astekaria 2016/09/23
arrowItzuli

gizartea

JOSE LUIS MENDOZA

«Lege zirrikitu guztiak aztertzen ari gara LOMCEren eragina txikitzeko»

Ion Orzaiz

«Lege zirrikitu guztiak aztertzen ari gara LOMCEren eragina txikitzeko»

Ekaitzaren begian egon zen Jose Luis Mendoza (Carcar, 1954) Hezkuntza kontseilaria lauko gobernuaren lehen urtebetean. Aldaketak iragarri ditu orain hasi den ikasturterako.

Ikasturte berria abiatu da. Iazkoa baino lasaiagoa?

Bai, zalantzarik gabe [barrez]. Lasaitasun handiagoa dugu aurten, eta eskarmentu gehiago. Iaz, UPNren gobernuak utzitako egoera gobernatu beste aukerarik ez genuen izan; haien baldintzen arabera jarri genuen martxan dena. Aurten, berriz, denbora izan dugu gauzak planifikatzeko, eta nabari da, normaltasun osoz abiatu baita ikasturtea, istilurik edo arazo nabarmenik gabe.

Berritasunen artean dago D eredua eremu ez-euskalduneko hiru ikastetxetan zabaldu izana: Tafallan, Lodosan eta Caparroson. «Porrota» izan dela dio eskuinak...

Nire ustez, aurrera urrats garrantzitsua da sare publikoan euskaraz ikasteko modurik ez zutenei aukera ematea. Hori da faktorerik inportanteena, eta aintzat hartu beharrekoa: zorionez, hainbeste urteren ondoren, eremu ez-euskalduneko familien eskubideak errespetatu direla estreinakoz. Hiru ikastetxe horiez gainera, ordea, garraio eta jantoki zerbitzua ere ezarri ditugu, euren herrian bertan D ereduko eskaintzarik ez duten ikasleentzat. Deigarria iruditzen zait urteetan oztopoak jarri besterik egin ez duten horiek izatea, hain justu, porrot hitza erabiltzen dutenak.

Sindikatu eta elkarte batzuen arabera, D ereduaren ezarpena are handiagoa zatekeen, kanpaina instituzional eraginkor bat abiatu izan balitz. Ados al zaude?

D ereduaren eskaintza zabaldu zenetik lehen matrikulazio kanpaina izan da aurtengoa, eta beti dago gauzak hobetzeko tartea, jakina. Baina ez da egia sustapen lana egin ez dugunik: informazio kanpaina bat egin genuen hezkuntza publikoaren alde, eta nik neuk gutun bat bidali nien 3 urteko haurren gurasoei, hezkuntza ereduen berri emateko. Egia da kanpaina nabarmenki informatiboa izan zela, matrikulazioa oso kontu korapilatsua izaten delako. Gauzak sinplifikatzea eta jendea ez nahastea, hori izan zen gure erronka aurtengo matrikulazio kanpainan.

Eta datorren ikasturteari begira, zer?

Ikusteko dago. Aurtengo emaitzak aztertu, balorazioa egin eta aukerak planteatuko ditugu, noski. Horren arabera diseinatuko dugu heldu den ikasturteko aurrematrikulazio kanpaina.

1990eko hamarkadan, euskarazko hezkuntzaren aldeko kanpaina instituzionalak egiten zituen UPNren gobernuak. Gaur egun, ordea, tabua ematen du. Zer aldatu da?

Garai hartan, gobernuarentzat lan egiten nuen nik, Hizkuntza Politika Departamentuan. Euskara, denona izeneko kanpaina egin genuen, hizkuntza gizarte osoaren aberastasuna dela adierazteko, eta inork ez zuen hori zalantzan jarri. Ezta UPNk ere. Ordutik, baina, arma bihurtu dute euskara, eta arerio politikoari kalte egiteko tresna gisa erabiltzen dute. Hori da, funtsean, aldatu dena. Nik behin baino gehiagotan galdetu izan diet: Belgikako eredua da Nafarroarentzat nahi duzuena? Hizkuntza komunitateen araberako banaketa administratibo bat?

Madrilera begira hasi duzue ikasturtea, LOMCE legea dela eta.

Tamalez, ohituta gaude Madrilera begira egotera. Eta LOMCEri dagokionez, buru gainean jarri diguten harlauza da. Madrilen aukera izan dute, hasieratik beretik, legea gelditzeko, baina ez dute halakorik egin. Martxoan, adibidez, PSOEk proposamena aurkeztu zuen Espainiako Kongresuan, baina jada ez zen legea behin betiko indargabetzeko, eteteko baizik. Gure jarrera garbia da: LOMCEren aurka egon gara beti, eta legea indargabetzeko eskatzen dugu. Hezkuntza komunitatean nahiz esparru politikoan kontsentsu zabala dago lege horren kontra, eta hor kokatzen gara gu ere.

LOMCEren aurka egonda ere, errebalidak ezarriko dituzue?

Teorian, errebalidak egitera behartuta gaude, Madrilen gertatuko denaren zain, baina aukera guztiak aztertzen ari gara, jakin baitakigu azterketa horiek —eta LOMCEren aplikazioak, oro har— ez digutela ezer onik ekarriko. Atzeko ate eta lege zirrikitu guztiak arakatzen ari gara, LOMCEk eragin ditzakeen kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen.

Estebe Petrizan eta Juan Ramon Elorz, departamentuko bi zuzendari nagusiak, kargutik kendu zenituzten abuztu bukaeran. Gobernu krisi bat al da hori?

Ez. Politikaren munduan, aldaketak zigor edo lema kolpe gisa ulertzen dituzte askok, eta ez da hori gure interpretazioa, inondik inora. Guk badugu bide orri bat, eta lehen fasea bete dugu dagoeneko: Hezkuntza Departamentura sartu, egoera aztertu, ebaluazio bat egin, hobetu beharrekoa identifikatu... Hori izan da bidearen lehen zatia. Aurrenekoa eginda, beste fase bati helduko diogu orain, eta une bakoitzean, pertsonarik egokienak nahi ditugu ardurazko postuetan. Ez da izan goitik behera hartutako erabaki hierarkiko bat.

Beraz, ontzat jotzen duzu Estebe Petrizan eta Juan Ramon Elorz zuzendari nagusiek azken urtebetean eginiko lana?

Ontzat jo? Ez. Haien lana ez da ona izan soilik, primerakoa izan da. Kargugabetzeak ez du zerikusirik pertsona horiek eginiko lanarekin; baina, gaur egun, zuzendari nagusi postua betetzeko eta erronka berriei heltzeko pertsona egokiagoak daudela pentsatzen dugu. Ez da egon itzalpeko motibaziorik.

Oposizioak ez du ikuspuntu horrekin bat egiten. Adibidez, PSNko Carlos Gimenok esan du «urtebetean eginiko okerrak aitortzen» ari zaretela zuzendariak kargutik kenduta...

Gimeno jaunak eta gainontzeko legebiltzarkideek nahi dutena esan dezakete, noski, baina euren arazoa da hori. Joko politikoan ohikoa da halako leloak botatzea, baina erreleboa aurkezteko agerraldian, inortxok ere ez zuen akusazio horiek oinarritzeko daturik eman. Batzuek gogoan izanen dute, akaso, gobernuan zeuden garaian egiten zutena, eta guri leporatzen digute. Auskalo.

Zeure burua kargua galtzeko arriskuan ikusi al duzu inoiz?

Orain arte, lehendakariaren eta gobernuaren konfiantza izan dut. Hala ez balitz, aurrera jarraitzeko indarrik ez banu edo beste pertsona batek nik baino hobeto egin dezakeela pentsatuko banu, dimisioa aurkeztuko nuke berehala. Ez dut arazo handirik horrekin. Gobernu honen alde ari naiz lanean, eta halaxe jarraituko dut, edozein dela ere egokitzen zaidan postua. Lehen esan dudan bezala, kargugabetze bat ez da zigor bat. Proiektu baten alde lan egiten duen talde bat osatzen dugu, eta proiektu horrek du lehentasuna, izen propioen gainetik. Nik ez dut sinisten lidergo mesianikoetan.

Zer nabarmenduko zenuke Roberto Perez Elorza eta Nekane Oroz zuzendari nagusi berriei buruz?

Lehenik eta behin, etxeko langileak direla. Ez dira kanpotik etorritako fitxaketak, ezta paratxutistak ere. Hezkuntza Departamentua ongi ezagutzen dute, eta, horrez gainera, malgutasun izugarria erakutsi dute egoera berriei eta ezusteko arazoei aurre egiteko. Orain arte egiten genituen gauza asko beste modu batera egiteko tenorean, ekarpen handia egin dezakete.

PAI Ingelesez Ikasteko Programaren ebaluazioaz arduratu da Perez Elorza orain arte. Zertan da prozesu hori?

Bukatzear dago. Emaitzak urriaren bukaeran aurkeztuko ditugu Nafarroako Legebiltzarrean. Berez, datorren ikasturteko aurrematrikulazioa planifikatu aurretik, datu guztiak ongi aztertu nahi ditugu, hizkuntzen plangintza trinko bat egiteko.

Zantzu guztien arabera, ebaluazioak ez du PAIren argazki polita erakutsiko. Daturik aurreratu dezakezu?

Urrian emanen dugu eman beharreko informazio guztia, baina nik askotan esan dut, PAI bainoago, PAI ezartzeko modua eta kudeaketa izan zirela aurreko Hezkuntza Departamentuak eginiko okerrik handienak. Foru dekretua atera bai, baina programaren jarraipena egiteaz eta ikastetxeei laguntza emateaz ahaztu egin ziren erabat. Adibidez, ikasturte batean, Nafarroako Gobernuak ebatzi zuen PAI ezartzen zuten ikastetxeek hizkuntza proiektu bat garatu behar zutela, baina ez zuen horretarako baliabiderik eskaini. Horren ondorioz, oso ikastetxe gutxik dute hizkuntza proiektua gaur egun. Ahal bezainbeste hedatu zuten PAI, baina ikastetxeak bazterrean utzi zituzten gero. Urtean bost edo sei ikastetxe sartzen zituzten PAIren barruan hasiera batean, eta maneiatzen erraza zen egoera; UPNren azken legealdian, ordea, 60 ikastetxe berri sartu zituzten hiru urteko epean. 106 dira orain. Hazkunde ikaragarria da hori, denbora tarte labur batean egin zutela kontuan izanda. Egoera gobernaezin bihurtu zen, planifikazio eta baliabide egokirik gabe.

UPNren gobernuak bazekien hori guztia, hala ere...

2012tik, bazuten PAI programaren ezarpen traketsak eraginen zituen arazoei buruzko txosten bat mahai gainean. Bazekiten, adibidez, ingelesezko hezkuntza hainbeste ikastetxetan ezartzeak ekarriko zuela irakasle erdaldun elebakar asko tokirik gaber geratzea. Izan ere, PAI programako ikasgela bakoitzean ingelesezko C1 maila duen irakasle bat jarri behar dugu, eta lehendik zeuden tutore elebakarrekin zer gertatzen da? Bada, orain arte lortu dugu funtzionario horiek Lehen Hezkuntzan birkokatzea, baina bi urte barru sobera egonen dira. Lekurik gabe. Zirudiena baino askoz larriagoa da arazoa, eta UPNk bazekien, baina ikuskaritza zerbitzuen ohartarazpenen kontra ere, aurrera egitea erabaki zuen.

Badirudi PAI ezartzeak kale itsu batera eraman zuela Hezkuntza Departamentua. Nola aterako zarete hortik?

Zaila da, baina iaz hasi ginen neurri eraginkorrak hartzen. Esate baterako, irakasleen prestakuntza indartu dugu, eta horren froga da UPNk aurreko legealdi osoan baino gehiago inbertitu dugula guk ikasturte bakar batean.

PAIren hedatzea eten zenuten, ebaluazioa egin ahal izateko. Hemendik aurrera, zer?

Etenaldia egin genuen, bai, itun programatikoan adostutakoari jarraiki. Ebaluazioaren datu guztiak aztertzen ditugunean, heldu den ikasturteko plangintzaren ildo nagusiak zehaztuko ditugu, hizkuntzen tratamendu integratu baten alde. Egungo hezkuntza ereduak gainditzearen aldeko gogoeta egina dugu, baina datuak mahai gainean eduki arte, ezin dugu erabakirik hartu.

Zenbait alderdi eta sindikatuk D ereduarekiko duten jarrera ikusirik, litekeena da gatazkak sortzea irakasle euskaldunak kontratatzeko deialdiak egiten dituzuen aldiro...

Bai, bai, argi dugu. Aurreko gobernuak bultzatu egin gintuen egoera honetara, eta orain politikoki baliatu nahi dute gure kontra, baina saiatuko gara egoerari buelta ematen.

Baina arazoa ez da soilik UPNrena edo oposizioarena. Gobernua babesten duten talde batzuek ere kalapita sortu zuten LEP lan eskaintza publikoaren harira. Ezkerrak, esate baterako.

Bai. Desadostasunak berriz azaleratzeko aukera hor dago, baina gobernu honen ezaugarri bereziek baldintzatzen dute hori. Nafarroako historian lau indar politikoren arteko itun programatiko bat bete behar duen lehen gobernua da hau, eta hori ere kontuan hartzeko modukoa da. Ez da lan samurra. 614 konpromiso barnebiltzen ditu itunak, eta legealdi amaieran ikusiko dugu zenbat bete ditugun eta zenbat gelditu zaizkigun bidean. Horrek emanen digu gure arrakastaren ala gure porrotaren neurri zehatza.

Lan deialdietan, hizkuntzen araberako diskriminazioa bukatu eta kontratazio zerrenda bakarra osatzearen alde al zaude?

Auzi hori mahai gainean dugu. Espainiako Estatu osoan, irakasleen kontratazio zerrendak hizkuntzen arabera banatzen dituen erkidego bakarra da Nafarroa. Azken LEPan, urrats bat egin genuen hori konpontzeko bidean: irakasle euskaldunei aukera eman genien bi azterketetara aurkezteko, euskarazkora nahiz gaztelaniazkora. Nire ustez, pauso garrantzitsua da hori. Gizarteari helarazten zaion mezua da irakasle euskaldunak bi kontratazio zerrendatan egotea ez dela pribilegio bat, eskubide bat baizik. Eta ez hori bakarrik, baliabide publikoak optimizatzea ere bada. Ikuskarien lanpostuekin, adibidez, horixe gertatzen da: ez du zentzurik ikastetxe berean D eredurako ikuskari euskaldun bat jartzeak eta erdarazko ereduetarako, berriz, beste ikuskari elebakar bat kontratatzeak. Ikuskari bakar batek egin ditzake bi lanak, euskaraz baldin badaki. Nire ustez, trantsizio fase batean gaude orain, auzi horri dagokionez.

PPk aurkeztutako Irakasleen Autoritearen Foru Lege proposamena atzera bota du Nafarroako Legebiltzarrak aste honetan bertan. Zer iritzi duzu horri buruz?

Lege proposamena tokiz kanpo zegoela iruditzen zait. Batetik, ez da beharrezkoa, auzia dagoeneko arautua dagoelako; eta, bestetik, irakasleen aurkako erasoak gertatzen direnean zigorrean oinarritutako neurriek ez dutelako ezer konpontzen.

BERRIAn argitaratua (2016/09/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA