astekaria 2016/09/16
arrowItzuli

kultura

Hamar printza, zeru zabal batean

Gorka Erostarbe

Hamar printza, zeru zabal batean

Aurtengoa bereziki oparoa izango da kopuruari eta aniztasunari dagokionez. Orotara, 200 filmetik gora ikusi ahal izango da gaur hasi eta irailaren 24ra bitartean Donostiako Zinemaldian. Sail Ofizialean 25 film ikusi ahal izango dira, eta 17 ariko dira lehian. Euskal produkzioa ere inoizko zabalena da aurten; Zinemira sailean hogei lanetik gora izango da ikusgai. Zabaltegi sailean ere egongo da euskal zinemaren alerik, Koldo Almandozen Sipo Phantasma eta Maria Elorza eta Maider Fernandezen (Las Chicas De Pasaik kolektiboa) Gure hormek, esaterako. Badago zer aukeratua gainerako sailetan ere. Estilo, izaera eta pretentsio desberdineko filmak topatuko ditu begi kuxkuxeroa duenak. BERRIAk 10 filmez osaturiko proposamena egin du; hamar printza baino ez dira zeluloidez beteriko zeru zabal batean.

1. 'AMERICAN PASTORAL'

Zuzendaria: Ewan McGregor. Iraupena: 126 min. Herrialdea: AEBak. Saila: Ofiziala (lehiaketan).

Ewan McGregor aktore eskoziarrak (Perth, 1971) Piliph Rothen American Pastoral nobelan ?Pulitzer saria irabazi zuen? oinarrituriko film honekin egin du debuta zuzendari modura. Bigarren Mundu Gerra osteko AEBetan giroturik dago istorioa. Seymour Levov Swede (Ewan McGregor) jatorri umileko gizona da, baina egun arrakasta lortu du negozioen munduan. 1960ko hamarkadan izandako gizarte eta ekonomia aldaketa bortitzek Swederen bizitza itxuraz lasaia aztoratuko dute. Haren alaba Merry, pentsamendu ezkertiarrekoa, indarkeriazko ekintza bat egiteaz akusatuko dute, eta desagertu egingo da. Swede alabaren bila hasiko da. Baina aurkituko duenak barruak nahasiko dizkio...

Ewan McGregorrek (Perth, Eskozia, 1971) ibilbide luzea du aktore modura, 1993an Being Human filmean estreinaldia egin zuenetik. 1996an sona lortu zuen Trainspotting filmari esker. Big Fish (2003), Star Wars sagako 1.,2. eta 3. ataletan (1999, 2002, 2005), The Ghost Writer (2010), Beginners (2010) eta berriki Miles Ahead filmetan ere aritu da, besteak beste. American Pastoral-en, Jennifer Conelly eta Dakota Fanningekin batera egin du lan.

2. 'EL HOMBRE DE LAS MIL CARAS'

Zuzendaria: Alberto Rodriguez. Iraupena: 123 min. Herrialdea: Espainia. Saila: Ofiziala (lehiaketan).

Alberto Rodriguez espainiarraren film berriak tranpatien eta iruzurgileen istorio bat dakar, egiazko gertaeretan oinarritua. Francisco Paesa, Espainiako zerbitzu sekretuetako agentea izan zen, espioia, beste gauza askoren artean. Askotariko jardueretan aritu zen: bankaria Suitzan, nazioarteko arma trafikatzailea, gigoloa, diplomatikoa, iruzurgilea eta abar. GALekin lotu zuten eta 1995ean, Luis Roldan Guardia Zibilaren zuzendari ohiak (Espainiatik ihes egina zegoen orduan) eta haren emazteak diru-kutxa publikoetatik lapurtutako 1.500 milioi pezeta ezkutatzeko kontratatu zuten. Operazio horretan oinarriturik dago Alberto Rodriguezen filma. El factor Pilgrim (2000), 7 vírgenes (2005), After (2009) eta Grupo 7 (2012) filmen egileak hamar Goya sari eskuratu zituen La isla mínima (2014) filmarekin.

3. 'ELLE'

Zuzendaria: Paul Verhoeven. Iraupena: 130 min. Herrialdea: Frantzia. Saila: Perlak.

Klasifikatzen zaila da Paul Verhoeven zuzendari herbeheretarraren zinema. Zientzia fikzioa ?Robocop (1987), Total Recall (1990)...?, kutsu erotikoko zinema ?Basic Instint (1992), Showgirls (1995)? arrakasta komertzialak eta sarritan kritikaren egurra tartekatu ditu bere ibilbidean. Aldiz, kritikari gehientsuenak ados jarri ditu, aurtengo Cannesko zinema jaialdian aurkeztu zuen Elle lanarekin. Isabelle Huppertek ederki antzezten du bide jokoen enpresa handi bat zuzentzen duen Micheleren rola. Zorroztasunez eta zurruntasunez kudeatzen ditu protagonistak nola bere negozioak hala bere bizitza sentimentala ere. Egun batean ezezagun misteriotsu batek eraso egingo dio bera etxean dela, eta errotik aldatuko zaio bizitza. Michelek bere erasotzailea bilatuko du asmo tinkoz, eta jolas moduko bat hasiko da bien artean...

4. 'NERUDA'

Zuzendaria: Pablo Larrain. Iraupena: 108 min. Herrialdea: Txile - Frantzia - Argentina - Espainia. Saila: Perlak.

Biopic generotik aldendu eta «antibiografia moduko bat» egin du Pablo Larrain zinemagile txiletarrak Neruda-rekin, kritikarietako askok azaldu dutenez. Pablo Neruda poeta txiletarrari buruzko bizitza da ardatz, baina Larrainek beste behin erakutsi du ohiko bideek ez dutela gehiegi erakartzen, eta surrealismo printzez eta edertasun ezohiko batez ondu du filma.

1948. urtea da, eta Gerra Hotza Txilera iritsi da. Pablo Neruda senatariak Alderdi Komunista traizionatzea leporatuko dio gobernuari; Gonzalez Videla presidenteak, ondorioz, forua kenduko dio. Poliziaren prefetari, Oscar Peluchonneauri, poeta atxilotzeko aginduko diote ikerketa. Neruda herrialdetik ihes egiten ahaleginduko da, bere emazte Delia del Carril margolariarekin. Bitartean, Europan, handituz doa Polizia jazarri zaion poetaren legenda, eta artistek, Pablo Picasso buru dela, ozen eskatzen dute haren askatasuna.

5. 'I, DANIEL BLAKE'

Zuzendaria: Ken Loach. Iraupena: 100 min. Herrialdea: Erresuma Batua - Frantzia - Belgika. Saila: Perlak.

Ken Loach da Cannesko zinema jaialdiko Urrezko Palmorria bi aldiz irabazi duten zuzendari bakanetako bat. 2006an irabazi zuen len aldiz, The Wind That Shakes the Barley filmarekin, eta aurten bigarrengoz, I, Daniel Blake lanarekin. Errealismo soziala lantzeagatik nabarmendu izan da Loach, eta bide horri heldu dio azken lan honetan ere. Daniel Blakek, 59 urteko arotz ingeles batek bihotzeko arazoak ditu, eta, bizitzan lehenengoz gizarte laguntzak eskatzeko premian ikusiko du bere burua. Enplegu bulegoetarako bere joan-etorrietan, Danielek Katie ezagutuko du, bi umeren ama ezkongabea. Katiek bere hiritik 450 km-ra dagoen etxebizitza bati baiezkoa eman behar izan zion, harrera etxe batera eraman ez zezaten. Erresuma Batuko zentzugabekeria administratiboen preso, Daniel eta Katie elkarri laguntzen saiatuko dira.

6. 'FUOCOAMMARE'

Zuzendaria: Gianfranco Rosi. Iraupena: 108 min. Herrialdea: Italia - Frantzia. Saila: Perlak.

Fuoccomare lanak Urrezko Hartza irabazi du aurtengo Berlinalen. Samuelek 12 urte ditu, eta uharte batean bizi da, itsasoaren erdian. Eskolara joaten da, tiragomarekin jolasean ibiltzen da, eta ehizan egiten du. Lehorrean egitekoak diren jolasak gustuko ditu, nahiz eta bera bizi den lekuan dena itsasoaren inguruan mugitzen den; itsasoaren inguruan, eta uhartera heltzeko itsaso hori zeharkatzen saiatzen diren gizon, emakume eta haurren inguruan. Samuela ez baita uharte arrunt bat. Lampedusa da, Europako mugarik sinbolikoena, azken hogei urteotan milaka immigrantek askatasun bila zeharkatu duten muga. Gianfranco Rosi (Armara, Eritrea, 1964) zinemagile italiarrak El Sicario-Room 164 zuzendu zuen 2010ean. Lan harekin Fipresci saria irabazi zuen Venezian, eta urteko dokumental onenaren Doc / It saria. 2013an, Sacro GRA dokumentala egin zuen, Urrezko Lehoiaren irabazlea Venezian.

7. 'SIPO PHANTASMA'

Zuzendaria: Koldo Almandoz. Iraupena: 69 min. Herrialdea: Euskal Herria. Saila: Zabaltegi.

Ordubeteko itsas bidaia bat, zinemagile banpiro baten saiakera metafilmikoa, film fantasma bat. F. W. Murnau eta haren Nosferatu filma; Bram Stockerren, Florence Balcomberen eta haren mutil-lagun Oscar Wilderen arteko maitasun hirukotea. Naufragio ezagunak, itsasontzi batean emandako oporrak. Historiari eta zinemari buruzko gogoetak. Fikzio gotikoa, errealismo dokumentala eta bideo-saiakera. Eta erdigunean, Drakula nobela...

Rotterdamgo zinema jaialdian estreinatu zuen Koldo Almandozek (Donostia, 1973) Sipo Phantasma filma. Bere lehen lan luzea du ?nahiz eta ordubete eta hamar minututik ez den pasatzen?, baina, horregatik, ez da makurtu narrazio molde estandar batera eta ez dio muzin egin bere esperimentazio joerari. Zinema areto komertzialetan ikusteko aukerak urriak izango dira ziur aski, beraz, Zinemaldia aukera aproposa eta bakanetako bat gerta liteke Almandozen lan hau ikusi nahi duenarentzat.

8. 'VOYAGE À TRAVERS LE CINéMA FRANÇAIS'

Zuzendaria: Bertrand Tavernier. Iraupena: 190 min. Herrialdea: Frantzia. Saila: Zabaltegi.

Zinema maite du Bertrand Tavernierrek. A Personal Journey with Martin Scorsese Through American Movies haren ildotik, Frantziako zinemaren inguruko hurbilketa zorrotz eta pertsonal bat aurkezten du egile frantziarrak; bere bizitzan gehien gustatu zaizkion film, zuzendari, konpositore eta abarren ingurukoa. Jean Renoirretik hasi eta Claude Sautetera, Henri Decoinetik Jacques Beckerrera... eta tartean, Trançois Truffaut, Jean-Luc Godard, Louis Malle eta beste hainbat zinemagile.

Frantziako zinemaren maisu handienetakoa da Tavernier bera, eta harreman oparoa izan du Donostiako Zinemaldiarekin. 1999an atzera begirako ziklo bat eskaini zion jaialdiak, eta urte hartan bertan epaimahaiburua izan zen.

9. 'LA REGIóN SALVAJE'

Zuzendaria: Amat Escalante. Iraupena: 100 min. Herrialdea: Mexiko Saila: Horizontes Latinos.

Igaro berri den Veneziako zinema jaialdian zuzendari onenaren saria eskuratu du Amat Escalante mexikarrak La región salvaje filmari esker. Filmak kritika onak eskuratu ditu, zientzia fikzioa eta errealitatea, umorea eta drama nahasteko dituen moduagatik. Emakume gazte misteriotsu bat da protagonista; ziur da naturaz gaindiko zerbait izan litekeela bere arazo guztien erantzuna. Sexua eta maitasuna hauskorrak izan daitezke lurralde jakin batzuetan, oraindik familia balio indartsuak, zurikeria, homofobia eta matxismoa bizirik diren lurraldeetan...

Amat Escalanteren (Guanajuato, Mexiko, 1979) laugarren filma da. Hamabost urterekin hasi zen zinema egiten Escalante, modu autodidaktan hasi ere. Lehen film luzea, Sangre (2005), Un Certain Regard sailean aurkeztu zuen, Cannesko zinema jaialdian, eta Fipresci saria irabazi zuen. Bigarren film luzearekin ere (Los bastardos, 2008) parte hartu zuen sail berean. Heli (2013) hirugarrenarekin zuzendari onenaren saria lortu zuen jaialdi hartan. Orain artean bere filmek errealitateari begirada gordina eskaini diote.

10. 'IGELAK'

Zuzendaria: Patxo Telleria. Iraupena: 97 min. Herrialdea: Euskal Herria. Saila: Zinemira.

Patxo Telleriak (Bilbo, 1960) zuzendutako hirugarren lan luzea da Igelak. Egileak berak adierazi duenez, «pertsonak zeken jaiotzen diren, eta behin hala jaiota betirako diren zeken, edota baldintzek behartuta bihurtzen diren horrelakoak da filmak egiten duen galdera nagusia». Pello, banku sukurtsal bateko zuzendaria, delitu ekonomikoengatik atxilotu dute. Kartzela saihesteko ihes egingo du. Patuaren kapritxoz etxegabetuen elkarte batek okupaturiko etxe batean aurkituko du babesa. Pellok bere kide berrien konfiantza bereganatuko du. Bere asmoa: dokumentazio faltsua lortzeko eta atzerrian bizitza berri bat hasteko behar duen dirua lapurtu nahi die. Dozenaka antzerki lan eta telebistarako telesailetako gidoiak idatzi ondoren, Hodeiak pintatzeko makina (2008) lehen film luzea idatzi eta zuzendu zuen Aitor Mazorekin batera. Harekin batera zuzendu zuen Bypass (2012) bigarren lana ere. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten eta Michigango (AEB) Traverse City zinema jaialdiko komedia onenaren saria irabazi zuen.

BERRIAn argitaratua (2016/09/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA