astekaria 2016/09/23
arrowItzuli

gizartea

Klimaren krisiarekin, axolagabe

Iñaki Petxarroman

Klimaren krisiarekin, axolagabe

Nabari da sektore kutsatzaileak burua lur azpitik ateratzen hasi direla; hala ere, 2007ko kutsaduraren tamainara ez dira iristen. Betiere, ingurumenaren kalterako. Zementuaren eta energiaren sektoreetan 2007tik hasitako amiltzea eten egin zen 2014an, eta horrek handitu egin du pixka bat haien kutsadura maila, E-PRTR Europako iturri eta isurketa kutsagarrien erregistroaren arabera. Kontuan eduki behar da datuak enpresak berak jasotzen dituela eta administrazioari helarazten dizkiela. Jaurlaritzak bildutako datuen arabera, energia, industria, nekazaritza eta hondakinen sektoreetan berotegi efektuko 15,8 milioi tona isuri ziren 2007an, eta 12,5 2014an. Honako hauek dira 2014ko datu nagusiak.

PETRONOR

E-PRTR erregistroari begiratuz gero, atentzioa ematen duen datuetako bat da Muskizko (Bizkaia) Petronor findegiaren azken urteotako bilakaera. Urtero-urtero Euskal Herriko enpresa kutsatzaileena dela frogatzen du erregistroak. Esate baterako, eta berotegi efektua eragiten duten gas nagusia izanik, 2005etik 2014ra Petronorrek ez du inoiz isuri airera bi milioi tona CO2 baino gutxiago. Azken erregistroak jasotzen dituen datuen kasuan, 2014an ere antzera kutsatu zuen: 2,3 milioi tona.

Enpresak iragarri du 2010ean ekin ziola prozesu bati isurketak %20 murrizteko, eta 2016rako lortu egin dutela. Fran Fernandez Petronorreko Ingeniaritza eta Garapen Saileko arduradunak apirilean Bilbon egin ziren jardunaldi batzuetan iragarri zuen bide horretatik jarraitu nahi dutela, eta 2020rako beste %15 gutxitu nahi dituztela isurketak. Fernandezek, ordea, uko egin zion erregai fosiletan oinarritutako energia eredua baztertzeari, klima aldaketaren arazoari aurre egiteko zientzialariek eurek eskatu duten moduan: «20-30 urte barru energia fosilak hor jarraituko du. Petrolioak hor jarraituko du, gure gizatearen konfort mailari eusteko».

Isurketak gutxitzeko iragarritako asmo horri sinesgarritasuna kendu diote eragile batzuek. Esate baterako, Gorka Bueno EHUko Ingeniaritza irakasleak uste du «trikimailu bat» erabiltzen duela enpresak horretarako: koke plantarekin batera sortutako 43MW-eko kogenerazio unitatea. «Petronorren kogenerazio unitateetan sortutako elektrizitatea aitzaki moduan erabiltzen dute esateko isurketak murrizten direla —birtualki, noski, Petronorren CO2 isurketa errealak 2010etik aurrera handitu baitira—; eta larriena da elektrizitate horren truke hobari oparoak jasotzen dituztela, Erregimen Bereziari esker. Zabalgarbik baino gehiago jasotzen dute, eta elektrizitate berriztagarria sortzen duen Hego Euskal Herriko beste edozein instalaziok baino askoz gehiago». Gai hori ikertzen ari da EHUko irakaslea.

ZENTRAL TERMIKOAK

Gasaren sektoreak krisian jarraitu zuen 2014an ere, eta horrek islada izan zuen haien kutsadura kopuruetan. Izan ere, Hego Euskal Herrian dauden lau ziklo konbinatuko lau zentralek —Castejon, Zierbena, Zornotza eta Santurtzi— euren ahalmenaren %15ean aritu ziren funtzionatzen, 2013an baino pitin bat gutxiago. Orduan %19an aritu ziren. Edonola ere, Euskal Herrian CO2 gehien isuri zuen enpresa nagusietan bigarrena Zierbenako Bahia de Bizkaia Electricidad zentral termikoa izan zen. 1,07 milioi tona isuri zituen atmosferara, aurreko urtean baino pixka bat gutxiago: 1,15 milioi tona isuri zituen 2013an. Gainerako zentral termikoen kasuan, PRTR erregistroak ez ditu jaso airera edo uretara egindako isurketak.

ZEMENTU FABRIKAK

Historikoki sektorerik kutsatzaileenetakoa izan da. Erregistroak jasotzen duen urtean ere, 0,8 milioi tona CO2 isuri zituzten Euskal Herriko zementu enpresa nagusiek, baina kontuan eduki behar da erregistroak ez dituela jaso Olatzagutiko (Nafarroa) Portland Valderribasek isuritakoak. Edonola ere, sektoreak krisian jarraitu zuen 2014an, eta hori nabaritu egin zen, ingurumenaren onerako betiere. Esate baterako, bere ekoizpenaren gailurrean izan zen urtean, 2007an, Euskal Herriko lau zementu fabrika nagusiek —Añorgako eta Arrigorriagako Rezola fabrikak, Lemoako Cementos eta Olatzagutiko Porland Valderribas— 2,1 milioi tona CO2 isuri zituzten atmosferara, eta 185 tona hondakin toxiko arriskutsu sortu. 2014an, berriz, CO2 isurketa datuak ezin dira jakin, Olatzagutiko plantak ez duelako horien berri eman, baina, hondakin toxikoei dagokienez, 74 tona hondakin arriskutsu sortu zituzten, alegia, 2007an baino ia hiru aldiz gutxiago. Espainiako zementu enpresen sektoreak iragarri zuenez, 2014an ekoizpena handitu zuten, 2007tik lehen aldiz. Hain zuzen ere, 10,7 milioi tona ekoitzi zituzten, 2013an baino %0,4 gehiago. Edonola ere, ekoizpen oso txikia da hori 2007an izan zutenarekin alderatuta: 60 milioi tona.

ZABALGARBI

Bizkaiko errauste plantak 0,235 milioi tona CO2 isuri zituen atmosferara 2014an, eta, horrela, klima aldaketa gehien bultzatzen duten enpresen zerrendan kokatu zuen bere burua, aurreko urteotan bezala. Airera eta uretara isuritako bestelako metal astun eta kutsagaiak ez ezik, Zabalgarbik 6.800 mila tona hondakin arriskutsu sortu zituen, errausketa prozesutik sortzen diren errautsak nagusiki. Hain zuzen ere, erregistroak neurtzen dituen enpresen artean hondakin arriskutsu gehien sortu duen enpresetako bat da. Badira hark baino hondakin arriskutsu gehiago sortu zituzten beste enpresa gutxi batzuk, besteak beste, Zumarragako, Sestaoko eta Olaberriko altzairu fabrikak.

Hiri hondakinen kudeaketaz arduratzen den sektorea izan zen, berriro ere, kutsatzaileenetako bat. Eta, horretan, punta-puntan egon zen, berriro ere, Bilboko Artikako hiri hondakinen zabortegia. 6,8 milioi kilo metano isuri zuen. Horren atzetik, gainerako zabortegiak: Lapatx (3,4 milioi), Sasieta (2,6 milioi), San Marko (2,6 milioi) El Culebrete (2,2 milioi), Urteta (1,7 milioi) eta Gongora (1,3 milioi).

BERRIAn argitaratua (2016/09/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA