mundua
Lampedusa: ispilu bat ur gainean
Ainara Gurrutxaga
Agertoki bihurtua
«Lampedusa antzoki erraldoi bihurtu dute», dio Fabrizio Fasulo, Lampedusako Askavusa kolektiboko kideak. «Europak bere buruaz erakutsi nahi duena agertu behar da hemen: Afrikatik datozen migratzaile gaixo eta ezgaituak gizatasunez biltzen dituen herria. Militarrak, politikariak, GKEak, denak antzezpen horren parte dira». Ezagun ugarik parte hartu dute: 2011n, Silvio Berlusconik Tunisiatik uhartera iritsitako 10.000 pertsona bueltan bidali zituen hiru transatlantiko erraldoitan, eta iragarri zuen lampedusarrak Bakearen Nobel sarirako aurkeztuko zituela. 2013an, Frantzisko I.a aita santuak meza handi bat eman zuen bertan, eta aurtengo udaberrian Richard Gere aktore estatubatuarrak egin du bisita migratzaileen harrera zentrora: «Familiarteko giroa topatu dut barruan».
Hainbeste izarren argiek beste errealitate bat ezkutatzen dute, ordea: krisiaren aitzakian, eta gizatasunaren bandera eskuan, guztiz militarizatzen ari dira uhartea. Zona militare kartelez josita daude lur eremuak. Egun, Italiako armadak, Guarda di Finanzak, kostazainek, carabinieriek, Poliziak, Frontexek —EBko kanpo mugak zaintzeko agentziak— eta NATOk dute egoitza. Gerra elektroniko eta aireko operazioetarako erabiltzen diren zortzi radar handi ere badaude. Herritarrak bereziki kezkatzen dituen kontua da hori, euren agintariek ez dietelako haien gaineko inolako informaziorik ematen, eta osasunarentzat kaltegarriak izan daitezkeela uste dutelako.
Lampedusaren ispiluak beste errealitate itsusi bat erakusten du: migratzaileen harrerarako zentroa, hotspot deitutakoa, berez kartzela bat da. Lehen harrera eta sailkapen gune izateko eraikia izan zen, eta, legez, 72 orduz atxiki ditzakete bertan etorkinak. Baina gehienek bizpahiru hilabete ematen dituzte, sistemaren funtzionamendu txarra dela medio. Kanpotik ezin du inork sartu —kazetaririk ez da sekula egon—, eta bertan daudenek hesietan eginiko zulo bat erabiltzen dute herrira joateko, legez ezin baitituzte atxiki. Uda sasoian, ordea, ez diete herrira joaten ere uzten. Zentroan lan egiten duen mediku batek —bere izena ez agertzeko eskatu du— garbi hitz egin du baldintza txarrei buruz: «Tratua ez da gizatiarra, eta eraikina oso baldintza txarretan dago».
Errefuxiatuen egoera
Lampedusan zaila da errefuxiatuekin zuzenean hitz egitea; gauez, bi itsasontzi iritsi dira portu militarrera Libiatik, 250 migratzailerekin. Militarrek maskaraz eta jantzi babeslez estalita ontzitik jaitsarazi dituzte. Argazkiak atera dizkiete, eta itsasontzia fumigatu dute. Autobusetan sartu dituzte, eta eraman. Dena errutina ernegarri batean. Egun, mila migratzaile daude zentroan, gehienak Eritreakoak, Gambiakoak, Nigeriakoak eta Sudangoak. Denentzako lekurik ez dago, eta askok zerupean egiten dute lo. «Zentrora iritsi bezain laster, Frontexeko zaintzaileek kaleko arropaz jantzita galdeketa egiten diete. Gero, inkesta bat betearazten diete, arrazoi ekonomikoengatik datozela sina dezaten. Jakin gabe, euren deportazioa sinatzen dute», esan du medikuak.
«Hemendik Italiako beste gune batera eramaten dituzte», azaldu du Mediterranean Hope erakundeko Alberto Mallardok. «Gehienei, migratzaile ekonomiko direla argudiatuta, gutun bat emango diete zazpi egunean lurraldea utzi behar dutela esanez. Besteek urtebetetik bi urtera itxaron beharko dute asilo eskaera onartu arte. Epe horretan ezin dute ez lanik egin, ez ikastarorik jaso... Beraz, gehienek sistematik ateratzea erabakitzen dute, eta legez kanpoko gisa bizitzea. Sistemari hori interesatzen zaio, haien ardura ez hartzeko».
Hilabete honen amaieran, RAI telebista publikoak Lampedusa izeneko telesaila estreinatuko du. Italiar antzezle ezagunek jokatuko dituzte rol nagusiak, eta legez kanpoko migraziori buruzko fikzio gisa aurkeztu dute. Berriz ere, uhartearen antzezlanaren ikusle pasibo bihurtuko dira lampedusarrak. Ispilu jokoa.