astekaria 2016/09/30
arrowItzuli

ekonomia

EL DORADORA DARAMAN TRENA

Xabier Martin

EL DORADORA DARAMAN TRENA

Ez da kimera bat. Lope Agirrek XVI. mendean ezin izan zuen El Dorado aurkitu Amazoniaren erraietan egindako bidaia ero eta odoltsuan, baina Beasaingo CAFek bere geroa are gehiago bermatuko lukeen El Dorado bat aurkitzeko benetako aukera dauka. Renfe aurten da egitekoa 2.600 milioi eurotik gorako megakontratu sonatuaren adjudikazioa, bere abiadura handiko trenen sarea berritzeko helburuarekin. 30 tren berri jasotzen du enkarguak, baita haien mantentze lana ere 40 urtean.

Jarduneko gobernu bat baino ez dauka aspaldi honetan Espainiak, ordea, eta ezegonkortasun politikoak kolokan jarri du urtea amaitu aurretik egitekoa den adjudikazioa. Madrilek aditzera emandakoaren arabera, konpainia bakarrak eramango du saria. Haatik, hautagaiek ez dakite trengintzaren sektoreko egungo kontratu erakargarrienetakoa gauzatuko den ala ez azkenean; Espainiako giro politiko nahasian eta gobernuaren kolorea ezagutu gabe, Renfe gauza izango ote da 2.642 milioi euroko operazioa erabakitzeko?

Kontratu erraldoiaren lasterketan sartu diren bost hautagaietako batzuek klausula nordikoa eskatu diote Espainiako Gobernuari, badaezpada. Munduko trengile nagusiak aurkeztu dituzte eskaintzak mendeko kontratua esan diotena lortzeko: CAF euskal herritarra, Talgo espainiarra, Alston frantziarra, Siemens alemaniarra eta Bombardier kanadarra —azken horrek bere parte hartzea defendatzen zuen helegite bati esker—. Azkenean, Madrilek abiadura handiko tren sortaren erosketa egingo ez balu edo eguna jarri gabe atzeratuko balu, eskaintza horiek prestatzeko konpainiek egin dituzten gastuak pagatuko dituelako bermea litzateke klausula nordikoa, Europako iparraldean nahiko ohikoa. Hau da, Renfek bere gain hartzea eskaintzak prestatzearen gastua. Eskatzea libre da, baina Espainiako konpainiak ez du onartu.

«Lehiaketa irabazteko asmo sendoa dugu». Beasaingo Construcciones y Auxiliar de Ferrocarrilesen iturriek BERRIAri esan diote ez dela Renfek egindako deialdira «zer dagoen ikustera» joan bakarrik. Hau da, Andres Arizkorretak zuzentzen duen multinazionalak «xehetasunez eta zorroztasunez» prestatu du Renferi egin dion eskaintza, lehiaketa irabaztea enpresarentzat jauzi izugarria litzatekeela jakitun.

Gipuzkoako enpresa handienak urteak daramatza abiadura handiko trenaren negozioan sartu nahian, trengintzaren beste esparruetan fidagarritasun handia eta hainbat merkatutan lidergoa ere erakutsi ondoren. Hori dela eta, Renferen megakontratua irabazteak ez luke bakarrik CAFen eskaera poltsa handitu, ez luke bakarrik kuantitatiboki eragingo. Urrats kualitatiboa ere ekarriko lioke, Oaris proiektuari segida eman eta merkatu berri baten ateak parez pare zabaldu.

Ez ditu oztopo gutxi izango: CAFek ez du oraindik trenbide batean jarri AHT motako tren bat, bidaia probak alde batera utzita, noski. Oaris plataforma da bere apustua esparru horretan, eta dagoeneko lehen zortzi trenak eraikitzeko prozesua martxan dauka; 2018an Norvegian egon behar dute trenek, Osloko geltoki nagusiaren eta aireportuaren arteko joan-etorrian. 120 milioi euroko kontratua lortu zuen CAFek iazko martxoan, eta enkargu hori Europako iparraldeko AHTaren merkatuan sartzeko aukera izango delako esperantza daukate Beasainen.

«Azken urteotan gogor egin dugu lan AHTaren esparruan sartzeko», diote CAFen iturriek. Oaris made in Basque Country AHT bat da. I+G atalean 50 milioi euroko inbertsioa egin zuen enpresak duela bost urte hura garatzeko. Oarisek orduko 350 kilometroko abiadura har dezake eta 500 bidaiari eramateko gaitasuna dauka, energiaren erabilpen adimentsuari esker. Gutxienez 400 bidaiari eramateko gaitasuna eskatu du Renfek lehiaketan, eta gutxienez orduko 320 kilometroko abiaduran. Horrez gain, eraginkortasun energetikoa eta bidaiariarentzako %100eko konektibitatea eskatu du, gainera.

Alstonen itzal luzea

Mendeko kontratua lortzea, ordea, erronka gorena da edonorentzat. Munduko lehiakide handienak daude aurrez aurre, eta horietako batzuek badauzkate abantaila batzuk, esate baterako, AHTaren esparruan eskarmentu handia edukitzea. Pole position horretan inor egotekotan Alston dago. Bi tren eskaini dizkio Renferi: azken belaunaldiko AGV ikusgarria eta Duplexa, bi solairuko tren eraginkorra. Trenak Bartzelonako Santa Perpetua de Mogodako fabrikan muntatuko dituela agindu dio Madrili, gainera. Ekoizpenaren zati bat Katalunian egiteak, ordea, politikoki izan dezakeen eragina ez dago batere argi gaur egun.

Konpainiek ekoizpen zentroak non dituzten ere bere pisua izango baitu Renferen azken erabakian, adjudikazioa inoiz iritsiz gero behintzat. CAFek eta Talgo espainiarrak abantaila txikia izan dezakete hor, baina ez erabakigarria. Zehaztapen teknikoak lehiakide denek betetzen dituzte, baina eskaintzaren zatirik garrantzitsuena salneurria izango da; konpainiek euren eskaintzak zenbat estutzen dituzten erabakiko du adjudikazioaren %65. CAFek argi ibili beharko du hor.

Euskal Herriak, dena den, badu beste karta bat lehiaketa honetan, Talgoren fabrika nagusietako bat Araban baitago, Rivabellosan, eta enpresa espainiarraren Avril trena balitz irabazlea 500 behargin inguru dituen fabrikak lan karga garrantzitsua bermatuko luke urte batzuetarako. Besteak beste, Mekarako AHTa ekoizten ari dira han.

6.500 milioiko eskaerak

Espainian jokoan dagoen megakontratua CAFek lortuko balu, eskaerei dagokienez enpresaren urterik hoberena distiraz biribilduko litzateke. 2019ra arte lan karga bermatua dauka Andres Arizkorretaren konpainiak, 6.500 milioi eurotik gorako balioa duen eskaera poltsa duelako 2016 historiko bati esker. Aurtengo lehen zortzi hilabeteetan 2.500 milioi baino gehiago hazi da poltsa hori, eta, azken urteetan mozkinen marjina asko estutu den arren, eskaeren kopuruak enpresaren geroa bermatzen du.

Beasaingo eta Irungo plantetan badute lana datozen hiru urteetarako, baita Zaragozakoan ere (Espainia). Irailean bertan lortu du CAFek azken enkargua: Amsterdamgo tranbia. BERRIAk jakin duenez, 100 milioitik gorako kontratua da, tranbia alorrekoa izateko enkargu garrantzitsua zinez. Beasaingo trengilea sendo dabil, eta sendotasun hori burtsan islatu da argi eta garbi. Urte hasieratik ia %35 hazi da CAFen akzioa.

BERRIAn argitaratua (2016/09/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA