astekaria 2016/09/30
arrowItzuli

bizigiro

Ezkutatutako damua

Ainara Arratibel Gascon

Ezkutatutako damua

«Nire seme-alabak garrantzitsuak dira niretzat, baina gorroto dut ama izatea. Gorroto dut rol hori. Gorroto dut mugak jarri behar dituena izatea, zigorrak jarri behar dituena izatea. Gorroto dut askatasun falta, eta ama izateak dakartzan mugak»

Sophia Ama

«Ama izan nintzen, seme-alabak izateak edo ez izateak ekarriko zituen ondorioetan pentsatu gabe. Atzera egin ahal izango banu, egingo nuke»

Atalya Ama

«Lau seme-alaba ditut, baina, gaur dakidana jakinda, ez nuke bakar bat ere izango. Niretzat, mingarriena da ezin dudala atzera egin, ezin dudala egoera konpondu»

Tirtza Ama

«Seme-alabak eduki eta ama izateaz damutzen naiz, baina ditudan seme-alabak maite ditut. Ez da azaldu daitekeen zerbait. Ez dut nahi haiek ez egotea, baina ez dut ama izan nahi»

Charlotte Ama

Munduko gauzarik zoragarriena eta zoriontsuena bezala hartu izan da mendeetan amatasuna. Hala, ama izatea betebehar baten gisara ikusi izan dute emakumeek, eta horretarako izan dira prestatuak eta heziak txikitatik. Behin ama izanda, beste gauza gehienei uko egitera behartuta ikusi eta sentitu dute beren burua, eta amatasunak dituen alde gogorrak eta mikatzak ezkutuan gordetzera. Mendeetan, emakume askoren patua izan da ama izate hutsagatik zoriontsu egon behar izana. Errealitate hori azaleratu, eta amatasunaren beste aldea erakutsi nahi izan du Orma Donath soziologo israeldarrak Regretting Motherhood (Ama damutuak) liburuan. Zaloa Basabe genero aholkulariak, Beatriz Gimeno pentsalari feministak eta Nerea Fillat gizarte ekintzaileak halako liburu baten beharra defendatu eta txalotu dute, «tabuak» alde batera utzi eta amatasunaren inguruan dagoen diskurtso «erromantiko eta gozoa» gainditzeko. Hirurek adierazi dute ama izateak aukera bat izan beharko lukeela, ez gizarteak ezarritako helburu edo betebehar bat.

Ama izateaz damu diren 23 emakumeren testigantzak jaso ditu Donathek. Basabek horien balioa berretsi du: «Mahai gainean jartzen dute orain arte ezkutuan egon den errealitate edo eztabaida bat: amatasuna desiotik datorren, edo presio sozial eta kulturalaren ondorio den». Fillaten ustez, oso beharrezkoa da eztabaida. «Oso ondo dator, amatasunaren konplexutasuna agerian uzten baitu. Ziurrenik, datozen urteetan halako liburu gehiago argitaratuko dira».

Amatasunaren inguruan ematen den ideia eta diskurtso «erabat erromantikoa» ikusarazi nahi izan du Gimenok: «Urteetan nagusi izan den maitasun erromantikoa gizon-emakume bikotik ama seme-alaba bikora pasatzen ari da. Badirudi amak egun osoa egon behar duela umearen menpe, 365 egun, 24 orduz». Ohartarazi du gizon-emakumeen maitasun erromantikoaren ezaugarri berberak dituela: «Bizi osoan iraungo du, baldintzarik gabea izango da, gorputz eta arima entregatu behar duzu horretarako... Etorkizuneko erronketako bat izango da halako diskurtsoei aurre egitea».

Basaberen ustez, halako diskurtsoek «mitifikatu eta mistifikatu» egin dute amatasuna. «Mitifikatzen den heinean, ez da horren inguruan modu arrazionalean hausnartzen. Berehala eramaten dugu eremu emozionalera, eta, saiatu garenean hausnarketa egiten ikuspuntu arrazionaletik, feministatik edo ekonomikotik, badirudi ari garela amatasunari arima kentzen, eta nik uste dut amatasunak dituen ondorio ekonomikoak eta sozialak aztertzeko, nahitaez afektibitatearen eremu horretatik atera behar dugula».

Mistifikazioari dagokionez, uste du amaren figura «oso esentzializatuta» egon dela urteetan. «Ama asko daude, eta ama izateko era asko. Baina askotan tratatu izan da figura singular bat bezala. Hala, eredu horretatik aldentzen ziren eredu eta diskurtso guztiak ez ziren ikusarazten, eta, ikusarazten baziren, epaitzeko edo kritikatzeko izaten zen».

Ez du ondo ikusten kategorizazio hori. «Horrek erakusten du ama izatea funtzio sozial bat dela». Harago doa Gimeno. «Gaur egun, ama izatea ez da aukera bat, baizik eta helburu bat; arau bihurtu da». Horri lotuta, Basabek uste du gaur egun emakumeen bizitzan ama izateak zentralitatea eskatzen duela. «Mahai batekin parekatuz gero, izango litzateke eusten dion hanka bakarra. Hori mugituz gero, mahai guztia hankaz gora jartzen da. Hanka gehiago izango balitu, oreka handiagoa litzateke. Ama garen unetik, ematen du beste eremu guztietan ez garela beharrezkoak, eta gizarteak onartu eta ulertu egiten du hala izatea. Gizonezkoen kasuan, ez da horrela gertatzen aita direnean. Haientzat, aitatasuna zerbait puntuala eta aukerakoa da. Une jakin batzuetan egiten dute». Hala, emakumeak normaltzat jotzen du ama izatean bere zaletasunei, lanean izan ditzakeen erronkei eta abarri uko egitea:«Egia da hori aldatzen ari dela, baina pixkanaka. Oraindik naturaltasunez hartzen dute uko egitea».

Errealitate hori gainditzera deitu ditu emakumeak Gimenok. «Bete-betean bizi beharko lukete bizitza, eta ama izatetik harago doazen helburuak eta bizi proiektuak eduki. Izan ere, emakumeek txikitatik dituzten helburu eta proiektuen artean amatasuna dago. Hala izateko hezten gaituzte. Gizonen artean ez da hala gertatzen».

Hala, gizarteak ama izateko ezartzen duen «presioa» gainditzera deitu dituzte hirurek emakumeak. «Egun, ama ez izatea baino okerrago dago ikusita, ziurrenik, ama izanagatik damutzea», esan du Fillatek. Gizartearen presioei lotuta, ama izate hutsagatik ondo eta zoriontsu egon beharra salatu dute. Bidegabea iruditzen zaie. «Nekatuta zaude, hormonak dantzan dituzu, lehenengo umea izanez gero zerbait berria da... Baina, batez ere, bakarrik zaude, zure bikotekidea umea izan eta aste gutxira lanera doalako kasu gehienetan; eta, gainera, derrigortuta zaude pozik eta irribarrez egotera ume bat izan duzulako. Gizarteak ez dizu kexatzen uzten, gaizki egon arren», salatu du Gimenok. Eta ondorengo hau gaineratu du: «Ama garenok ondo dakigu gogorra dela, eta ezer ez dela esperotakoa». Gerora begira, gainera, ez da erraza umeak heztea. «Ama izatea erronka bat da, ardura bat, eta ahalegin bat eskatzen du. Denetik du: ona eta txarra, edozein bizi esperientziak bezala».

Familia eta lana uztartu ezin

Presio horri lotuta, erditze ondorengo osatzea dagoela gogorarazi du Fillatek. «Erditu eta berehala flakatu egin behar duzu, eta estereotipo fisiko eta sexualetara itzuli». Beste uste oker bati ere erreparatu dio Gimenok. «Seme-alabak izateaz damutzen zarela esateak ez du esan nahi maite ez dituzunik».

Bestalde, familia eta lana uztartzeko politikek ez dute laguntzen amatasuna modu egokian bizitzen, hiruren arabera. «Egungo politikak adabaki bat baino ez dira. Egun, arduren banaketa eta familia eta lana uztartzea utopia bat dira. Gainera, ez gara emakumeak uztarketa hori egin behar dugunak, gizarte osoa baizik. Haurren zaintzaren eta hezkuntzaren ardura ezin da soilik emakumeen bizkar egon, baizik eta gizarte osoaren bizkar». Hala, lana eta familia uztartzeko benetako politikak aldarrikatu ditu Gimenok: doakoak, gertukoak, publikoak diren haur eskolak, aitatasun eta amatasun baimenen parekatzea.... Benetako neurri horien barruan, amatasun eta aitatasun baimenak parekatzearen garrantziaz ohartarazi du Basabek. «Baimen horiek %100 ordaindu beharko lirateke, eta derrigorrezkoak izatea. Zentzugabea da truka eta parteka daitekeen baimen bakarra amatasunarena izatea».

Lan ordutegia arrazionalizatzea eta soldatak duinagoak izatea ere ezinbestekotzat jo du. «Gainera, mendekotasunari eta zaintzari lotutako zerbitzu guztiak unibertsalak eta publikoak balira, gauzak dezente aldatuko lirateke, baita rolak ere». Hala, alderdi politikoen jarrera kritikatu du. «Jaurlaritzarako hauteskunde kanpainan ez dut ordain edo konpentsazio neurriekin apurtu eta neurri interesgarri eta ausartak hartzeko borondatea erakutsi duen alderdirik ikusi».

Hala, hirurek onartu dute diskurtso «erromantiko eta mistiko» horiek areagotzen ari direla: «Eredu heteropatriarkalari komeni zaion diskurtsoa da, eta erabat errotua dago. Emakumeak diskurtso hori onartuko ez balu, sistema patriarkal kapitalista honek ez luke funtzionatuko», uste du Fillatek. «Logika baten barruan» jartzen ditu diskurtso horiek Gimenok: «Garai honetan, urteetako diskurtso hori eztitzen ez bada, ez du inork irentsiko. Are gehiago, diskurtso horiekin, ordain emozional bat bilatzen da, amatasunaren beste alde hori ezkutatzeko edo orekatzeko», esan du Basabek. Hori ikusita, desioak eta autonomia erdigunean jartzearen alde egin du Gimenok. «Gainontzean, nekez eratuko dugu diskurtso askatzaile bat amatasunaren inguruan».

Hala, beharrezkoa ikusten dute egoera aldatzea. «Horretarako, are gehiago ikusarazi beharko genuke benetako amatasuna, orain arte amatasunari buruzko diskurtsoak positiboak direlako, eta garbi dago ez direla erabat errealak. Izan ere, amatasunak, beste edozein esperientziak bezala, alde onak eta txarrak ditu. Beraz, damu mezuak naturalak dira». Basaberen arabera, horrekin batera, beste urrats bat egin behar da. «Ikusarazteko behingoz zein amatasun mota eratzen ari garen». Izan ere, Fillaten ustez, egungo gizartean oso zaila da «modu autonomo eta justu batean» ama izatea.

BERRIAn argitaratua (2016/09/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA