astekaria 2016/09/23
arrowItzuli

kirola

JON SALSAMENDI

«Aurten egin dugunari balio handiagoa ematea nahiko nuke»

Aitor Manterola

«Aurten egin dugunari balio handiagoa ematea nahiko nuke»

Bere herriko kale artean dabil Jon Salsamendi (Orio, Gipuzkoa, 1970). Bi herritarrekin ari da solasean. Arraunaz, ziurrenik; edo, agian, bere etorkizunaz. Urdaibaiko entrenatzailea hiztun ona da, eta lortzen du oso zaila den zerbait: asko hitz egin, eta gauzak esatea. Badu zer kontatu, beti bezala.

Marka da gero, Kontxako Bandera eta San Miguel liga irabazi berritan zaude, baina zure geroa da hizpide bakarra ia.

Nire erara gozatzen ditut gauzak, eta, lan bat bukatu ondoren ikusten badut lana ona izan dela, pozik egoten naiz. Horrelaxe nago, hain zuzen, gustura eta asebeteta egindako lanarekin. Lan onak, gainera, emaitzak eman dizkigu. Nire geroaz hitz egin edo ez, lanaren ikuspegi hori ez zait aldatzen.

Gustatuko litzaizuke lan horri balio handiagoa ematea kanpotik.

Bai. Urdaibaik aurten egindakoari balioa ematea gustatuko litzaidake, patxadaz eta denborarekin, baina ez da ari horrela izaten. Ez bakarrik nire kasua delako hizpide, beste taldeetako arraunlari eta entrenatzaile batzuen geroaz ere ari da jendea hizketan, udan egindako lanaren analisia bazterrean utziz. Ez nator bat egoera horrekin, asko kostatzen delako talde guztietan egiten den lana egitea. Uler dezaket albistea fitxaketak izatea, baina, emango banuke beste albiste ezberdin bat hemendik egun gutxira, fitxaketena estali egingo litzateke. Gainera, ez gara hain garrantzitsuak, hemendik hilabete gutxira inor ez baita akordatuko gurekin datorren uda arte. Erabat azalekoa da orain ematen zaigun garrantzia.

Azter dezagun lana. Urdaibaik gora egin du abuztuan eta irailean; pauso hori hain handia izango litzateke uztailean ez bazineten goian ibili?

Bai eta ez. Hondarribiak egin gaitu hobe, baina hau azaroan hasi zen, ez da udako kontua. Banekien ligako borrokan ibiltzeko uztailean ondo egon behar genuela, baina prestakuntza aldetik ez nuen aldaketarik egin nahi, irailean ere ondo egon nahi genuelako. Neure buruan zebilen iaz baino hobeak izan gintezkeela uztailean, urtean gauza gehiago eginez gero. Entrenamendu guztien kalitatea hobetzera joan gara aurreneko egunetik, uda hasieran ere ondo egoteko. Urteko aurreneko uretako entrenamendua Gernikako kanalean egin genuen, lehen entrenamenduan, arraunlariak gizen eta gozo etortzen direnean. Arraun berri batzuk probatu nahi nituen han. Etengabeko hobekuntzaren bila aritu naiz arlo guztietan aurreneko egunetik. Saiatu izan naiz ikertzen, eta, etekina ateratzeko aukera ikusten nuen arloetan, erabili egin dut. Batzuentzat erokeria zirudiena ez zen niretzat. Arraunlariak estropadetako aukeratzeko orduan, oso garbi izan dut izenen gainetik traineruak egitura bat behar zuela, eta horretara joan gara.

Uztailean egon zen gakoa orain liga irabazteko?

Udaberrian iaz baino hobeto geundela esaten zidaten datuek, eta uztailean atera ginen defendatzera. Boxeo borroka bat bezala hartu genuen, iraun eta iraun, jakinik zortzigarren borrokalditik aurrera etorriko zela gure aukera. Arriskua zen kolpeak hartu behar horretan KO. geratzea, ikusirik, gainera, nolako maila eman zuen Hondarribiak ligaren lehen erdian. Baina jaso bakarrik ez, eman ere egin genuen.

Uztailean, ez irabazten jakitea nola barneratu zenuen taldean?

Balioa emanez egindako lanari. Nik oso garbi ikusten nuen oso ondo gindoazela. Arriskua zen taldeak fedea galtzea nirekin, eta are gehiago taldean egin nituen aldaketa pilarekin. Kanpotik begiratuta, eman zezakeen itxura Salsamendi galduta zebilela, probatu eta probatu. Baina arraunlariei behin eta berriz esan nien inoiz baino lasaiago nengoela, jakinik zaila izango zela irabaztea Hondarribiaren maila bikainagatik. Daturik sinpleena eta fidagarriena zen uztailean hiruzpalau puntura bakarrik geundela Hondarribitik ligan; noiz gertatu da antzeko zerbait ni Urdaibain nagoenetik? Bada, aurten arte, inoiz ere ez. Lehen bederatzi estropadetatik, Hondarribiak sei zeuzkan irabazita, eta guk, bi, baina bi puntura bakarrik geunden. Horrek esaten zigun gauzak oso ondo egiten ari ginela, eta ondo eginda geneuzkala lanak prestakuntzako garaian.

Uztaila da liga galtzeko tarte arriskutsuena?

Dudarik gabe. Estropada gehienak orduan jokatzen dira, eta aurten, gainera, antzeko baldintzetan jokatu dira ia gehienak. Garrantzitsua zen uztail amaierara ondo iristea, lehian.

Liga hasi orduko konturatu zinen uztaila ona egingo zenutela?

Bai. Sevillan, Zierbenan eta Astilleron, ez genuen banderarik atera, baina Hondarribiak majo estutu behar izan zuen guri irabazteko Sevillan eta Astilleron; Zierbenan, gu izan ginen haien aurretik. Ez dakidana da nolako dinamika eraman zuen uztailean Hondarribiak; badakit hamabostaldi batean gora egin zuela, eta gu baino gorago igo zen. Gero, pixkanaka, haien maila horretara gerturatu gara, eta haiek jakingo dute abuztuan eta irailean ibili ote diren uztailean bezala. Gu hobeto egon gara bigarren erdian, eta lehen erdian ere asko estutu genituen; estutze horrek eragin ote dien azkeneko txanpa honetan ez dakit, beraiek jakingo dute.

Ligako garaipena ala Kontxakoa, bat aukeratzekotan?

Jokatu aurretik, bietako bat irabaztea sekulakoa zen, eta bietako inor ez irabaztea ere normala izango zen, bakarra delako garailea beti. Biak irabaztea, berriz, handiena da. Talde barruan, arraunlariek biak nahi zituzten irabazi urte hasieran, eta nik pentsatzen nuen errazena zela ahoz esatea, baina lortzea zailagoa.

Euskadiko eta Espainiako txapelketak ez irabazi izana da udako gazitasun bakarra?

Emaitzak ez ziren onak izan, ez, baina uztailean ligan geneukan dinamikagatik ez zen harrigarria ere izan. Biak irabaztera joan ginen, eta segundo bat falta izan zitzaigun Euskadikoan; Espainiakoan, aldiz, alde handiz irabazi zigun Hondarribiak. Onartuko dizut ez ditugula iaz bezala prestatu, eta adierazle onena da hiru txapelketetan hiru talde oso ezberdin atera genituela. Ligako dinamikaren arabera joan dira txapelketak aurten guretzat, baina ez du esan nahi oparitzera atera garenik.

Urdaibai honen emaitza onetan zenbateko eragina izan du talde barruko giroak eta harremanek?

Eliteko talde bat da hau, baina ez dago liderrik, eta ez da liderrik falta. Denak dira liderrak, bakoitza bere ezaugarriekin, eta ezaugarri horiek nahasita bizi izan dira taldean. Zerbait ez daukanari beste batek eman dio, eta honek ez daukana besteak eman dio. Elkar hartze egokia dago taldean. Batzuek liderren ezaugarriak dituzte, eta besteek, ez, baina beren ezaugarri onak ematen dizkiote taldeari, eta taldeak onartu egiten ditu horiek ere. Arraunlariek umiltasuna azaldu dute beren gabeziak onartzeko, beren onena adierazteko ere bai. Eta hartu-eman onari esker, dena izan da balekoa taldearentzat. Formula bat erabili dugu lider jakinik gabe, bakoitza den bezalakoa izanez, taldeari indarra emateko, eta esango nuke lortu dugula.

Nolako arraunlariak izan dituzu zure aginduetara?

Bakoitzak dauzka bereak, eta denen bereizgarriak erabiliz baliatu ditugu denak. Batzuk oso arraunlariak dira, lanbidea jartzeko eskatu eta arraunlari jarri beharko luketenak, ofizioa ondo dakitenak. Beste batzuen ezaugarri onena da, arraunean ondo egiteaz gain, fisikoaren arloan zaldien parekoak direla. Beste batzuek beti-beti ematen dute dena, eta gainerako ezaugarrietan paregabeak direnak ere badaude multzo horretan. Ikasteko sekulako gogoa dutenak ere badira, gazteak direlako. Beterano grinatsuak ere baditugu, umetan zuten irabazteko gosea galdu ez dutenak. Hori dena kirol arloan sartzekoa da. Gero, taldearen dinamikan, badira batzuk giro ona jartzen oso trebeak direnak ere, eta horiek sekulako balioa daukate. Eta, azkenik, patroia nabarmendu nahiko nuke [Gorka Aranberri], niretzat gaur egun dagoen onena, eta ez bakarrik teknikoki, baita atleta gisa ere.

BERRIAn argitaratua (2016/09/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA