astekaria 2016/09/26
arrowItzuli

politika

EAJk gobernatzeko are zentralitate handiagoa lortu du, nagusitasunez

Enekoitz Esnaola

EAJk gobernatzeko are zentralitate handiagoa lortu du, nagusitasunez

EAJ nagusi. EAJ indartsu. EAJ izango da Jaurlaritzan berriro. 29 legebiltzarkide lortu ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeotan, duela lau urte baino 2 gehiago. Bototan ere gora egin du, parte hartzeak 1,7 puntu behera egin arren ?12.900 boto gora: kasik 400.000 boz?. Bigarren indar EH Bildu 6 aulkira geratu zitzaion duela lau urte (27-21), eta orain bigarrenari bikoiztu egin dio aldea (29-17). 173.000 botoren aldea. Hiru herrialdeetan irabazi du EAJk: Araban, hiru aulkiren aldea bigarrenari; Bizkaian, zortzirena, eta Gipuzkoan, batena. Sabin Etxeak azken astean esan du EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek tentazioa izan zezaketela EAJ Jaurlaritzatik kentzeko. Jeltzaleak are gehiago mobilizatzeko mezua zen. Ez zen, ordea, posible ikusten EAJren aurkako mugimendu hori, eta herritarren borondateak, gainera, matematikoki ere baztertu egin du balizko aukera hori, EAJk beste biek batuta baino aulki bat gehiago eskuratu baitu.

Eta orain zer? Nahi duena egiteko moduan dira Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea eta Iñigo Urkullu lehendakarigaia. Hor dute, eskura, PSE-EErekin batera gehiengo osoa: 29 EAJk + 9 PSEk = 38, gehiengo osoa justu. Ordea, sozialistak oso ahul dira: jipoia jaso dute, 2012tik zazpi ordezkari eta 86.000 boto galduta, eta laugarren geratu dira, PP bosgarrenetik gertu. Haien krisiak baldintza lezake egoera. PSEk eta EAJk 2013tik erakundeetako itun egonkorra dute, eta Lakuarako ituna egin ahal dute. EAJ bakarrik aritzeko moduan ere bada. Kasurako, EH Bildu-Elkarrekin Podemos-PSE ezinezko hirukoak ez ditu ematen 38 (37).

Laster ekingo die EAJk bilerei. Azkar legoke gobernua, lehendakaritzan beti, berriro Urkullu dela.

EH Bildu nahikoa ondo atera da hauteskunde hauetatik, Espainiako bi bozetan ostikoa jaso ondoren ?joan den ekainean, laugarren indarra izan zen, %13,3rekin?. 2012koetatik lau aulki galdu ditu, eta botoen %19 ?parte hartzea zerbait apaldu delako ere bai?, baina haren benetako helburua, asko galdu gabe, bigarren geratzea zen. 16-17 aulkiko kopuruarekin zebiltzan barne mailan. Ia 18.a lortu dute: Bizkaian 80 botora geratu dira ?EAJk lortu du, eta kanpoko boto zenbaketak ez dirudi hori mugaraziko duenik?: 224.000 boto. Ekainean baino 71.000 boto gehiago. Alor sozialerako, burujabetzarako eta bakerako, Sabin Etxeari «herri akordioen» eskaintza egin dio. EAJk nahi badu ?baita era batera edo bestera PSErekin bada ere ?, aukera badago, erritmoak erritmo. Urkullu, baina, asko dago Madrilera begira estatus politiko berriari eta bakegintzari dagokienez.

EH Bilduk badu beste lanik ere: pausoak gatazkaren ondorioetan, koalizioa egituratu, aliatu berriak, Nafarroako alternatiba... 2019ko maiatza arte ez da bozik egongo, eta lasaiago aritu ahalko da.

Uste baino emaitza eskasagoak izan ditu Elkarrekin Podemosek. Ekainetik, Espainiako Kongresurako bozetatik, 179.000 boto gutxiago jaso ditu. Orduan EAEko lehen indarra izan zen. Orain, hirugarrena, eta bigarren EH Bildutik tarte handira ?6 eserlekura, 6,4 puntura, 67.500 botora?. 11 aulki. Espainian Podemosek ez du lortu PPren bestelako gobernu bat eratzerik, aldaketa hitza hitzetik hortzera erabili arren, eta ahultzen ari da. Eta, harekin batera, EAEko adarra. Ikusi beharko da nola iritsiko den 2019ko udal eta foru hauteskundeetara.

PSE gainbehera, PSN erara

PSEk Jaurlaritzan sartzeko edo han zerbait eragiteko aukerak baditu, baina emaitza txarrak bildu ditu; historikoak. 1980ko lehen hitzorduan %14 lortu ostean eta, 2009ko %30,7koa kontuan hartzeke, %17-%23 artean ibili da, 12-19 aulki artean. Orain 9 lortu ditu, %11,9rekin. Ia 87.000 boto gutxiago. Porrot. PSE gero eta gehiago da PSOE, Euskal Herriaren pultsu soziala galdua du, eta Madrilen gero eta okerrago dabiltzanez... Nafarroan ikusi da nolakoa izan den PSNren gainbehera, eta PSE bide beretik doa.

PPk emaitza okerrena izan du 1990etik. APri lekukoa hartuz, orduan egin zuen estreinakoa: 6 legebiltzarkide, botoen %8,2. Baina harrezkero ez da sekula jaitsi 10 aulkitik ?2001ean 19 izan zituen?, atzo arte. 9 eskuratu ditu, %10,1. C's-ek, berriz, Araban ez du UPD zenaren uzta jaso; aulkirik ez. Beraz, indar unionistek 18 parlamentario izango dituzte datorren legealdian. 2009an, ezker abertzale ofiziala legez kanpo zela, 38 batu zituzten, eta Jaurlaritzara heldu ziren. Garbia da ondorioa: unionistak izan dira hauteskunde hauetako galtzaile nagusiak.

Irabazle nagusia, EAJ, eta Urkullu. Tradizioa ez da eten.

BERRIAn argitaratua (2016/09/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA