astekaria 2016/09/23
arrowItzuli

iritzia

Bisita X.-i

Elixabete Garmendia Lasa

Bisita X.-i Elixabete Garmendia Lasa

Despeñaperrosetik behera, olibondoz betetako muinoak, olio-usain sarkorra, adelfa zuri eta arrosak bide bazterrean... Umetatik Andaluziaz daukadan irudia ?sentipen ere badena? aldi oro berpizten zait. Irudi hori oliba-lata handi batetik dator: emakumezko flamenko bat, Julio Romero de Torresek pintatzen zituen haien tankerakoa, La Española izenekoa edo, eta harekintxe imajinatu nuen nolakoa izan behar zuen Andaluziak. Kontua da gerora behin eta berriz konfirmatu zaidala topiko hura, Atlantikoak eta Mediterraneoak bat egiten duten lurralde zabalak etengabe aurpegi berriak erakusten dizkidan arren.

Aurten Cazorlako mendikateari egin diot kosk. Europan dagoen bigarren parke naturalik handiena, omen, Alemaniako Oihan Beltzaren atzetik. Alpujarrarekin gertatzen den bezala, Cazorlak ere Andaluzia menditarra erakusten du, arketipoari bestelako ñabardurak erantsiz.

Han ibili eta berrogeita zortzi ordura Kordobako kartzelan ginen, X.-i bisita egiten. «Cazorla? Jaenen? Uff!!», eta zimurtu egin zitzaion aurpegia, han ezer onik egon litekeenik sinetsi ezinda bezala.

X.-ek Cazorlako mendietara joaterik izango balu, ziur gogoko izango lituzkeela. Baina X.-ek ziegako leihotik ageri den zeru zatia eta, asko jota, trasladoetako furgoiko leihatilatik suma daitekeena besterik ez du ikusi ahal izan Andaluziako paisaiatik, nahiz eta urteak daramatzan han. Kordobakoaren aurretik Jaengo kartzelan egon zen, eta haren aurretik Almerian... eta horrela, betiere Zezen Larruaren beheko partean.

X. isolamenduan dago; horrek esan nahi du egunean lau ordu besterik ez daukala patiora ateratzeko; gainerako hogei orduak txaboloan igaro behar ditu. X.-ek Euskal Filologia hasi zuen, baina presondegietako zuzendaritzak Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleei bidea itxi zienean, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitatera (UNED) eta Filologia Hispanikora aldatu behar izan zuen. Irakasleekin aurrez aurreko harremanik ez, laguntzaile bat joaten zaie kartzelara ikasketa materialez apur bat hornitzeko. Ze Interneterako sarbiderik ez dute presoek; eskuliburuak, horixe baimenduta daukaten bitarteko bakarra. X.-i ikasketak interesatzen zaizkio ez bakarrik gustuko zeregin bat izateko eta bere burua janzteko; ikasketengatik zigorra laburtu daiteke... baldin eta ikasturtea gainditzen baduzu.

Hemeretzi urte daramatza X.-ek espetxean; onenera jota, 2020an irtengo da; bestela, 2023an. Luzetsita dago: «Bost urte joan dira, eta ez da ezer mugitu». Bost urte ETAk jardun armatua utzi zuenetik. X.-ek etxera gerturatzea du amets; ziegako leihotik hemengo zeru zatia ikustea, lainotua eta beluna egon arren.

X. bider laurehun: hori da egin beharreko eragiketa. Izan ere, laurehunen bueltan dira oraindik Espainia eta Frantziako espetxeetan dauden euskal presoak. Kopuruetan sartuta, laurehun dira kartzeletara bidean senide eta lagunek izandako istripuak; hildakoak, hamasei. Etxerat-ek beste kalkulu batzuk ere egin ditu: 1989an sakabanatze politika hasi zutenetik, bost mila haurrengan izan du eragina; orain bertan, milaren bat haurri dagokie. Datu horiek Dispertsioaren haurrak izeneko txostenean daude.

San Inazio egunean, Loiolan, Urkullu lehendakariak uko egin zion txosten hori eskuetan hartzeari. Etxerat-ekoen bigarren saiakeran, Arantzazun, jaso zuen; ez oso adeitsu, telebistako irudietan ageri zenez. Jarrerak eta keinuak esanguratsuak dira.

«Elkarbizitza sendotu» dio Urkullu lehendakarigaiak hauteskundeei begira aurkeztu duen egitasmoaren laugarren puntuak. Helburu hori lortzeko baldintza ezinbestekoa da presoen auzia giza eskubideek agintzen duten parametroetan sartzea. Eta horretarako, lehen neurria da dispertsioaren zorigaitzeko aldia itxi eta presoak herriratzea. Beste guztia mendekua betikotzea da. Kanpotik xaxatutako mendekua, gainera.

BERRIAn argitaratua (2016/09/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA