astekaria 2016/09/23
arrowItzuli

iritzia

Motxila

Miren Amuriza

Motxila Miren Amuriza

Oholtzan gertatzen da lantzean behin. Entzuten duzu bertso bat eta zalantzan geratzen zara: ez dakizu motxa zaren, alegia, ideia zuk harrapatzeko baino sakonagoa izan den, ala sinpleki kantariak ez duen ezer esan. Handik denboragarrenera, aditzen duzu ostera ere, edo irakurtzen nonbaiten, eta orduan bai, ulertzen duzu (edo ez). Gisako zerbait gertatzen zait Pili Zabalaren adierazpenekin. Sarean dabiltza, esate baterako, lehendakarigaiak (gaztelera jatorrean) kanpainarako baliatu dituen hainbat titular: «Ez ezkerrekoa, ez eskumakoa, ez feminista, gizaki bat naiz», edota «Ez dugu iraganeko motxilarik, eta gure proposamenak giza eskubideen defentsatik eta biktima guztien errekonozimendutik abiatzen dira. Geroari begiratzen diogu eta iraganaren memoria kritikoa eraikitzen dugu». Ea norbaitek esplikatzen didan (oraingoan ere ez baitiot harrapatu) ideologiarik eta iraganik ezean, memoriaren ikuspegi kritikoa zertan oinarritzen duen. Gauza bat da politikagintzan esperientziarik ez izatea, Elkarrekin Podemosek abantailatzat aurkezten du, eta aizu, zilegi da kanpaina egiteko nork bere ezaugarriak esplotatzea. Besterik da, ordea, esperientzia politikorik ez edukitzea (deitu «motxila», «iragan», «bizitza» edo gura den moduan), eta hori, zelakoa edo halakoa, denok daukagu. Baita Zabalak eta koalizio moreko hautagaiek ere.

BERRIAn argitaratua (2016/09/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA