astekaria 2016/09/23
arrowItzuli

bizigiro

Haitzetara lotuak

Julen Aperribai

Haitzetara lotuak

Badira afizioa lan bilakatzen dutenak. Baita berekin dakarren konstantzia eta lana eraman ezinda, alde batera uzten dutenak ere. Bi kasu horietatik ezein ez da Alejo Aizpuruarena (Zumaia, Gipuzkoa, 1946), baina etxean ikasitakoari jarraitutasuna ematen jarraitzen du egunero. Aitarengandik ikasi zuen olagarroak harrapatzen, oraindik ere jarraitzen duten bi anaiekin batera. «Artista zen aita, guk ikusten ez genuen lekuan ikusten zuen hark olagarroa», esan du. Gogoan du ama Zarautzera olagarro lehorra saltzera joaten zen garaia; baita, udaltzainen kexak iritsi ziren arte, Zumaiako hainbat leiho eta balkoitan olagarroa lehortzen zirenekoak ere. Oraindik ere lehortzen ditu, Talaimendi mendian duen baratzean. «Horrelako leku bat behar da, usain handia botatzen dute eta», azaldu du. Lehortu eta usteltzean, olagarroak hartzen duen «gorri kolorea» bilatzen du: «Lepotik zintzilik jarri, eta ez etetean dago gakoa», Aizpuruak dioenez. Behin hori lortuta, «hezetasunik gabe» kontserbatu behar da.

Olagarroak harrapatzeko ohitura aspaldikoa da Zumaian, eta, hori dela eta, gaur, Olagarro eguna ospatuko dute herrian.

Zazpi urterekin hasi zenetik hirurogeitik gora igarota, Zumaian arrantzale kopurua nabarmen jaitsi dela nabaritu du Aizpuruak. Belaunaldi berrietara ohitura transmititu den ez daki, baina, bere kasuan behintzat, «etxekoek» ez dute segi aitaren afizioa. Dena den, gazteak ikusten ditu haitzetan, nahiz eta berak horietako asko ezagutu ez. Arrantzatzeko modua ez du aldatu Aizpuruak. Olagarroen marken atzetik ibiltzen da, haiek utzitako arrastoak arakatuz: «Olagarroa ibiltzen den zuloetan begiratu, eta garbitu egiten ditugu. Zikinkeriak estalita geratzen badira, olagarroa ez baita berriz sartzen». Teknika hori erabiltzen da, batez ere, Zumaiako Algorri hondartzatik Deba alderako tartean, «haitzen forma» horretarako egokiagoa baita. Zumaiako Itzurun hondartzako haitzetatik Getaria aldekoetara, kanabera erabiltzen da, bolumen handiagoko haitzak baitaude inguru horretan. «Hala ibiltzen dira gazte asko», dio, «oilasko hanka ere erabiltzen dute batzuk karnatatzat». Algorri hondartza inguruak zenbateraino ezagutzen dituen erakustea ez zaio asko kostatzen. Olagarroak berak itxitako zuloa ikusi orduko jakin du olagarroa han dela, eta, konturatzerako, kakoaren puntatik zintzilik du animalia.

Arrantzatutakoa ez du merkaturatzen Aizpuruak. «Neuretzat egiten dut, baina baita ohitura ez galtzeagatik ere». Produktu preziatua da olagarroa, eta prezio onean saltzen da merkatuan. Lehortzeak dakarren lana, baina, sarritan ahaztu egiten dela uste du: «Eguraldi onarekin azkar lehortzen da, baina, lainotuta egonez gero, egun asko eman ditzakegu olagarroak orain kanpora atera eta gero barrura sartuz, lainoak noiz pasatuko zain gauden bitartean».

Inguruko txoko denak ondo ezagutu izanagatik ere, haitzetan emandako pausoak ondo neurtu beharrekoak izaten dira. «Makina bat kolpe hartutakoa naiz», onartzen du Aizpuruak. Noizbait olagarroak bi begien artean duen hortzean hozka egitera joan eta aurpegian itsatsita geratzea, gogoan du, baina, bestelakoan, ez du izan estualdi larririk.

Zumaia eta Deba arteko zortzi kilometroko eremua biotopo izendatu zutenetik, ordea, mugatu egin zaie jarduna olagarrozaleei. Izendatzeak berak nahikoa polemika eragin zuen herrian, eta, oraindik ere, zer esana ematen jarraitzen du hainbat arrantzaleren artean. Legearen ondorioekin kritiko da Aizpurua, baina baita olagarrotan ibiltzeagatik ingurua hondatzen dutela egozten dietenekin ere. Haren ustez, benetako kaltea herrian duten «turismo masifikazioak» eta, horren ondorioz, biotopo babestuan ibiltzen den jende kopuruak eragiten du: «Edozein egunetan ikus daiteke 20-30 laguneko taldea Algorriko haitzetan eta inguruetan. Jende horrek guztiak zapaldu eta hondatu egiten du haitza». Olagarroaren arrantza behar bezala eginez gero, animaliaren habitat naturala bere horretan mantentzen dela argi du.

Legearekin kexu

Gaur, Olagarro Egunean, aspaldiko olagarrozaleak elkartu, eta hamaiketakoa egingo dute, ohitura duten bezala. Eguna berezia izango dela ukatzen ez duen arren, ez du zirrara berezirik pizten jaiak Aizpuruarengan. Ez hori bakarrik; «amorraziozko eta aldarrikapenerako egun bat» izango balitz bezala bizi du. Izan ere, egungo legediarekin oso haserre dira herriko olagarrozaleak. Gutxienez 750 gramo dituen olagarro bakarra har dezakete joanaldi bakoitzean. Zentzu gutxi aurkitzen dio horri Aizpuruak: «Ez du zentzurik haitzera jaitsi eta, han hainbat ordu ibili ondoren, olagarro bakarra hartu ahal izateak», ohitura bera galbidera eraman dezakeela ere ohartarazi du. «Gutxienez hiru edo lau olagarro» hartu ahal izatea aldarrikatzen du hark, edota tokikoei bertakoei muga gutxiago ipintzea.

Bigarren hori erregulatzea ez du zaila ikusten, gutxi baitira egun aritzen direnak. Lehorretik ala itsasotik aritzen diren arrantzaleentzat joko arauak desberdinak direla ere salatu du. Hori dela eta, legedia kontraesanezkoa dela uste du: «Guk olagarro bakarra harrapatu behar dugu, eta otarrekin aritzen direnek nahi adina har ditzakete, baita tamaina txikikoak ere». Ondoren, olagarro horiek garesti saltzen dituztela ere salatu du.

Lapurdin bestelakoa da egoera. Tamaina jakin batetik beherako olagarroak harrapatzea galarazita dago, baina, baldintza hori betez gero, ez dago kopuru mugaturik. Horregatik, hegoaldeko olagarrozale asko Lapurdira joaten dira.

Lege aldaketa bat lortzeko aukera urrun ikusten du Aizpuruak. Erregulazioa aldatu edota kontsentsu bat lortzen saiatzeko, anaiekin eta beste zenbait olagarrozalerekin noiz edo noiz hitz egin izan du, baina inoiz benetako formarik ez diote eman kexari. Gaurkoa, alde horretatik, «aldarrikapenerako egun egokia» litzatekeela dio: «Herriaren babesa izango genukeelakoan nago».

BERRIAn argitaratua (2016/09/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA