astekaria 2016/09/23
arrowItzuli

bizigiro

Hazi egin da kontsumoa

Iker Tubia

Hazi egin da kontsumoa

Txia, lioa, kalamua, sesamoa... Halako hitzak geroz eta ohikoagoak dira eguneroko dietaz aritzean. Izan ere, hazten ari da hazien kontsumoa. Boladan dago janaria prestatzean haziak erabiltzea. Batzuek, boladari jarraikiz, eta besteek, osasunarengatik kezkaturik, baina kontsumoa handitzen ari da. Horren lekuko, haziak supermerkatuetan ere eros daitezke.

Elikadura aldatu egin da azken 30 urteetan. Hala uste du Arantza Lorenzo nutrizionistak. Baina pertsona guziek ez dute modu berean aldatu. Batzuek okerrera egin dute, eta aurretik prestaturiko jakiak kontsumitzen dituzte geroz eta gehiago. Beste batzuek, berriz, kontrako bidea hartu dute: jakiei buruz informatzen dira, elikadurarengatik arduratu egiten dira, eta elikadura orekatua egiten saiatzen dira. Horrek ere izanen zuen eraginik haziak boladan jartzean.

Baina, horren atzean hainbat faktore daude. Boladak alor guzietan izaten dira, eta elikaduran ere bai. «Pentsatzen dut geroz eta ezagutza gehiago dagoela elikaduraren eta elikagaien inguruan, eta, noski, saltzeko gogoa ere badago. Dena loturik dago. Baina egia da hobeto ezagutzen dela, eta horrek elikadura eskaintza zabaldu egiten du pixkanaka», esan du Lorenzok. Dena den, hura ez dago arduraturik haziekin negozioa egin nahi dutenekin. Izan ere, haziak kontsumitzearen aldekoa da nutrizionista: «Ni hazien aldekoa naiz, modak gorabehera, haien propietateak nutrizioaren ikuspuntutik onuragarriak direlako».

Haziek, batik bat, zuntza eskaintzen dute. Fruta eta barazkietan izaten da bereziki, baita zereal integraletan ere. Zuntza oso garrantzitsua da hesteen mugikortasunerako, idorreria saihesteko, eta, horrekin batera, baita hainbat gaixotasuni izkin egiteko ere. Gainera, odolean ez da hainbeste kolesterol pilatzen zuntza hartuz gero. «Hazi gehienek koipea dute, baina koipe ona, asegabea. Hau da, gure odoleko kolesterol kaltegarria jaisten duen koipea», gehitu du Lorenzok. Horretaz gainera, glukosa gutxiago pilatzen da gorputzean. «Zuntzak propietate on pila bat ditu, eta haziek hori eskaintzen digute».

Ez da hori haziek duten onura bakarra. Boladan diren elikagai horiek gatz mineralak eta bitaminak eskaintzen dituzte: kaltzioa, burdina, magnesioa, fosforoa, potasioa... eta A bitaminak, E bitaminak... «Batez ere aurrez prestatutako janariak oso pobreak izaten dira gatz mineraletan eta bitaminetan; normalean, kaloria asko izaten dute, eta koipe kaltegarri asko», azaldu du nutrizionista. Hala, onura horiek guziak sustatu beharreko elikagai bihurtzen ditu haziak, Lorenzoren aburuz: «Boladak alde batera utzita, nik haziak erabiltzea bultzatuko nuke, frutak eta barazkiak edo beste zereal batzuk kontsumitzen ditugun bezala».

Eskaria handitu da

Haziak boladan daudela agerian uzten duen beste faktore bat okindegiak dira. Geroz eta gehiago ikusten dira haziekin egindako ogiak eta opilak. Produktua ona bada ere, neurria ere garrantzitsua da kasu horretan. Egunean barra laurdena edo erdia jatea —norberaren beharren arabera— aski da. «Ogi normala eta haziak dituena berdin jan behar dira. Batzuetan, goxoagoa delako edo errazago sartzen delako, izan daiteke gehiago jateko joera; beraz, kopurua kontrolatu behar da», ohartarazi du nutrizionistak.

Hazien bolada antzeman dute saltokietan ere. Saltoki txikietan eta espezializatuetan ez ezik, saltoki handietan ere ohikoak dira haziak dagoeneko. Panpi Mailharinek aspaldi ditu haziak dendan, eta bilakaera hori gertutik ikusi du. Berriozarko (Nafarroa) Ekia Biodendako arduraduna da bera. «Jendeak irakurtzen duenez eta kasu egiten dionez telebistan eta ikusten duenari, igo egin da kontsumoa. Jendeari zaintzea gustatzen zaio», esan du.

Haren aburuz, txia haziak dira batik bat boladan daudenak, eta asko igo da haien salmenta. Kalamua ere geroz eta gehiago saltzen ari dira, bai hazietan eta baita hautsetan ere. Horrekin batera, sesamoa eta lioa saltzen dira asko, baina lehenagotik ere saltzen zutela azaldu du Mailharinek. Bestalde, ekilore eta kalabaza haziak aspaldi daude merkatuan, eta kontsumoa ohikoa eta zabaldua dela uste du.

Herritarren sukaldeetara sartzen ari dira haziak, baina sukalde profesionaletan aspaldi dute tokia. «Nik beti ezagutu ditut haziak, eta asko erabili izan dira sukaldaritzan. Kontua da ez dutela izan protagonismorik platerean, beti erabili izan direlako osagai modura: legatz platerean legatzak du nagusitasuna, ez haziak», esan du Arzak jatetxeko Igor Zalakain sukaldariak. Haren kasuan, haziak eta espeziak jomugan izan ditu beti. «Beti izan dugu joko moduko bat: bidaietatik haziak edo, bestela, espeziak ekartzen ditugu, eta ekartzen dizkigute ere».

Hamaika aukera

Nutrizioaren ikuspegitik onak izateaz gainera, aukera asko eskaintzen dute haziek sukaldean. Horixe nabarmendu du Zalakainek. «Haziekin milaka gauza egin ditzakezu beste osagaiekin batera: gordinik erabil ditzakezu, gailetatxoak egin ditzakezu, ernamuindu daitezke, egosi daitezke eta ondoren lehortu, eta gero suflatu... Haziek jokoa ematen dute prestaketa askorako». Izan ere, erabil litezke jaki gozoetan, baina baita gazietan ere. «Kontua da ongi pentsatzea zer egin nahi duzun. Bere neurrian, presentzia egokian, plater batean garrantzi handia izan dezakete haziek».

Itxura ere garrantzitsua izaten da sukaldean, begietatik ere jaten baitu gizakiak. Haziek platera edertzen ere lagundu dezakete. «Norbere gustuen arabera, eta norberaren imajinazioaren arabera erabil daitezke haziak janaria prestatzerako garaian. Platera zaporearen aldetik, itxura aldetik, eta nutrizioaren aldetik aberasten dute», adierazi du Lorenzok. Nutrizionistak uste du hamaika aukera daudela, eta, gainera, beste elikagai batzuen ordainetan ere erabil daitekeela. Adibidez, lasagna batean, gainetik gazta birrindua bota beharrean, haziak botatzen ahal dira.

Platerak aberasteko ez ezik, beste batzuen jaki ohituren onerako ere izan daitezke haziak. Lorenzok gogorarazi du zeliakoek eta glutenarekiko sentikorrak dutenek haziak kontsumitzeko arazorik ez dutela: «Irinak-eta ezin dituzte jan, eta bada haien elikadura aberasteko modu bat. Batzuetan, zailtasunak dituzte bitaminak eta gatz mineralak eskuratzeko, eta hau aukera bat da». Berdin barazkijale edo beganoen kasuan. Adibidez, esnekiak hartzen ez dituztenek, ez badituzte kaltzio beharrak asetzen, haziek horretarako aukera ematen diete. «Beste janari batzuekin konbinatuz, haziek aukera ematen dute elikadura osatuagoa izateko, eta gabeziarik ez izateko», borobildu du nutrizionistak.

Onak ez diren haziak

Joan den astetik bolo-bolo dabil hazien kontua. Izan ere, Alemaniako Bayer botika enpresak Monsanto transgeniko ekoizle estatubatuarra erosiko du 66.000 milioi dolarren truke (59.000 milioi euro gutxi gorabehera). Erosketa horrekin munduko hazi eta ongarri enpresarik handienetako bat sortu nahi du Bayerrek.

Alde horretatik, Zalakainek esan du haiek ez dituztela erabiltzen hazi transgenikoak. «Guk beti kasu egin diogu ahalik eta kalitate handieneko haziak lortzeari», dio. Bide beretik mintzatu da Mailharin. Bezeroek informazioa eskatzen dute hazien inguruan. «Txiaren kontuan, esaterako: saltoki handietan ere badaude, baina ez dira ekologikoak. Kontuz ibili behar da, pestizida asko erabiltzen dutelako. Izan zen alerta bat pestizida hondar franko zutelako haziek, horregatik etortzen dira ekologikoaren bila».

Elikadura aldatu den bezala, izanen dira haziaren kalitateari erreparatzen diotenak, eta edozein erosten dutenak. Arrazoia edozein izanda ere, haziak geroz eta ohikoagoak dira edozein etxeetako sukaldeetan.

BERRIAn argitaratua (2016/09/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA