astekaria 2016/09/16
arrowItzuli

iritzia

Titiak

Onintza Enbeita

Titiak Onintza Enbeita

Telebistako plato berrian oso altu jarri digute mahaia. Taburetearekin aurrera eta atzera nenbilela, ondokoak ea zein arazo nuen galdetu zidan. Hara, esan nion, titi handiak ditugunontzat mahai altu hauek deserosoak dira ze, posturaren arabera, titiak mahai gainean gelditzen dira, eta oso irudi eskasa da. Barre egin zuen. Gizon heterosexualen artean, asko baloratzen omen dira irudi horiek. Esan nion azkenaldian kontatu didatenez neska lesbianen artean ere hala omen da.

Eta ni bizitza guztian titiak kokatu ezinik. Hamabi urterako handiegiak ziren. Hogeita birekin erortzen hasi ziren grabitatea deitzen dioten zera nazkagarri horren erruz. Harrezkero sujetadoreetan gastatu dudanarekin, telebistako platorako nire neurriko mahaia erraz erosiko nuke. Hamasei urterekin, bertsotan paparra aterata kantatu behar dela esaten ziguten, eta nik ezin gehiago atera berez hain aterata zegoena. Hogeita seirekin Hitzetik Hortzerako irudietan txapelketako logoa baino gehiago nire titiak ikusten zirela esan zidaten. Ez dakit, inoiz, hain zapalduta sentitu naizen.

Mozolo galanta ni elkarrizketak egiten nizkien gizonak begietara begiratzen zidatela pentsatzen nuenean. Amerikano bat elkarrizketatu nuen behin Bilboko hotel batean. Ordubete osoa eskotera begira pasatu eta gero, Ameriketara joaten naizenean berari deitzeko esan zidan. Txartel bi eman zizkidan: lanekoa eta pertsonala. Ez nuen jakin zer egin: txartelak neuk hartu ala titien arteko erretenean berak sartzea eskaini. Ordurako biluzik nengoen haren begien aurrean.

Tamainak ez duela ardura esan didate askotan: beti gizonez ari zirenean. Kontu honetan ere, ez ote den desberdina gizona ala emakumea izatea. Batzuentzat tamaina harrotzekoa den artean, besteongan ez ote den gehiago zapaltzeko, estutzeko, konplexua sorrarazteko, sexualizatzeko, inteligentziari lekua kentzeko... aitzakia.

BERRIAn argitaratua (2016/09/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA