuta, eta, orain ateri badago ere, astearterako berriz ere euria datorrela dio.
Garai honetan, ohikoa da euria egitea, baina aurten inoiz ez bezalako euri jasak izan dira, ur azpiko ibaiak azaleratzeraino. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera 25.000 lagun geratu dira etxerik eta elikagairik gabe.
Tindufen 1982an, 1994an eta 2006an ere uholde latzak izan ziren, baina oraingoa «katastrofea» izan dela ohartarazi dute gobernuz kanpoko erakundeek. Lehenagotik ere, ordea, premiazko egoeran bizi ziren nazioarteko laguntza ez beste ez duten errefuxiatuak. Munduko Elikagai Programaren eguneko saskia aspaldian murriztu zen; hilean 15 kilo saharar bakoitzeko, eta aukera eskasa; pasta, arroza, patatak, tipulak, azenarioak, olioa, azukrea, irina...
Deserritik borrokan
Uholdeen irudiak sare sozialen bidez ikusi ditu Hassanna Aaliak. «Kanpalekuetan bizi direnek une hauetan inoiz baino gehiago behar gaituzte», idatzi du Twitterrean gazteak. Euskal Herrian bizi da, erbestean, beste saharar asko bezala. 2011ko urriaren 1ean utzi zuen jaioterria, eta, orduz geroztik, ezin izan du itzuli. «Ez dakit inoiz itzuliko naizen ere».
Marokoko auzitegi militar batek bizi osorako kartzela zigorra ezarri zion. Gdaim Izik kanpalekua antolatzea eta militar marokoarrak hiltzea leporatu zioten. Gdaim Izik, baina, sahararren inoizko protesta baketsu handiena izan zela azaldu dio BERRIAri. «Iraultza Arabiarren hastapena izan zen, libre sentitu ginen lehen aldiz, eta kanpalekuak bizirik jarraitzen du gure bihotzetan». Marokok indarrez suntsitu zuen kanpalekuak oraindik irauten du.
Espainiak asilo eskaera ukatu dio, eta, bien bitartean, bere herriaren borroka zabaltzen dabil. Deserritik ere euren herriaren borrokarekiko konpromiso irmoa daukate sahararrek, eta konplizeak lortzen dituzte horrela, borrokarekin bat egiten duten herritarrak. Bitartean, esperoan jarraitzen dute, ahoan euren herriaren esaera zahar bat dutela: «Begirada batekin ulertu ezin duzuna azalpen luzeenarekin ere ez duzu ulertuko». Munduaren begirada baino ez dute behar.