politika
Urkulluk amestua
Felix Iriarte
Dudarik gabe galtzaileen zerrendan PSE agertzen da punta-puntan. Eta eskerrak ez duen galdu inkestek zioten guztia. Baina hamaseitik bederatzira jaisteak izen bakar bat du: jipoia. Berriro pentsatu beharko dute merezi duen jeltzaleen makulua izatea. Apustua egingo nuke ez direla izango, baina, erabaki hori hartzeko, hauteskundeen emaitzez gain beste kontu batzuk indarra izango dute, Madrilgo gobernuaren gora-beherek esaterako. PPk, bestalde, badaki sozialistak ez direla beraiek baino gehiago erkidegoan, eta hori ez da gutxi Madrilgo Genova kaletik begiratuta, eta jakina da handik eta handik bakarrik aztertzen dituztela hemen gertatzen direnak.
2. Jaurlaritza. Norekin gobernatuko du Urkulluk? Bakarrik, ez baitu inoren beharrik. 38ra iristeko lau aukera ditu, eta unean uneko aliantza lor dezake nahi duenarekin. Zertarako, orduan, alderdi bakar batekin akordioa egin. Gainera, Bilduren eta Elkarrekin Podemosen eserlekuak batuta ez dute jeltzaleen kopurua lortzen. Seguruenik, PSEk nahiago izango du oposiziotik ezkerreko ezaugarriak berreskuratu, EAJrekin aliantza egiteak lausotu egingo baitio hain premiazkoa duen hori. PPk, berriz, ez dio dohainik ezer emango, Madrilen hemen emandakoaren ordaina eskatuko baitio eta jeltzaleek ez dute horren beharrik. Elkarrekin Podemosek argitu beharko du zer izan nahi duen, baina ez du ematen lehentasuna jeltzaleekin gobernatzea duenik. Ez zen ulertuko eta politikan gauza ulergarriak egin behar dira. EH Bildu orduan? Ez dute nahi ez batak ez besteak.
3. Madril. Erkidegoko emaitzen esperoan zeuden Madrilgo agintariak eta iritzi emaileak. Kontua zen jeltzaleek sozialisten edo popularren beharra izatea gobernagarritasuna bermatu ahal izateko, horren truke pauso bat ematko Madrilen alde batera edo bestera. Ez da hala gertatuko, edo bestela esanda: EAJ baldintza hobeagoan dago bati zein besteari, Sanchezi edo Rajoyri, euskal agenda deritzotena exijitzeko balizko negoziazioan. Bestela, konpon dezatela Madrilen euren kontuak jeltzaleei erreparatu gabe.