astekaria 2016/09/23
arrowItzuli

gizartea

'Raka-raka'

Jose Mari Pastor

'Raka-raka' Jose Mari Pastor

Ramon Rubial Eusko Kontseilu Nagusiko presidentea aukeratu eta biharamunean bozketaren kronika argitaratu zuen El Correo Español egunkari (orduan) neguritikoak. Rubial sozialista Ajuriagerra jeltzaleari nagusitu zitzaion diktaduraren ondorengo lehen erakunde autonomikoa zuzentzeko lehia hartan, 1978ko otsailean. Bizkaiko hedabideak EAJren jarraitzaile batzuei entzundako esaldi bat nabarmendu zuen testuan: «Ha ganado España».

Ia 40 urte pasatu dira geroztik. PSE-EEk lehendakari bat izan du Ajuria Enean, baina, tarte horretan izan ezik, boterea EAJren eskuetan egon da. Hala ere, Espainiak irabazten segitzen du. Duela 40 urte bezala. Euskara zergatik ez zuen ikasi galdetu zioten Ramon Rubiali behin. Horretarako denborarik izan ez zuela erantzun zuen euskal sozialisten buruzagiak, «langileak defendatzen» jardun zuelako. Badakizue, euskaldun burges txikiok: langileria edo euskara. Bietako bat aukeratu behar duzue. Ezin biak borroka berean batu.

Duela 40 urte guztiz normala iruditzen zitzaion jende askori euskaraz ez zekien politikari bat bozetan zerrendaburu jartzea. Onargarria. Orain ere bai, zenbait kasutan. Zer egiten du, bestela, Alfonso Alonsok oraingo kanpainan? Euskararen balioa hutsaren hurrena da haientzat. Laura Garrido euskaldunak agerian utzi zuen ETB1 kateak asteartean eskainitako eztabaida saioan. Euskararen aldeko politikak eta kanpainak ez dituzte nazionalistek espero zituzten emaitzak lortu. Horixe esan zuen PPko politikariak. Maddalen Iriarte oldartu egin zitzaion. Arrazoi osoz. Zer emaitza espero zuten euskararen arloan, ba, euren burua nazionalistatzat jotzen ez duten baina eskumuturrean Espainiako bandera daramaten horiek? Euskararen erabilera ez normaltzea, euskarak betiko lekuan segitzea, Kardaberazek aipatutako putzu sakon eta ilun horretan. Erdararen pare, inoiz ez.

PPk inoiz ez du aurkeztu lehendakarigai euskaldunik. Alfonso Alonso zerrendaburua osteguneko saioan agertu zen esan beharreko guztiak esateko. Ez daki euskaraz, eta ez du ikasiko. PSE-EE horrela ibili da orain arte. Sozialistek Idoia Mendia aurkeztu dute. Mendia euskalduna da, baina ez omen da nazionalista —euskal nazionalista ez, behintzat—. Horregatik ez ditu gustuko nazionalistek administrazioan jarritako hizkuntza eskakizunak. Inposizio nazionalistaren isla dira, antza. Eskakizun horiek hor daude, baina bertako langileen %45ek ez dituzte betetzen. Areago: 3.300 postuk ez dute derrigortasunik. Bertan ez da euskara ikasi behar. Argudiatuko dute lanpostu horiek jendearen aurrean ez dauden lagunei dagozkiela. Ezustekoa! EAEko administrazio publikoan 3.300 lagun daude, egunero lanera joan eta inorekin ere harremanik ez dutenak. 3.300 mamu. Ohiko bulego edo sailetatik aparte daude, eraikineko kobazulo ezkutu batean gordeta. Urpeko batean bezala. Nola komunikatzen dira haien lankide euskaldunekin? Ke seinaleen bidez? Uren azpitik?

Euskarak ez du derrigorrezkoa izan behar, borondatezkoa baizik. Raka-raka. Euskararen normalizazioak gizabanakoaren gogoa kontuan hartuz eta errespetatuz baino ez du aurrera egingo. Raka-raka. Ez digute lasai larrutan egiten uzten; telefonoz deitzen digute gau eta egun: euskara askatasunean. Raka-raka. Horixe errepikatzen digute behin eta berriz, erdara derrigortasunean eta inposizioan ikasi behar dela argi utzita, inplizituki. Berrogei urtean egon gara horrela. Ez dugu beste berrogei urtean horrela segitu nahi. PSE-EEko hautagaiak bizikidetza proposatzen digu. Batera du leloa. Batera, bai, baina galdetu gabe batera egon edo segitu nahi dugun. Batera eta kito. Batera inposizioan. Juntos. Por ovarios.

Euskara inposatzen dugu; erdara arbuiatzen omen dugu. Haiek, aldiz, ez dute euskara mespretxatzen. Askatasunean nahi dute. Euskara maite eta errespetatu egiten dute. Baina guk ez dugu lukainka hori irentsi nahi. Begirunea euskarari? PSE-EEk Idoia Mendia aurkeztuko luke lehendakarigai, espainierak ergatiborik balu?

BERRIAn argitaratua (2016/09/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA