astekaria 2016/09/30
arrowItzuli

mundua

ZEKINE TURKERI

«Erdogan irteerarik gabeko kale itsuan sartu da; gerra zibila piztuko da Turkian»

Kristina Berasain Tristan

«Erdogan irteerarik gabeko kale itsuan sartu da; gerra zibila piztuko da Turkian»

Ernesto Guevara Che hil zuten urtean jaio zela esaten zion aitak. Zehazki zein egunetakoa den, ordea, ez daki. Ezta zein hilabetekoa ere. «Udaberria eta uda tartean jaio nintzela kontatzen zidaten; urte hartan elur asko bota zuela». Zekine Turkerik (Malatya, Ipar Kurdistan, 1967) eskolan ikasi zuen turkieraz, baina herrixkatik atera behar izan zuen bere herriaren berri izateko. Ankarako Unibertsitatean ohartu zen kurdua zela. «Zientzia Politikoak ikasi nituen, eta beste ikasle kurduen bidez jakin nuen nire herria lau estatutan zatituta zegoela». Orduz geroztik, erresistentzian ari da, hitzaren bidez, kazetaritzan eta bizitzan, aitak horrenbeste miresten zuen gerrillari mitikoaren moduan. «Kurdu batek ez du aukeratzen: tokatu zaiona bizitzen saiatzen da».

Turkiak duela hilabete itxitako Ozgur Gundem egunkarian hasi zuen bere ibilbidea Turkerik. Egun, IMC TV telebistan ari da, eta hura ere noiz itxiko zain dago. «Esnatzean egiten dudan aurreneko gauza da telebistako atarian sartu, ikusteko zabalik jarraitzen ote duen». BERRIAko kolaboratzailea ere bada.

Turkian hainbat komunikabide itxi dituzte azken hilabeteotan. Prentsa askatasunik al dago?

Recep Tayyip Erdoganek egunkari eta komunikabide kritiko guztiak itxi edo bereganatu ditu. Kazetariak mehatxatuta bizi gara. Haren mesedetara daude egun zabalik dauden komunikabide guztiak. Erdoganek hitz egiten duen bakoitzean, programazioa eten, eta haren agerraldiak ematen dituzte zuzenean. Egunean, batez beste, bost orduz entzuten dugu Erdogan. Ahots bakar bat dago. Hau da Turkia. Apenas dagoen ahots kritikorik, eta daudenak ez dira entzuten, isilarazi egiten dituztelako. Ozgur Gundem da azken adibidea.

Zu bertan hasi zinen lanean...

Bai. Eta oraindik ere esaten dut egunkari horretakoa naizela. Haren parte izan naiz, eta harro nago horretaz. Jazarpena itzela izan da: langileak hil dituzte, atxilotu, erbestean daude asko eta asko... Astean bitan joaten naiz egoitzara. Duela hilabete itxi zutenetik, bost alditan aldatu dute egoitza eta mantxeta, baina debekatua dute kioskoetan egotea; ezin da ale bakar bat ere saldu. Berria da hori. Turkiak duen egoera itzelaren erakusle da.

IMC TV telebistan ari zara gaur egun. Zabalik dagoen bakanetakoa da, ezta?

Zabalik dagoen komunikabide liberal eta aurrerakoi bakanetakoa da. Duela bost urte eratu zen, irekitasun garai batean, kurduekin negoziazioak abiatu zirenean. Telebistaren sorrera testuinguru horretan ulertu behar da. HDPtik gertu dago, baina ikuspegi zabala dauka, eta gutxiengo guztiei egiten die lekua. Honezkero traba egiten duen telebista da, eta ez dakit noiz arte egongo den zabalik. Badakit itxiko dutela, ez dakit noiz, baina etorriko da egun hori.

Kazetari gisa zure ametsetako bat bete zenuen 2014an. Kandil mendietara joan, eta han jasotako materialarekin liburu bat idatzi duzu: Un verano kurdo. Historias de resistencia al ISIS, a la ocupación y al exilio (Uda kurdu bat. EIrekiko, okupazioarekiko eta erbestearekiko erresistentzia historiak). Emakume gerrillariei eskaini diezu liburua.

Beti amestu dut nire herria zatituta dagoen lau eremuetara joatearekin. Irakeko eta Siriako Kurdistanen izan nintzen orduan, eta han entzundako istorioak bildu ditut liburuan: gerratik ihesi ari ziren errefuxiatuena, yezidiena, gerrillariena; bereziki, emakumeena. Ekialde Hurbileko gizarte guztiz patriarkala aldatzeko ahaleginean ari dira mendian; hori ere bada haien borroka, askatasunarena, berdintasunaren eta duintasunarena. Horregatik eskaini diet liburua, euren bizitza ematen dutelako emakume guztiena defendatzeko.

Rojavan YPGetako gerrillariekin izan zinen. Turkia Siriako gerran sartu da orain. Zergatik?

Mugan ez dituelako kurduak nahi, eta kurduak eredu berri bat ezartzen ari direlako Rojavan. Erdoganek publikoki esan zuen: ez dut nire mugan autonomia kurdu bat nahi. EI Estatu Islamikoa ez da haren aurkaria, kurduak baizik, eta agerian geratu da, beste behin, muturreko islamistekin duen lotura. Jarabulusen argi ikusi zen. EI egun batetik bestera erretiratu zen, borrokarik gabe. Erdoganek, gainera, gerra bat behar du, egoera horretan errazagoa zaiolako bere praktikak isilaraztea.

Estatu kolpe saiakeratik, zertan aldatu da egoera politikoa?

Itzela da. Estatu kolpe saiakeraren ostetik kaudillo bat bezala ari da jokatzen. Dena da Erdogan, Erdogan eta Erdogan. Eta horren aurrean dena da isiltasuna. Kaudilloarekiko maitasuna erakusten ez duenari gertatu dakiokeen gauzarik arinena da lana galtzea. Gosearekin etxekotzen ari da jendea. Erdi Aroko zigor bat da hori, baina mende honetan ari da ezartzen. Dena den, bere arriskuak ditu horrek.

Zein arrisku?

Erdogan irteerarik gabeko kale itsu batean sartu da; gerra zibila piztuko da Turkian. Honek ezin du luzaroan jarraitu. Tentsioa eta amorrua metatzen ari dira turkiar eta kurduen artean, baina baita laiko eta islamisten artean ere. Uste dut Erdoganek jadanik lorik ere ez duela egiten. Bere aliatuek kale egin diote. Turkiako 81 gobernadoreetatik 76 gulenistak ziren. Pentsa! Seme-alabez ere susmatzen duelakoan nago. Oso konplexua da dena. Turkia faxista batean bizi gara. Larrialdi egoera luzatuko du, horrela jokatzen jarraitzera kondenatu baitu bere burua; horrela ez balu jokatuko, sortu duen hondakinen azpian geratuko litzateke, kaka horren azpian, baina hartzen duen neurri bakoitzarekin gertuago dago bere amaieratik. Ezin izan zuen bozen bidez gehiengo absolutua eskuratu, baina de facto horrela jokatzen ari da. Dekretu bidez ari da agintzen, egun bakar batez 10.000 funtzionario kanporatuz. SMS bidez jakinarazi zien neurria, akusaziorik gabe, epaiketarik gabe eta helegitea jartzeko aukerarik gabe. Faxismoa da hori.

Europa, bien bitartean, beste alde batera begiratzen ari da.

Hala da. Europak errefuxiatu oldea geldiarazteko behar du Turkia. Tapoi bat jartzeko. Baina gauza bat esango dut: AEBek eta Europak kurduak behar dituzte. EIri aurre egiten bakarrak dira kurduak, eta nazioarteak hori aitortu du. Erdogan nazioarteko potentzien proiektu bat dela ere esan beharra dago. Munduak islamismo moderatu bat behar zuen eremuan, eta garai historiko egokian etorri zen Erdogan. Orain, Siriarako behar dute akaso, lan zikina egin dezan. Siria Vietnam turkiar bat bihur daiteke. Uste genuen Damasko bi egunetan eroriko zela, baina ez da horrela izan. Beraz, Erdoganentzat tranpa bat izan daiteke. Ekialde Hurbila zaborrez bete da. Iraultza arabiarrak piztu zirenerako, ezin zen arnasa hartu ere, nazioarteko potentziak konturatu ziren ezin zutela aliantza horiekin jarraitu, eta iraultza horiek probokatu zituzten, baina soilik erakusleihoa aldatzeko, eta orain etsian ari dira onargarria den oposizio baten bila, baina, horrenbesteko zaborra sortu da, ezinezkoa zaie. Irtenbiderik gabeko arazo eta gatazka gehiegi metatu dira. Eta uste dut Siriakoak luze joko duela.

Ipar Kurdistanen ere ez da giro.

HDP da egun oposizioa egiten ari den alderdi bakarra, eta horregatik ari da gobernua horren anker jokatzen kurduekin. Guztiz zapalduta daude. Babesik gabe. Beste behin, mendien artean bakarrik. Erdoganek hasierako urteetan demokraziarako bidea hartu zuen, eta aitortu behar da hura izan zela kurduekin negoziazio prozesu bat abiarazten bakarra, baina boterea oso arriskutsua da, eta botereak berak higatu du Erdogan. Botere absolutua galduko zuela ikusi zuenean aldatu zuen jarreraz, eta dena gaiztotu da. Etengabe hazi da jazarpena.

HDP garesti ordaintzen ari da bozetan lortutako emaitzak.

Bai. HDPren eskuetan zeuden 24 udal bereganatzea izan da azken neurria. Turkiako bandera jarri dute udaletxe horietan. Euskaldun batek inork baino hobeto ulertuko du zer den hori. Turkian ere hiru udal itxi zituen, baina horietan ez zuen ikurrik jarri. Zergatik? Erdoganek askotan erabili du argudio gisa demokratikoki hautatua izan dela, baina ez du premisa bera erabiltzen hautetsi kurduekin. Hauek ere herriak aukeratutako alkateak ziren, baina hauteskundeak egoteak ez du esan nahi demokrazia dagoenik.

1990eko urte beltzekin alderatu dute askok egungo egoera.

Okerragoa da. Bi urtez egon nintzen han lanean garai hartan. Nire bizitza betiko markatuta geratu zen, baina oraingoa okerragoa da. Etxeak suntsitu, lurrak erre, hiriak itxi, etxeratze aginduak ezarri... Diyarbakirko alde zaharrean sartu zirenean, pintaketa batzuk agertu ziren: Emakume kurduak hankak zabaldu, iritsi gara. Ez dago hitzik azaltzeko. Ankerra da. Eta dena kurdua izateagatik.

Zu zeu kurdua izateagatik bost bider izan zara atxilotuta...

Behin bakarrik kontatu dut. Memoria galdu nuen atxilotu eta torturatu ninduten aldietako batean. Kazetariok ezin ginen bakarrik ibili, lantzean behin baten bat desagerrarazten zutelako; hortaz, askatu nindutenean, 15 urteko neskato batek lagundu zidan telefono kabinara, Diyarbakirren. Familiari askatu nindutela jakinarazi nahi nion, baina, une horretan, zenbakia markatzen ari nintzela, paramilitar batek eskua hankartean jarri zidan; burua guztiz estalia zuten paramilitarrez inguratuta nengoen, eta zenbakia ahaztu zitzaidan. Handik urteetara konturatu nintzen une horretan galdu nuela memoria, ordura arte oso memoria onekoa nintzen, makina bat. Kuleroetan egin nuen txiza, beldurrez, eta paramilitarrak pentsatu zuen nahita egin nuela, protesta moduan, eta berriz ere zanpatu ninduen, eta galdetu ea ez ote nuen etxera joan nahi. Gau bakar batean memoria gal dezakezula aitor dezaket. Istanbulera joan behar izan nuen bizitzera. Jada ez naiz pertsona bera.

Ankarara joan behar izan zenuen kurdua zinela ohartzeko.

Bai. Ataturken Turkiak amestutako gaztea izan nintekeen, errepublikaren esperantza. Ikasle bikaina nintzen, eta itzal handiko fakultate batean hartu ninduten. Ezkerreko mugimenduetan murgiltzen hasi nintzen, eta gazte batek esan zidan aldizkari kurdu bat ekarriko zidala. Nik ez nuen inondik inora pentsatzen horrelakorik zegoenik. Aldizkari kurdu bat? Pentsa noraino iristen zen kemalisten arrakasta. Kurdua ahozko hizkuntza bat baino ez zela sinetsita zegoen esperantza gazte hura. Lagunak ez zidan aldizkaria ekarri, baina bai poesia liburu bat, kurdueraz, eta hunkituta geratu nintzen. Argi dago egiak ezin direla betiko ezkutatu, eta, orduz geroztik, den-dena zalantzan jartzen dut. Nik Ataturk maite nuen. Haren aldeko poesia irakurtzen nuen. Eta asko haserretu nintzen. Hor hasi zen nire erresistentzia.

Kurdueraz hitz egiteagatik ere arazoak izan dituzu, ezta?

Bai. Unibertsitatea bukatu, eta banku batean hasi nintzen lanean. Amarekin kurdueraz mintzatzen nintzen. Nagusiak galdetu zidan ea amak turkieraz ez zekielako egiten ote nuen kurdueraz, eta erantzun nion ezetz, kurdueraz egiten nuela kurdua nintzelako. Beti izan naiz egoskorra. Terrorismoaren kontrako taldea sartu zen eraikinean, hamargarren solairuraino igo, eta, filmetan bezala, niregana etorri ziren. Atxilotu ninduten aurreneko aldia izan zen. Astebetean galdu nuen lana. Kubara joan nintzen gero, eta ondoren ekin nion kazetaritzari. Ozgur Gundem-en publikatu zituzten bidaia hartako kronikak.

1998an, Euskal Herrian izan zinen. Bask meselesi: bir tarih, bir otonomi, bir sorum. (Euskal auzia: herri bat, autonomia bat, historia bat) idatzi zenuen. Nolatan?

Kuban gazteleraz ikasi nuen. Eta, bueltan, itzultzaile lanak egin nituen elkartasun taldeekin, baita Euskal Herrikoekin ere. Newrozera etortzen ziren, eta han hasi zen harremana. Euskal Herrira etortzeko esaten zidaten, eta orduko lehen ministroa, emakumea, Tansu Çiller, euskal irtenbideaz hitz egiten hasi zen, azkar damutu zen arren. Kurduek ere interesa zuten, eta ez zegoen ezer argitaratuta; beraz, erabaki nuen garaia zela hona etortzeko, pentsatuta gatazka hori konponduta zegoela. Lizarra-Garaziko urteak ziren. Urte gogorrak, baina ilusioz beteak, baina, begira, pikutara joan zen aliantza zabal hori. Liburuari euskal auzia jarri behar izan nion, ezin izan nuen euskal gatazka jarri.

Egunkaria-ko eta BERRIAko kolaboratzailea zara ordutik. Ohore bat da bertatik bertara zure erreportaje, kronika eta elkarrizketak jasotzea...

Newrozen ingurukoa izan zen argitaratutako lehen artikulua, 1998an, Egunkaria-n. Ez naiz oso pertsona erromantikoa, baina ale hura gordeta daukat. Ilusio handia egiten dit nire testuak euskaraz ikusteak, ulertzen ez badut ere. Egunkaria itxi zutenean, Madrilen bizi nintzen, eta lagunei galdetu nien ea ez zen protestarik egingo. Barre egin zuten nire kontura. Donostiako manifestaziora etorri nintzen. Ez dut ahaztuko Martxelo Otamendi zuzendaria kartzelatik atera zen uneko argazki hura. Ozgur Gundem-eko lagunen atxiloketaren argazkiarekin parekatzen dut; Dogan Guzel lagun eta karikaturagilearenarekin. Argazki batek dena esaten du.

BERRIAn argitaratua (2016/09/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA