astekaria 2016/09/30
arrowItzuli

mundua

Siuxen azken guda bizirauteko

Ander Gartzia Badiola

Siuxen azken guda bizirauteko

Berrehun tributako milaka lagunek hilabeteak daramatzate kanpatuta Standing Rockeko siuxen erreserban, Ipar Dakotan (AEB). Antolatzea erabaki dute, modu horretan jendeak emandako janaria banatu, umeentzako eskola bat sortu, batzarrak egin eta erlijio erritu tradizionalak egiteko. AEBetako bazter guztietatik ari zaie iristen laguntasuna, eta babes mezuak mundu osora hedatu dira. Siuxak ez daude bakarrik duela bi urte hasitako mobilizazioan. Hala da ze, altxamenduaren zioak batu egin dituela urte luzez etsai izan diren tribuak. Helburu garbia dute guztiek: Dakota Access oliobidea egiteko prozesua geldiaraztea. Petrolio hodiek Missouri ibaia zeharkatuko dute ur azpitik, eta arriskuan jar dezakete siuxen bizimodua. Siuxek ibaiko ura erabiltzen dute edateko, uztak ureztatzeko, abereak elikatzeko eta arrantza egiteko. Tribuetako liderrak, gainera, beldur dira: obrek tribuen hilerriak eta bestelako leku sakratuak suntsi ditzakete.

Mobilizazioak baketsuak ari dira izaten Red Warrior kanpalekuan, eta azken asteetan oihartzun handia lortu dute. Joan den apiriletik hona, kanpin dendak eta tipiak ugalduz joan dira, eta, egun, zortzi mila lagun inguru ari dira protestan. Hainbat korrikalarik 3.000 kilometro inguru egin dituzte, Washingtonera iritsi eta proiektuaren aurkako 160.000 firma aurkezteko. Siuxen erreserbako biztanleek ere martxak egin dituzte zaldi gainean, eta eserialdiak antolatu izan dituzte kamioei eta hondeamakinei bidea ixteko. Erantzuna bestelakoa izan da. Obra zaintzaileek indarrez erantzun dute; joan den astean, zaintzaileen txakurrek protestan ari ziren sei laguni hozka egin zieten.

Behin-behinean, geldituta

Epaitegietatik iritsi zaie itxaropenerako bidea: DC Zirkuituko Helegiteen Auzitegiak lanak gelditzeko agindua eman zuen irailaren 16an. Dena den, epaitegiak ez du aztertu proiektua legezkoa den ala ez. Eraikuntza behin-behinean geldituta, auzitegiak denbora gehiago nahi du Standing Rock erreserbako siuxek eskatutako kautelazko neurrien gainean hausnartzeko. Barack Obama AEBetako presidentearen gobernuak ere esku hartu du. Duela hilabete batzuk, auzitegi batek ez zuen onartu lanak eteteko siuxek aurkeztutako helegitea, eta Justizia Departamentuak eta Barne Ministerioak prozesua behin-behinean gelditzeko eskatu zioten ETP Energy Transfer Partners enpresari. Etxe Zuriaren adierazpenen ostean iritsi da DC Zirkuituko Helegiteen Auzitegiak emandako epaia, eta oraingoz debekatu egin dute Oahe lakuaren albo banatan, 32 kilometroko eremuan, lanekin jarraitzea —gainontzeko lekuetan obrek aurrera jarraitzen dute—. Halere, AEBetako Armadako Ingeniari Taldeak eman zion oniritzia 2014an aurkeztutako proiektuari, nahiz eta Ingurumenaren Babeserako Agentziak kontrako argudioak aurkeztu, segurtasunari eta ingurumenari lotuak.

Dakota Access oliobideak 3.300 milioi euroko aurrekontua dauka, eta, bi mila kilometroko ibilbidea osatuta, AEBetako lau estatu gurutzatuko ditu —Ipar Dakota, Hego Dakota, Iowa eta Illinois—. Hasierako proiektuan petrolio hodiek Bismark Ipar Dakotako hiriburua zeharkatu behar zuten, baina enpresak, segurutzat jo arren, ibilbidea aldatzea erabaki zuen, inguruan jende asko bizi dela iritzita.

Askok jarri dute auzitan oliobideen segurtasuna. AEBetako Segurtasun Administrazioaren datuen arabera, azken 30 urteetan 8.000 ezbehar baino gehiago izan dituzte herrialde osoko gas eta petrolio hodiek, eta kalte handiak eragin dituzte: hiru hamarkadatan 500 lagun baino gehiago hil dira istripuetan, eta batez beste 200 petrolio upel isuri dira egunero. Urteetan luze atzera jo gabe, irailean lau istripu larri izan dira AEBetan; azkena, Sweetwater inguruan, Texasen. Duela urtebete instalatutako hodia puskatu egin zen, eta 125.000 litro petrolio isuri ziren. «Galdera ez da hodia puskatu egingo den ala ez. Galdera da: noiz gertatuko da?», dio Malia Hulleman aktibistak. Hullemanen esanetan, enpresek badakite «lehenago edo geroago» ezbeharrak gertatuko direla.

Ekintzaile batek baino gehiagok iragarri du Dakota Access oliobidea hurrengo Keystone XLa izango dela. Keystone petrolio-hodi sistemak Alberta (Kanada) eta Texas (AEB) estatuak lotzen ditu. Enpresak proiektuaren laugarren adarra jarri nahi zuen martxan, Alberta eta Nebraska (AEB) lotuko zituena, baina Obamaren gobernuak errefusatu egin zuen ideia. «Proiektuak ez du lagunduko gasolioaren prezioa jaisten AEBetan, ez du enplegu egonkorrik sortuko, eta ez du murriztuko kanpoko energia iturriekiko dependentzia», adierazi zuen AEBetako presidenteak iazko azaroan.

XIX. mendeko itunak

Dave Archambault II.a da Standing Rockeko agintari burua. Joan den asteartean, Genevan izan zen (Suitza), NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordean. Archambault II.ak deia egin zien batzordeko 49 kideei «denen artean» Dakota Acces oliobidea gelditzeko. Siuxen liderraren esanetan, AEBetako Gobernuak ez ditu errespetatu tribuekin adostutako akordioak. 1851n Siux Inguruen Ituna sinatu zuten; 1868an, berriz, Fort Laramieko Ituna. Itun horiek AEBetako Senatuak berretsi zituen, eta, hala, aitortu egiten du siuxen nazio burujabetasuna.

Archambault II.ak hitzeman du siuxek ez dituztela besoak jaitsiko. Duela bi aste, Etxe Zuriraino iritsi ziren haien protestak, eta, besteak beste, Bernie Sanders senatari demokratak bat egin zuen martxarekin. Bukaerako hitzaldian erregai fosilak baztertzearen alde mintzatu zen Sanders: «Bizi osoa eman dezakegu oliobide baten eta beste baten eta beste batean aurka borrokatzen, baina norbaitek egin beharko dio aurre benetako arazoari».

BERRIAn argitaratua (2016/09/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA