astekaria 2016/09/23
arrowItzuli

ekonomia

BADU ZENTZURIK 'BRIC' MULTZOAK?

Ivan Santamaria

BADU ZENTZURIK 'BRIC' MULTZOAK?

Ez da erraza garai historiko bat edo mugimendu bat definituko duen hitza aurkitzea. Are gutxiago, asmatutako horrek arrakasta izatea. Baina biak lortu zituen Jim O'Neill ekonomistak, BRIC kontzeptua plazaratu zuenean. Ingelesez, Brasil, Errusia, India eta Txinaren lehen letrak baliatzen dituen akronimoa da. Globalizazioaren eskutik agertu diren potentzia ekonomiko berrien eta mundu multipolarraren aroan ezinbesteko bihurtu da laburdura.

Azaroan hamabost urte beteko dira lehen aldiz BRIC kontzeptua erabili zenetik. Goldman Sachs inbertsio bankuko ikerketa burua zen orduan O'Neill. Munduko ekonomian gertatzen ari zen lekualdatzea aztertu zuen, eta nabarmendu zituen bi ideia. Batetik, herrialde aurreratuek baino askoz ere biziago haziko zirela Brasilgo, Errusiako, Indiako eta Txinako ekonomiak. Bestetik, loraldi hura ikusita ea munduko arkitektura ekonomiko globalean —oraindik G7k menperatzen zuena— lekurik egin behar ote zitzaien planteatzen zuen.

Bietan asmatu zuen ekonomistak. Lau herrialde horiek gorabidean den mundua ordezkatu dute, ordena ekonomiko zaharraren aurrean. Building better economic BRICs izenburua jarri zion testuari. Hitz-joko bat da, ingelesez brick hitzak adreilu esan nahi duelako. Adreilu ekonomiko global hobeagoak eraikitzea eskatzen zuen tesi nagusiak.

Hamarkada eta erdi pasatu da ordudanik, eta egoera oso bestelakoa da. Taldeko bi herrialde —Errusia eta Brasil— krisi sakonetan eta atzeraldian sartuta daude. Txinaren bultzada ustez menperakaitza leuntzen ari da, eta ekonomia garatuei dagozkion ajeak agertzen hasi zaizkio. Indiak eusten dio soilik mende hasieran eragin zuen zirrarari, oraingoz behintzat. Lau herrialdeen artean dauden ezberdintasun sakonak handiagotu dira azken urteotan. Badu oraindik zentzurik lau ekonomia horiek talde gisa hartzea?

«Ez zait iruditzen hainbeste gauza komun dutenik», azaldu du Andoni Maiza EHUko Ekonomia irakasleak, «erabilgarria izan zen une batean, deskribatzeko herrialde horien hazkundea oso bizia zela, gehien garaturiko herrialde txikia zen bitartean». Azken finean, O'Neillen definizioan bertan oso lotura arina zegoen lau herrialde horien artean. Ezaugarri nagusiak ziren hazkunde ekonomiko bizkorra izateko ahalmena, eta populazio nahiz hedadura handiko herrialdeak izatea. Horrek bihurtu zituen bloke.

Milurteko berriak aurrera egin ahala BRIC herrialdeen arrakasta ukaezina izan zen. 1980. eta 2000. urteen artean herrialde garatuen batez besteko hazkundea %2,9 izan zen, eta %3,6 gorabidean dauden herrialdeena. 2000. eta 2010. urteen artean, berriz, aurreratuetan barne produktu gordinaren batez besteko igoera %1,9ra jaitsi zen, eta BRIC taldeko herrialdeena %7,9 izateraino igo zen. Hazkunde makina geldiezinak izango ziren ustea ere zabaldu zen. «Garai batean pentsatzen zen krisi ekonomikoak amaituta zeudela. Hazkunde ekonomikoa agian txikiagoa izango zela, baina ez zuela etenik izango. Baina gero krisiak iritsi dira, eta arazoak izan dituzte», zehaztu du Maizak.

Hasieran, espero zitekeen bultzada horri esker BRIC herrialdeek botere ekonomiko nagusiei —AEB, Europa eta Japoniari— lekua hartzea. Multzo gisa hartuta, hala izan da dudarik gabe. 2001ean, munduko aberastasun nominalaren %8 sortzen zuten, eta aurten %22 izatea aurreikusita dago. Neurketa eginda, erosteko ahalmen parekidean —prezioek eragiten duten distortsioa zuzentzen dituen zenbaketa— gorakada argia dago, halaber: %18tik %30era. Igoera gehiena dator Europak eta AEBek izan duten pisu galeratik.

Arrakasta global horrek ez du errealitate osoa egoki islatzen. Funtsean, BRIC herrialdeen itxurazko loraldi horren atzean Txinaren indarraldia dago, batez ere. Blokeak munduko aberastasunean duen parte hartze handiagoaren hiru laurden baino gehiago dagozkio Asiako erraldoiaren hedapen bizkorrari. Indiaren ekarpena txikiagoa izan da, eta, erosahalmen parekideari erreparatuz gero, Brasil eta Errusia daude orain dela hamabost urte baino okerrago. Hots, pisua galdu dute, azken urteetako krisien eraginez. Horrek ez du esan nahi hamarkada galdua denik. Brasil, esaterako, gai izan da % 65 jaisteko muturreko pobrezian dagoen herritar kopurua. Lorpen hura ezin da oharkabean pasatu.

2008. urtean hasitako finantza krisiaren ondotik decoupling teoria formulatu zuten hainbat adituk, munduko norabide ekonomikoak bitan banatuko ziren ustea adierazteko. Herri garatuek finantza gehiegikerien ondorioz atzeraldiak eta hazkunde txikiak izan zituzten bitartean, baina gorabidean diren herrialdeek aurrera egiten jarraitu zuten, eraginik nabaritu gabe. Haatik, dagoeneko, globalizazioak nabarmen handituak ditu elkarrenganako dependentziak, eta banaketaren teoria hori ez da gauzatu.

Orain, gorabidean diren herrialdeetara igaro da krisiaren itzala. «Azken 30 urteetan esportazioen inguruan eta atzerriko inbertsioekin baliatu dira, baina azken lauzpabost urteotan arazoak dituzte erritmo horri eusteko, eta zalantzak daude etorkizunari buruz», azaldu du Maiza irakasleak.

Aliantza lausoa

Antzekotasunak eta ezberdintasun argiak daude. Brasilek edo Errusiak lehengaien esportazioari etekin handia atera diote, eta horien prezioa hondoratzeak eraman ditu zulora. Errusian gehitu behar zaizkio ezarri dizkioten zigorrak Krimeako gatazka dela-eta, eta Brasilen, ustelkeria kasuak eta Dilma Rousseffen kargugabetze polemikoak piztu duen zalaparta. Txinari dagokionez, munduko fabrika izateko bideak goia jo du, eta esportazioan oinarritutako eredu ekonomiko batetik barne kontsumoan oinarritutako batera mugitzeko prozesua hasi du. Ez da bide erraza izaten ari, ordea. Zorpetze pribatu handiaren zama eta arriskua kudeatu behar ditu Txinak, halaber.

BRIC kontzeptuaren garapen deigarriena da hasi zela inbertsio banku batek sortutako multzo arbitrario gisa, baina definizioa zabaldu eta horren erabilera ohiko bihurtu ahala, bere buruaren kontzientzia hartu zuen taldeak berak. 2009. urtean lehen aldiz batzartu ziren lau herrialdeetako gobernuburuak, Jekaterinburgon (Errusia). Harrezkero eutsi diote bilgune horri eta iraunkor bihurtu dute, herrialde garatuek urte luzez G7 izan zuten gisara.

Aliantza lausoa dela uste du Maizak. «Bilera batzuk egin dituzte, baina ez dituzte lortu akordio benetan sendoak. Munduan dagoen arkitektura ekonomiko horretan euren burua aurkeztu dute alternatiba gisa». Ziur aski, batzen dituen elementu nagusia hori izan da, AEBen itzalean sortutako erakunde ekonomikoetan eta ordena globalean presentzia handiagoa izateko nahia. Ondoren, eztabaida global batzuetan —klima aldaketa, esaterako—, herrialde bakoitzak bere interesak eta bidea defendatu ohi ditu.

Alternatiba izaera hori indartzeko asmoz, 2011. urtean beste hizki bat gehitu zitzaion taldeari. Hegoafrika sartuta, BRICS bihurtu zen izen ofiziala. Batez ere, kontinente oso baterako sarbide gisa uler liteke Hegoafrikaren presentzia. Hots, BRIC herrialdeek mila milioi biztanle dituen kontinente batean eragina izateko giltza. Hegoafrika ere ez da krisiaz libratu. Ekonomiak ez du hazkunderik izango aurten, eta Jacob Zuma presidenteari lotutako ustelkeria kasuek ezinegon handia piztu dute. Haren alderdiak, ANC Afrikako Kongresu Nazionalak, boterea galtzeko aukera gorpuzten ari da.

Edonola ere, BRICS herrialdeen loraldiak dagoeneko aldatua du nazioarteko ordena ekonomikoa. Munduko hamar biztanletik lau ordezkatzen dituzte. Inon baino gehiago, G20ko taldean ikus liteke hori. Finantza krisiaren ondoren, G20koa bihurtu da nazioarteko elkargune ekonomiko nagusia, eta BRICS herrialdeek mahaia partekatzen dute botere ekonomiko tradizionalekin.

Beste erakunde batzuetan daukaten indarra handitzeko ere borrokatu dira. NDF Nazioarteko Diru Funtsak bi aldiz aldatu du azken urteotan kuota eta boto sistema, gorabidean diren herrialdeen hazkundera egokitzeko asmoz. Taldeko herrialdeek lortu dituzte boto eskubide gehiago, baina oraindik ere mesfidantzaz ikusten dituzte NDF eta MB Munduko Bankua. NDFn, esaterako, erabaki kritiko guztiak botoen %85 biltzea eskatzen dute, eta praktikan AEBei beto eskubidea ematen die horrek. Proiektu propioak garatu dituzte Txinak eta gainerako bazkideek, bestelako egiturak ahalbidetzeko. Taldeak NDB Garapenerako Banku Berria sortu du, eta lehen kredituak eman ditu aurten.

Gobernantza ekonomiko globalean geroz eta eragin handiagoa izatearekin batera, azken hamarkada baliatu dute multzoko herrialde guztiek euren nazioarteko proiekzio publikoa indartzeko, kirol lehiaketa garrantzitsuenak antolatuta. Olinpiar Jokoak eta FIFAren Munduko Futbol Kopa dira horren erakusgarri.

Garaiak aldatu dira, eta haizea kontra jarri zaie orain. BRIC kontzeptua asmatu zuen bankuak herrialde horiei lotutako inbertsio funtsa itxi zuen iazko azaroan. Aurreko bost urteotan %21eko galera pilatu zuen. Krisiek eta arazo politikoek ilundu dute potentzia ekonomiko berrien jauzia. Baina egin dituzten aurrerapenak ez dira orain desagertuko. «Garrantzia bai izango dute oraindik, baita etorkizunean ere, baina iruditzen zait ez dela izango hazkunde amaigabeko amets hura. Dirudienez, bukatu da hazkunde handiko fase hori, eta ematen du aurrera begira gorabeherak izango dituztela, gainerako herrialde garatuek bezala», laburbildu du Maizak.

BERRIAn argitaratua (2016/09/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA