astekaria 2016/09/23
arrowItzuli

politika

EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. ELKARRIZKETA

Maddalen Iriarte «Madrilek idatzia dauka betoa; adostu dezagun zer egin gero»

Enekoitz Esnaola

Maddalen Iriarte «Madrilek idatzia dauka betoa; adostu dezagun zer egin gero»

Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etika ala politika liburua berriro irakurri berria zen Arnaldo Otegi ekainean, BERRIAri elkarrizketa eman zionean. Auzitegien erabakiz, Maddalen Iriartek (Donostia, 1963) haren lekua hartu behar izan du EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburu postuan. Iriartek liburu bera leitu du egunotan, eta, kazeta hau hartu duenean, mahai gainean dauka.

Kazetaritzatik nola ikusten zenuen politikagintza?

Antzerki puntu batekin. Legebiltzarreko pasiloetan politikariak irribarretsu ikusten nituen, eta, gero, sekulakoak botatzen elkarri. Pasilloetan erakutsitako jarrera eramanez gero hemiziklora, gauzak beste era batekoak izan daitezke. Elkarrizketetan, berriz, pentsatu izan dut politikariek beti gordetzen zutela zerbait.

Politikagintzatik nola ikusten duzu politikagintza?

Oso apasionantea da, oraingoz. Baina ni oso-oso berria naiz, eta, segur aski, hari asko falta zaizkit barrutik nolakoa den esateko. Gainera, neure burua politikagintzan kokatzeko herritarren onespena behar dut hauteskunde hauetan. Hori esanda, mezuen distortsio bat ikusten dut. Hau da, horrenbeste hitz egiten dugu elkarbizitzaz, kontu pixka bat izan beharko genukeela hitz egitean. Nolabait, pedagogia egin behar dugu, normal hitz eginez, ekarpena eginez mezuekin eta. Herri honetan zer urrats egingo ditugun kontatzea dugu egiteko bat.

Eta politikagintzatik kazetaritza nola ikusten duzu?

Kazetariak eta kazetariak daude. Kazetaritzatik politika egiten da, baina alor denetatik egiten da. Dena dela, iruditzen zait oraindik guztiok ere hitz batzutan, eskaera batzutan katramilatuta gaudela eta ez ote genukeen bide bat egin behar horiek alde batera utzi, eta beste eskenatoki batzuk eraikitzeko modua izateko.

Independente modura sartu zara EH Bildun, ezta?

Bai.

Laura Mintegi ere hala sartu zen 2012an, eta bi urte egiterako utzi zuen Eusko Legebiltzarra.

Mintegik berak kanpaina honen hasieran hainbat zutabe argi utzi zituen hori berriro gerta ez dadin. Nik uste dut orain, neuk urratsa egin dudanean, EH Bildu beste egoera batean dagoela. Koaliziokideek ikasi dute esperientzia hartaz.

Mintegi koalizioko gardentasunaz, parte hartzeaz... aritu da.

Nik denbora gutxi daramat, baina EH Bildukoek asko eskertu didate proiektuarekin bat egiteagatik, eta guztiak daude prest euren iritziak-eta nirekin ere partekatzeko. Erabat sinisten dut hori horrela izango dela. Neuk ere ahal dudan guztia egingo dut.

Zer konpromiso hartu duzu: datorren legealdirako ala geratzeko sartu zara?

Oraingoz, datorren lau urteetan aritzeko aurkeztuko naiz. Oso garrantzitsua iruditzen zait, gainera, denbora hori finkatzea. Hau da, datozen lau urteetan ahal dugun guztia egin behar dugu, proposatu ditugun zutabe nagusiak mahai gainean jarri behar ditugu. Eternitatean ezin gaitezke egon orain bizi garenok.

2012an EH Bilduk Mintegi aurkeztu zuen lehendakarigai, eta balizko gobernua ere aurkeztu zuten. Joan den udaberrian Arnaldo Otegi hautatu zuen lehendakarigai, martxoan kartzela utzi ondoren. Auzitegiek debektua jarri diote Otegiri, ezin du zerrendetan joan, baina EH Bilduk ez du beste lehendakarigairik atera. Zergatik? Koherentea al da ez aurkeztea beste bat?

EH Bilduko gizon-emakumeek era demokratikoan aukeratu zuten Arnaldo Otegi Gipuzkoako zerrendaburu eta, era berean, lehendakarigai. Ministro batek iragarri eta bete den erabaki politiko baten kronika, edozein herritarrentzat hausnarketarako gaia da. Orain guk dioguna da lehendakarigai bat ez, hiru lehendakarigai dituela EH Bilduk. Batzuek, agian, pentsatuko dute hobe litzatekeela bakarra izatea buru.

Eta aurkeztuko al duzue lehendakarigaia hauteskundeen ostean, inbestidura saiorako?

Emaitzak ikusita, eskuartean zer dugun ikusita lehendakarigaia aurkeztu behar bada, aurkeztuko dugu, EH Bilduko gizon-emakumeek erabakita.

«Herri akordioak» lortzeko EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos hirukoa proposatu duzue. Posible ikusten al duzu?

Oraingoz, besteek ez diote gure proposamenari erantzun. Urkulluri esan diogu Madrilek ezezkoa eman ondorengo egunean zer egingo dugun adosteko prest gaudela. Elkarrekin Podemosek erabakitzeko eskubideaz argitu beharko lituzke gauza batzuk, gauza desberdinak esaten dituztelako. Hauteskunde hauen ostean erabakitzeko eskubidearen alde sekula egon ez den ordezkaritza egongo da Eusko Legebiltzarrean, eta bide bat egin genezake elkarrekin.

EAJk 2013tik aurrera aliatu, PSE-EE du.

EAJk erabaki beharko du hauteskunde hauen ondoren PSErekin jarraituko duen, euskararen inguruko bideo horrekin zatiketa eta gorrotoa bultzatu dituen alderdiarekin egin nahi duen akordioa. Urteetan inkestetan herritarrek gehiago hobetsi izan dute EH Bilduren eta EAJren arteko akordioa, eta hor Elkarrekin Podemos ere egon daiteke. Posible den hori? Esan egin beharko dute. Dena da posible, edo dena da ezinezko.

Esanda, Iñigo Urkullu esanda dago EAEko «gizartearen bizkarrezurra» EAJk eta PSE-EEk osatzen dutela.

Gauzak nahiko argi uzten ditu horrekin. Gertatzen da hori ez dela gizarte honen bizkarrezurra; ikusi beharko da zein diren boto gehien dituzten alderdiak eta herritarrek zein akordio lehenesten dituzten. Gizartearen bizkarrezurraren definizioz ez da nik nahi dudana edo zuk nahi duzuna.

Nafarroako eredua aipatu duzue. Nafarroan «erregimenaren» kontrako askotariko mugimendu soziala eta politikoa eratuz joan zen aurreko urteetan. EAEko egoera desberdina al da?

EAEn indar txikiagoa daukate UPNren politikak babesten dituzten alderdiek. Aurrez aurre duguna Espainiako Estatua da. Estatuak ez digu uzten herri hau dagokion tokira eramaten; ez digu uzten erabakitzen gure lanpostuak nolakoak izango diren, ezta funtzionarioek zer ordutegi izan behar duten ere. Begira Garcia-Margalllo [Espainiako Atzerri] ministroak zer lehenetsi duen: Espainiaren batasuna, atentatuen aurrean. Bi hausnarketa egitera garamatza horrek: batetik, zer-nolako bakea nahi duten; eta, bestetik, Espainian argi, Espainiaren batasuna dutela beste gauza guztien gainetik. Katalunian hori pairatzen ari dira; hor daude Artur Mas-eta auzipetuta hautetsontzi batzuk jartzeagatik. Erabaki egin behar dugu: harekin [Espainiarekin] edo gabe.

Kanpainan EAJri sarri aipatu diozue Madrilek EAEko estatus politiko berriari ezezkoa ematen badio, zer egingo duen. EAJrengan puntu ahul bat edo kontraesan bat ikusi al duzue hor?

Guk ikusten duguna da Madrilerako bide hori egin zela lehen; Ibarretxek egin zuen, 2005ean. 2001ean 600.000 boto jaso zituen, eta EAJk jakitun izan behar du 600.000 boto haiek ez zirela EAJrenak bakarrik. Gu prest gaude bidaia hori berriro egiteko. Baina Eskoziarako adostu zena ez dugu posible ikusten. PPk eta Ciudadanosek inbestidurarako egin zuten akordioaren oharrean zerbait argi geratu bazen, Espainiaren batasuna zatiezina eta mugiezina dela da. Ez zaigu iruditzen hortik ezer ateratzeko modua dagoenik. Areago: EH Bildun uste dugu betoa dagoeneko idatzita dagoela. Zer egingo dugu Madrilera joan ondorengo egunean? Adostu dezagun. Bestela, bidaiak ez du zentzurik.

Urkulluk dio Espainiako Estatuarekin akordioa lor daitekeela, orain Kongresuan PPren gehiengo osorik ez dagoelako.

Nik uste dut ez dela posible akordioa. Erosoagoa litzateke Eskoziak bezala erreferenduma egiteko gaitasuna edukiko bagenu, baina Espainiarekin ez da halakorik gertatuko.

EAJko zenbait kidek esan dute orain Espainiarekin akordioa ez bada posible, lanean jarraitu beharko dela eta segitu beharko dela Madrilera joaten.

Guk EAJ modura jaso nahi dugu erantzuna. Zehaztu dezala zer egin nahi duen ezezko kasu baten aurrean.

Programan ez dakar halakorik.

Ez du zehaztu nahi.

Zuk uste hemen badela nahikoa indar edo gihar sozial eta politiko Madrilen balizko ezezkoari aurre egiteko. Adibidez, Espainiako banderaren kontuan ez da mugimendurik sortu, eta EH Bilduk ere jarri du udaletxeetan.

Giharra landu egin behar da. CISen azken inkestaren arabera, EAEko herritarren %38 dira independentziaren aldekoak, eta beste ehuneko handi samar bat dago baldintza batzuetan alde egingo lukeena. Azken urteetan giharra mehetzeko saio ugari izan da, krisiaz baliatuz, eta sarri askotan egiak ez diren gauzak esanez, aipatuz proposamen honekin zatitu egiten dugula, eta abar. EH Bilduk badaki lehentasunak direla enplegua, soldata duinak, lan segurtasuna, behar handiena duten pertsonak laguntzea, pentsioak, politika industriala... Baina guk dioguna da geure lanabesak behar ditugula; bestela, Espainiak agintzen digu.

Eta aldaketa mentala? ETB1eko eztabaida saioan esan zenuen gehiegi begiratzen zaiola Espainiari datuak konparatzeko eta.

Beharrezkoa da aldaketa mental hori egitea. Gero eta jende gehiago ari da ohartzen Espainiak kalitate eskaseko demokrazia daukala. EH Bildu hauteskunde hauetatik indartsu ateratzen bada, gihar hori lantzen saiatuko gara.

EAJk, bere aldetik, kanpainan ere zuei sarri aipatu dizue esateko ETAk hiltzea gaizki egon zela.

Betikoan uzten gaituen eztabaida bat da. Jarraitu dezakezu galdezka, galdezka eta galdezka. Herritarrak ari dira aurrera egiten, eta guk lagundu egin behar diegu. Egin dezagun orube bat, herri honek pairatu dituen indarkeria guztiak aztertzeko, guztiok bestearen minaren inguruan enpatizatzeko, egia, justizia eta erreparazioa ardatz izateko. Bide horren amaieran gaitasun handiagoa izango dugu hain zailak diren gauza batzuk esateko.

Zuk duela egun batzuk Donostian Birra bat saioan aitortu zenuen gai zarela esateko ETAk hiltzea ez zela ondo egon eta hausnarketa kritiko bat egiten duzula haren ibilbideaz.

Beste kontu batzuk ere aipatu nituen saio hartan. Hor daude torturak, GAL, sakabanaketa... Denon artean lanketa bat egiteko dugu, guztiontzat eremu bat osatzeko. Bestela, zauriak ireki egiten dira; historiak erakutsi izan digu. Hitz berriak behar dira.

«Erreskate soziala» da EH Bilduren programako ardatzetako bat: 1.200 euroko oinarrizko soldata, 40.000 lanpostu publiko berri, 800 milioiko funtsa industria biziberritzeko, 1.080 euroko oinarrizko pentsioak... Dirurik ba al dago horretarako?

Dirua badago, eta diru gehiago egon daiteke. Adibidez, AHTan izugarrizko diru pila ari gara gastatzen, egitasmoa amaituko den inolako bermerik izan gabe. Egoskorkeria baten kronika bat da AHTarena. EH Bilduk moratoria bat eskatu du, hor erabiltzen ari diren dirua beste behar batzuetara bideratzeko. Esaterako, pobreziari erantzun bat eman beharko genioke. Izan ere, pertsonak ez al dira gure lehentasun?

Non leudeke diru iturri gehiago zuen egitasmoak gauzatzeko?

Presio fiskala da beste iturri bat. Euskal gehiengo sindikalak dio EAEko presio fiskala %30,9 dela eta euroaren eremuko batez bestekoa, %41,5. Hor ere egon behar gara europarren pare. Beste diru iturri bat: iruzur fiskala saihesteko lan egitea. Eta 40.000 enplegu publiko sortzeak ere sortuko luke aberastasunik.

Erraz hitz egiten ari zaretela leporatu dizue EAJk.

Agian, irudituko zaio arratsalde batean kafe baten bueltan egindako planteamendu bat dela. Denon Herria egitasmoan ariketa garrantzitsu bat egin dugu, etorkizuneko euskal estatuaren liburu zuriaren lehen ekarpena izan daitekeelako. Hor jaso duguna, gauzatu daitekeelako jaso dugu.

BERRIAn argitaratua (2016/09/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA